Energia eredu berriztagarriagoa eta herritarragoa sustatuko du Goienerrek Santutxun

uriola.eus 2014ko aza. 18a, 09:05

Goiener irabazi asmorik gabeko energia kooperatiba herritarra da, %100 berriztagarria den elektrizitatearen eskaera areagotuz eredu energetikoa aldatzearen alde diharduen lantaldea. Gaur, asteartea (19:00), batzar irekia egingo du Santutxun.

Kontsumo arduratsua sustatzea dute helburu Goienerreko kideek, kontzientziazio eta informazio ekintzak eginez. Eta energia bezalako "oinarrizko ondarea berreskuratzeko" gakoa "herritarren eskaera bideratzea" da kooperatibisten aburuz. Hori lortzeko, besteak beste, Goienerrek bere bazkideei %100 berriztagarria den elektrizitatea saltzen die.

Kooperatiba herritarra den aldetik, berdinen artean lan egin eta erabakitzen dute, bazkide bat boto bat delako, tokiko garapen ekonomikoaren alde.

2012an hasi zuten kooperatiba-ibilbidea, eta, egunez egun, bazkide gehiago dira. 2014ko irailean, dagoeneko 2.000 bazkide ziren (187 bilbotarrak), eta erronkatzat dute herritar, enpresa txiki eta entitate publiko gehiagorengana iristea.

Goiener erakunde apartidista da, egungo sektore energetikoaren ereduari alternatiba bat eskaintzeko lagundu nahi duten gizarte eragile eta eragile politiko orori irekia.

Gaurko batzar informatiboa, Santutxuko Karmelo elizako lokaletan (Landaburu baserriaren kaleko sarreran) izango da, 19:00etan. Metroko Karmelo kaleko igogailuko irteeratik oso hurbil.

 

Informazio gehiago: Goiener