Sabin Bikandi Max sarietako finalista da 'Gelajauziak' ikuskizuneko musikagatik

uriola.eus 2015ko mai. 12a, 10:15

Sabin Bikandi musikari, musikagile eta moldatzaile santutxutarra da, heldu den astelehenean, maiatzak 18, Bartzelonan ospatuko den Arte Eszenikoen Max Sarien galako finalistetako bat. Bikandik musika-konposiziorik onenaren saria irabaz lezake Kukai dantza konpainiaren eta Cesc Gelabert koreografo katalanaren 'Gelajauziak' ikuskizunerako landu duen partituragatik, eta ikuskizunak berak ere golardoa jaso lezake artista-zerrenda onenaren kategorian. Partitura lantzen Xabier Erkizia musikariak ere parte hartu du.

Epaimahaiak Max Sarien 22 kategorietako finalisten behin-betiko zerrenda ezagutarazi berri du. Hauxe da Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiak (SGAE) Broadwayko (AEB) Tony, Erresuma Batuko Olivier eta Frantziako Molière sarien ereduari jarraiki eratutako golardoen XVIII. edizioa. Irabazleak lankideek berek aukeratzen dituzte, isilkako bi bozketaz osatutako prozesu baten bidez.

Finalistak 111 ikuskizunen artetik aukeratu dira, eta hautaketa hori Carlos Gil buru duen epaimahai batek egin du, Guillermo Heras, Joan Muñoz eta Liz Perales tarteko direla, baita Madrilgo batzordeko presidentea –Salvador Enriquez–, Kataluniakoa –Mar Gomez– eta gainerako hamabost autonomia erkidegoetakoa –Susana Herreras– ere. Irabazleak astelehenean aldarrikatuko dira, maiatzak 18, Bartzelonan antolatuko den gala berezi batez. Hauxe da, Arte Eszenikoen arloko aintzatespenik prestigiotsuena Estatu espainiarrean.

Sabin Bikandi, Xabier Erkiziarekin batera, ikuskizun eszenikorako musika-konposiziorik onenaren saria jasotzeko hautagaia da, 'Zazpi aldiz elur, Mikel Laboa Elurretan' ikuskizunerako musika konposatu duen Iñaki Salvador euskal musikariaz gain. Hirugarren izendatua Alberto Garcia Demestres da, 'L’Eclipsi' ikuskizunagatik. Era berean, 'Gelajauziak' dantza arloko artista-zerrenda edo bakarlari onenaren kategorian lehiatuko da, Kukai Dantza Konpainian dantzari dabiltzan Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Jon Maya eta Urko Mitxelenaren izendapenei esker. Kategoria honetan, beste bi dantza ikuskizun ere lehiatuko dira: 'Free Fall' eta 'Nomada'.

Dantza tradizionalari buruzko begirada berri bat

Sabin Bikandi eta Xabier Erkiziaren konposizioak musika jarri dio iazko martxoan estreinatutako ikuskizunari. Kalean eskaintzeko sortua, Euskal Herriko zenbait dantza sozialetan inspiratu da, horien gaineko begirada berri bat eskainiz, Cesc Gelabert koreografo katalanak egindako lanari esker. Euskal Herriko hainbat herritan izan da ikusgai, baita Argentinako zenbait hiritan ere, eta iaz Euskadiko Ikuskizunik Onenaren Saria jaso zuen Leioako Umore Azokan.

Sabin Bikandi (Galdakao, 1965) Aiko taldeko dantza-maisua da, eta helduei dantza egiten irakastea xede duen Dantzaldi Ibiltaria proiektuaren sustatzaileetako bat. Horrez gain, dantza tradizionaleko irakaslea izan da Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian. Era berean, Londresko Unibertsitatean Etnomusikologian doktoratu eta Musikako Goi Mailako Irakaslea da. Txisturako doinuen egile eta moldatzaile ez ezik, Bilboko Udal Txistulari Bandako kidea da.