Gaizka Salazar: “Abesti onak daude eta horregatik daude bestetan baino gutxiago”

bertonaldizkaria 2014ko aza. 13a, 09:42

Santutxuarraren Gatibu musika taldeak ‘Euritan dantzan’ seigarren diskoa kaleratuko du abenduaren 7an, taldeak berak eta Panda Artistek ekoitzitakoa. Durangon lau egun emango dituzte taldekideek azken lana saltzen.

Disko berria argitaratu bitartean, azaroaren 5ean Gatibuk disko berriaren azala eta lan berriari izena ematen dion singlea ezagutzera eman zituen. Musika Eskolatik irten berritan hitz egin du BERTONek Gaizka Salazar bateria-jotzaile eta aldizkariko kolaboratzaile izandakoarekin. Irakasle lanak bukatu berritan, burua bateria hotsez beteta duela erantzun die Gaizkak gure galderei.

Zer dago ‘Euritan dantzan’ diskoaren baitan?

Sei kantu eta bertso bat. Rock diskoa da, aurrekoa ere horrela bataiatu genuen. Abesti bat, singlea, alaia eta dantzagarria da. Gainontzekoak rock abestiak dira, Gatiburen estilokoak. Zaila genuen aurrerapausoak ematea, baina lortu dugu. Abesti onak daude eta horregatik daude bestetan baino gutxiago.

Eta bertsoa, zergatik?

Gitarraz lagundutako bertsoa da. Gure taldeaz hitz egiten du. Zuzenekoetan bertsoak sartzen ditugu, eta diskoan ere hori islatu nahi izan dugu.

Erraz irten zaizue seigarren diskoa?

Normalean astiro egiten dugu lan, baina etenik gabe. Diskoko abestiak atzetik datoz. Haimarrek ekartzen ditu ideiak, su baxuan prestatuta, eta forma hartzen doaz osatu arte. Bi kantu atera ditugu udatik hona, besteak atzetik datoz.

Baga Biga disketxea utzi eta zuek hartu duzue diskoaren ekoizpenaren ardura. Zergatik?

Ez dugu rollo txarrik izan Baga Bigarekin. Beharrizana sentitu dugu airez aldatzeko, Gatibuk bere kasa egin dezakeena ezagutzeko, gauza berriak egiteko eta aurkitzeko, eta horretarako funtzionatzeko beste era bat behar genuen. Diskoa biren arteko ekoizpena da, Gatiburena eta Panda Artist Managementena -Berri Txarrak taldearen berbera-.

Eta zer dio jendeak Gatiburen egiteko modu berriari buruz?

Lagunei ipini diegu diskoa, eta denek esan digute oso ona datorrela. Guk ere uste dugu harrera ona izango duela.

Zuen ekoizpena bada Durangoko Azokan zuek saldu beharko duzue?

Durangon ez dugu beste aukerarik izango, han egon beharko dugu lau egunetan ahalik eta salmenta gehien lortzen. Han egotea salmenten igoeran nabarituko da. Gainera, hiru formatutan eskuratu ahalko da diskoa: CD, binilo eta USB fomatuan.

Abenduaren 7an diskoa aurkeztu ostean zein asmo duzue?

Abendurako lau kontzertu lotuta dauzkagu jada eta urtarrilerako bi. Lehenengoz Euskal Herrian ibiliko gara batean eta bestean eta otsailean edo martxoan Madrilen eta Bartzelonan diskoa apur bat mugitzen hasiko gara, oraindik gazteak gara eta.

 

www.gatibu.net