Euskara inoiz baino ozenago Santutxuko plazan

uriola.eus 2015ko mar. 9a, 09:54

Udaberri bueltan, eta bi urtero Korrikaren bezperan, Santutxu eta Txurdinagako auzotarrek ahalegin berezia egiten dute euskara plazara ateratzeko eta ozen oihukatzeko. Aurtengo mezua bateratua da: euskAHALdun!

Hamabost urte daramatza martxan Txurdinaga-Santutxuko Euskararen Asteak. Urteetan lana egin du eta, bolada hobeak eta okerragoak pasa arren, beti atera du egitaraua aurrera. Momentu honetan “giro oso ona dugu”, diote taldekideek. Lan-talde txikietan egite dute lan, talde bakoitzari bere zereginak ezartzen zaizkio eta batzarretan zeregin horiek batzen eta koordinatzen dituzte. “Konpromisoa eskatzen du”, diosku Maiderrek, baina “elkarren arteko giro onak eta, egun batez bada ere, nahiz eta presentzia beti eduki beharko lukeen, euskarak oihartzuna izateak” ondo justifikatzen du. “Hori eta gehiago merezi du”. Izatez, auzo euskalduna dena, “indartzen laguntzen saiatzen gara eta atseginez aritzen gara”.

Urtero bezala aurten ere egitarauan ohiko ekintza batzuk errepikatzea erabaki dute, “oso ondo baloratuak izan direlako”. Esaterako, dantzari eguna, eskolen arteko play back txapelketa, Santutxu Kantari edota koadrilen eguna. Horrez gain, “ohiturak jarraituz”, beti saiatzen da lan-taldea ekintza “ikusgarri bat” egitarauan txertatzen. Iaz flashmoba izan zen, duela bi urte lipduba, eta aurten ‘Bizikleta erronka’. “Euskara eta kirola era batera edo bestera lotzea” dute xede. Ekimen “jendetsua, ikusgarria eta alaia” antolatzea.

Martxoaren 13koa berezia izango da. ‘Egin eta eragin 240 minutuz Santutxu euskahaldundu’ leloa hautatu dute erronka handirako. 17:00etatik aurrera, 240 minutuz auzokideak txandaka bizikleten pedalei etengabe eragiten egotea da erronka, “euskaraz bizi nahi dugula adierazteko”. Hau da, Santutxu erdigunean kokatuko diren bizikleta estatikoen gainean lau orduz, etenik gabe, pedalkadak ematea. “Euskararen aldeko pedalkadak ematen arituko gara”, Aritzaren hitzetan. “Bizikleta gainetik euskararen alde ahalik eta pertsona gehien pasatzea lortu behar dugu. Bi minuturo hiru pertsona pasako dira, gutxienez. Beraz, jendetza espero dugu”. Horrezaz gain, “mota askotako ekintzez osatutako egitarau zabala antolatuko dugu, besteak beste aerobica, salsa ikastaroa eta bertsolariak”.

Urtero azarotik martxora hainbat bilera egiten dituzte Euskararen Asteko kideek egitaraua zehazteko. Aurten, iazkoa hobetu nahian, “hainbat ideia atera ziren”. Balorazioa egin eta gero, ‘Bizikleta erronka’ atera zen nagusi. Maiderren esanetan, “Euskaldunak beti omen gabiltza deman eta euskararen alde ere zergatik ez ahalik eta jende gehien bilduko duen ekimen erraldoiaren aldeko apustua egin”.

Taldea, esan bezala, hainbat elkarte eta norbanakok osatzen dute: ikastetxeetako ordezkariek, zenbait guraso elkarteetako kideek, auzoko eragile ugarik (koadrilak, koroa, Gaztedi, Santutxuko AEK, Ximelgorri…) eta maila pertsonalean parte hartzera hurbiltzen diren lagunek.

Denen mezua honakoa da: “Euskararen alde egunero lan egin arren, bizikleta gainean jarri eta aldarrikapen indartsu baten parte izan nahi baduzu, hurbildu martxoaren 13an, arratsaldean, Karmelo kalera eta bizikleta gainean eragin pedalei, euskarak hori baino gehiago merezi du eta”.