Basarrate hankaz gora jarri aurretik, buruarekin pentsatu

Santutxuko Jai Batzordea 2015ko mai. 13a, 09:41

Argazkia: Jose York

Badira hiru urte Basarrate plazaren zaharberritzea erabakitzeko parte-hartze prozesuari ekin geniola. Udalak proposatuta batzuetan, gure kabuz bestetan, hainbat batzar egin izan ditugu auzoko kultur eta gizarte eragileok. Batzar horien ondorio, proposamen nahiko zehatzak jaso ditu Udalak azken urtean.

Proposamen horietako bat Basarrate kultur jarduerak egiten jarraitzeko hornitzea izan da. Izan ere, Santutxun ez daukagu kioskorik, ezta leku estalirik kalean. Herri eta auzo gehienetan bai ordea. Bada, proposatu genuen Basarraten eszenario finko bat eraikitzea, urte osoan, edonork, edozein erako ikuskizunak egin ahal izateko: musika, antzerkia, dantza, sari banaketak, bertso-saioak… Pentsa nolako babesa jaso duen eskaerak ze, 40 kultur talderen sinadura izan du proposamen honek, eta Udala jakitun da.

Eta Udalak bidaiari amaiera eman dio. Eta esan du eszenariorik ez duela eraiki behar. Eta auzotarrok egin dugun lana ezerezean utzi behar du berriro Udalak. Eta aitzakiak gutxi eta eskasak dira. Adibidez, entzun behar izan dugu eszenarioak kalean lo egiten duten pertsonak erakarriko lituzkeela, eta horrek ziurgabetasuna sortuko lukeela, edo emakumeentzako gune beltza bihur litekeela.

Beraz, egia handi bi atera behar ditugu konklusio gisa: lehena, eszenarioa dagoen herrietan krimena handiagoa da; bigarrena, etxerik gabekoak bortxatzaileak dira, oro har. Eta hirugarren bat: bankuak kendu eta banketxeak debekatu behar genituzke, ez ditzaten pertsonek erabil lo egiteko. Erotu gara, bai.

Irailerako edo iragarri dituzte obrak, eta inork gutxi daki zein izango ote den emaitza. Hainbeste batzar eta buruko min, azkenean udal agintariek euren bakea inposatzeko.    Basarrate plaza auzotarron elkargune bizia izatetik, kanposantu izatera kondenatu nahi du norbaitek. Hilen bakea; itsuen bakea eskaintzen digute. Baina guk, pailazook, bertsolariok, dantzazaleok, jubilatuok, umeok, gure bakea nahi dugu. Bidezkoa da eta lanean jarrai dezagun. 

 

Kultur plaza

Basarrate kultur plaza bihurtzeko Santutxuko Jai Batzordeak aurkeztutako proiektuak hainbat kultur eragileren oniritzia eta babesa jaso zuen 2014an. Auzoko 40 talderena, hain zuzen ere.

[2014/04/15] Basarrate kultur plaza bihurtzeko proiektuak babes zabala lortu du

 

Santutxuko Jai Batzordea