Bata Egunkari plazakoa. Bertan Santutxuko gau eskolan duela 50 urte euskarazko klaseak ematen hasi ziren hiru irakaslek jasoko dute lekukoa: Joseba Arrieta, Patxi Uribarren eta Martin Basterrak. Hurrengo kilometroan, Ritxi Plazan, euskara ikasten hasi ziren lehen bost ikaslek jasoko dute lekukoa: Ameli de la Fuente, Karmele Ginea, Garbiñe Aldai, Gotzon Aldana eta Juanjo San Sebastianek.
Santutxuko Korrika Batzordea orduko ikasle eta irakasleekin harremanetan jarri da. "Denak bizirik daude, eta denek onartu dute gonbita", adierazi dio URIOLAri Joseba Basterra batzordekideak. Batzuk korrika egiteko moduan ez badaude ere, igandean, martxoak 29, 10:30etatik aurrera Santutxun Korrikaren zain egongo direla iragarri dute.
Santutxuko euskal eskolak 50 urte
Gau eskola edo euskal eskola duela 50 urte sortu zen Santutxun. Gero Santutxuko AEK euskaltegia bilkatu zen. Mahatserriko BERTON aldizkariko 163. zenbakian, Alberto Ugartek hitz hauek erabili zituen eskola hartako kideak omentzeko: "Eskola sortzeko adorea izan eta hainbat alorretan euskararen hazia erein ebenei eskaini gura izan deutsegu argazki zahar hau. Garai latzak izan arren, alkarregaz aurrerapausoak emoten jakin eben. Argazkian ezagun asko topako dozue: Aita Patxi, Akaiturriaga, Arrieta, Basterrak, Bilbao… AEKren 25. urteurrenean hartu zan argazkia duela ia 25 urte. Kontuak atara gero".