Karmeloko galerietan dagoen El Rincón tabernatik abiatuko da 20:00etan bertso-poteoa. Txikia eta Kaiku tabernetara egingo du gero, Kiski’s tabernan bukatzeko 23:00etan.
Maiatzaren 23an eszenatokiko bigarren saioa izango da. Euskal Herriko txapeldun izandako Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña, Julio Soto egungo Nafarroako txapeldunarekin eta Igor Elortza Durangoko bertsolariarekin arituko dira.
Aurtengo edizioan, eta Bilboko eta Bartzelonako Udalen arteko kultur lankidetzarako hitzarmenari esker, Udaberriko Bertso-Saioak ekimenaren edizio honetan glosa katalanak leku garrantzitsua beteko du, ahozko inprobisazioaren zaleen aurrean aurkezteko. Horrela, Karmelo plazako hirugarren hitzorduak, maiatzaren 30ekoak, inoiz ikusi gabeko final handia proposatuko die ikus-entzuleei, glosadoreen eta bertsolarien artean. 'Glosadors vs Bertsolariak final handi' horretan, Mireia Mena eta Ferriol Macip katalanak eta Oihana Bartra eta Aitor Sarriegi euskaldunak arituko dira. Gai jartzailea Ainhoa Aranburu izango da, eta Pau Vinyoles eta Ismael Moll musikariak ere arituko dira.
Beste alde batetik, Begoñako Udaltegian (Txurdinagako kiroldegiaren ondoan) eta Bartzelonako Udalarekin sinatutako hitzarmenari esker, baita ere, Roser Texidó eta Jaume Fargas zuzendariek egindako Glosadors filma eskainiko dute maiatzaren 28an, jatorrizko bertsioan, euskarazko azpi-tituluekin ekimen honetarako. Egileek aurkeztuko dute. Dokumentalak, Kataluniako herrialdeetako ahozko tradizio horren jatorria, historia, egungo egoera eta dibertsifikazioa aztertzen ditu.