Josune Barrenetxea: “Lan asko dago egiteko euskarak bere lekua izan dezan”

bertonaldizkaria 2014ko abe. 16a, 09:46

Argazkiak: Iñigo Azkona

Karmelo Ikastolak 25 urte bete zituenean hasi zen Josune Barrenetxea bertan irakasle lanetan eta 50 urte betetzean zuzendari da. Ilusioz eta gogotsu egiten die aurre erronka berriei.

Nola egiten dio aurre Karmelo ikastolak mende erdiari?

Ilusio handiz. Azken urteak oso latzak izan dira, eta aurten erronka berria dugu eta, gainera, 50 urte betetzen ditu ikastolak. Urte hau oso berezia da zeren kasualitatez bere historia luzean urrats berri bat eman du, Ikastetxe Publiko Integrala (IPI) gara joan den irailetik. Sortu zenetik ikastolak juridikoki hainbat egoera pasa izan ditu eta aurten, 50 urte betetzen dugunean, beste izaera juridiko bat dugu.

Hortaz, Hezkuntza eskaintza inoiz baino zabalagoa da.

Horrela da. Familiek ikastola sortu zenetik izan ditu ardatz batzuk. Bata izan da euskara; euskararen ezagutza eta erabilera sendotzea, beti auzoan txertatuta. Auzoa euskalduntzeko sortu zen. Sortzaileek argi esan dute euren seme-alabei euskara ikasteko irakaskuntza baino, euskaraz egiteko irakaskuntza emateko sortu zutela ikastola. Beste erronka bat izan zen sare publikotik egitea euskalduntze hori, eta hori ere bere garaian bete genuen. Hirugarren bat, DBH sortu zenetik, ikastolak ziklo hori ere bere gain izatea izan da. Hori aurten bete dugu. 50 urte hauetan ikastola joan da zabaltzen eta izandako helburuak betetzen pixkanaka-pixkanaka lan handiarekin. Bidea oso gogorra izan da denontzat.

Zergatik?

Une oso gogorrak izan ditugu. Sortzea ez zen erraza izan era ilegalean sortu zelako. Barrurako eta kanporako, administrazioari begira, egiten zutena oso ezberdina zen, esaterako bandera espainola eta beste hainbat gauza. Ikasleek bazekiten ikuskatzailea zetorrenean Cara al sol kantatu behar zutela. Beste une gogor bat apurketa izan zen. Hemengo familia batzuk urteak aurrera egin ahala beste bide bat egin nahi izan zuten, eta apurketa bat egon zen; hor Kirikiño ikastola sortu zen. Publifikazio garaia ere oso une latza izan zen kolektiboarentzat, kooperatiba sare kontzertatutik sare publikora pasatzean ekarri zituen beldur eta kezkengatik. Beste une gogor bat izan zen gure 7. mailakoak Solokoetxera DBHra joan behar izan zutenean. Ikastolako kolektiboak nahi zuen bat egitea, baina ez zuen lortu.

Eta orain dela gutxi, azkena.

Eraikin berriaren beharrizanean oinarrituta planteatu zigutenean fusioa alboko eskolarekin, hori ere latza izan zen. Azkenean hemen gaude, eraikin berri izugarri batean. Derrigorrezko hezkuntzako hiru etapak ematen ditugu eta Karmelo Ikastola izaten jarraitzen dugu, ahaztu gabe nondik datorren, zertarako sortu zen, eta aurrera begira.

25, 30 eta 40. urteurrena ospatu duzue eta orain mende erdia ospatzea dagokizue.

Urrezko ezteiak ikasturte osora zabalduko ditugu garrantzia emateko, oso zenbaki borobila delako eta ideia asko dauzkagulako. Gaur egun ditugun familia batzuk badakite, ikasle ohiak direlako, ikastola zer den, baina beste familia asko ditugu gure artean ez dutenak bizi izan ikastolak zer suposatzen duen. Nahi dugu hori zabaldu bai irakaslegoaren artean, irakasle berri asko ditugulako, bai familien artean. Orduan pentsatu genuen ikasturteari helburua jarri behar geniola eta helburuetariko bat, urteko planean sartu duguna, 50. urtearen ospakizuna da. Pentsatzen hasi ginenean nola egin zitekeen argi eduki genuen ikasturtea izango genuela erreferentetzat, une desberdinak izango zituela, eta gauza batzuk barrura begira eta beste batzuk auzora begira egingo genituela.

Abenduaren 3a izan duzue ospakizunen abiapuntu. Zergatik?

Argi genuen guztiok hasierako sortze helburura jo behar genuela, euskarara, eta horregatik hautatu genuen Euskararen Eguna. Gure irakasle jubilatuak martxan jarri genituen, pentsatzen, eta oso lelo polita ekarri ziguten. Geroa, euskaratik eta euskaraz, eta gure egin genuen. Esaldi horrekin borobildu nahi izan dugu 50 urteurrena.

Txupinazoa bota zenuten abenduaren 3an. Zer gehiago egin zenuten?

Goizeko bederatzietan guraso talde batek pankarta erraldoi polit bat fatxadako goialdetik zabaldu zuen. Txalaparta, adarra, txupina eta ikastolako kanta ere entzun ziren. Gero, ikastola barruan jarraitu genuen urteroko ekitaldiekin.

Hurrengo eginbeharrekoak zeintzuk dira?

Ikasle ohiak nahi dutugu aktibatu. Ideiak baditugu. Belaunaldi arteko herri kirolak antolatu nahi ditugu, topaketa batzuk... Etor daitezela ikusten gaur egun ikastola zer den eta non gauden.

Argazki zaharren bilketa abiarazi duzue.

Argazkiekin hemeroteka bat sortu nahi dugu ikastolak bere historian bizitako une ezberdinekin. Gehien bat gaur egungo belaunaldiei erakusteko zelako ikastola, zelako auzoa, zelako ikasleak izan diren. Argazkiak idazkaritzara ekar daitezke, eposta bidez bidali edota Facebooken elkarbanatu. Helburua da bildutakoarekin erakusketa bat eta unitate didaktiko bat sortzea.

Ideia faltan ez zaudete.

50 urteurreneko kantua egitea nahi genuke eta lipdub bat, udaberrian. Horretarako lantaldeak ipini ditugu martxan. Jai handi bat ere antolatuko dugu bazkari, bertso, dantza, kontzertu eta guzti. Hori ere udaberri bueltan. Gazteei begira eta auzoari begira ere zer edo zer egin nahi dugu.

Kromo bilduma sortzekoak zarete.

Ez dira erosteko kromoak izango, irabaztekoak baizik. Euskararen erabilerari lotuta irabazi beharko dituzte ikasleek kromoak. Nahiko genuke kromoen elkartrukea sustatu eta bide batez ahozkotasuna landu. Familiak inplikatzeko era ere bada.

Zer gertatu da Santa Martako trenarekin?

Oztopo asko izan ditugu. Barruan ez zen sartzen, kanpoan ere egurrezkoa zenez busti eta hondatu egingo zen. Gainera, desmuntatzean apurtu egiten zen. Azkenean, Santa Martan utzi genuen.

Zer diote ikastolako sortzaileek ikastola berriari buruz?

Bisitetako batean negarra ateratzen zitzaien, hunkituta zeuden. Ez zuten espero ikastolak merezi duen etxe bat izango zuenik. Lehenengoz fraileek utzitako leku baten, gero lokal txiki-txiki baten... Menendez y Pelayo kalera leku aldatu zirenean kristoren ikastola zela pentsatzen zuten.

50 urtetan iraskaskuntzak ere zelako buelta eman duen.

Benetan, baina oraindik erronka handiak ditugu, ez pentsa hemen dena irabazita dagoenik. Duela 50 urte euskal curriculum batean pentsatzen zuten eta gaur egun hor gaude, oraindik ez dugu lortu, horretan gaude 50 urteren ondoren. Bai, euskaraz ikas dezakete gure ikasleek, baina euskal curriculum hori lotuta ez dugu. Materiala euskaraz badago, baina asko itzulita bidaltzen digute.

Lana eginda dagoela uste du jendeak?

Familiek egintzat ematen dute, 'lortu  dugu' pentsatzen dute, baina oraindik asko egin behar da hemen benetako normalizazioa nahi badugu. Hori da guri orain zabaltzea dagokiguna ikastolako kolektiboan. Dena eginda ez dagoela, oraindik bide luzea dagoela, lan asko dagoela egiteko euskarak bere lekua izan dezan gaur egungo Euskal Herrian.

Zenbat urte daramazu ikastolan lanean?

25. urteurrenean sartu nintzen eta 25 urte pasata hemen nago.

Zelako lana da zuzendariarena?

Zuzendari izendatu nindutenean joan den ekainaren amaieran oso gogorra izan zen, besteak beste, ez nuelako espero. Eskerrak eman nahi dizkiet nirekin zuzendaritza taldea osatzeko proposamena onartu zutenei. Pasatako une gogorrak hor daude, baina ez dugu atzera begiratu nahi, gu aurrera begira gaude. Gainera, ilusioz hartu dugu erronka berria. Badakigu lan asko dugula egiteko, baina gogotsu gaude aurrera egiteko. Gu gara urte gehien daramagunak, eta guri dagokigu hori bideratzea.

Zerk ematen dizu poza?

Aurten urte bikoen gelan ikasleen erdiak baino gehiago gure ikasle ohien umeak dira, eta hori guretzat poz handia da. Hori nahi dugu Karmelorako, ikastolako oroitzapen onak dauzkatenen seme-alabei lekua egitea.

 

 

karmeloikastola@gmail.com

www.facebook.com/groups/KarmeloIkastolaIkasleOhiak