Santutxuko jaiak iragartzeko kartel lehiaketa martxan da

uriola.eus 2015eko maiatzaren 21a

Uztailaren 11ti 19ra Santutxuko auzoa jaietan murgilduko da. Dagoeneko prestaketa lanetan hasi da Jai Batzordea eta bi lehiaketa abiatu ditu: jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzekoa eta Musika Lokal Maratoiarena.

Jaietako kartel lehiaketako lanek 210 x 260 mm-ko neurria izan beharko dute;  "Santutxuko Jaiak 2015 - Uztailaren 11tik 19ra" izango da leloa; eta sinaduran Santutxuko Jai Batzordea jarri beharko da. Kartelak aurkezteko azken eguna ekainaren 10a izango da eta irabazleak 100€ eskuratuko ditu.

Oinarriak: 

- Irudian Sangutxu sagua agertuko da derrigor.

- Lanak Santutxuko AEKren egoitzan aurkeztuko dira, Arbidea kaleko 21. zenbakian, Txurdinagan.

- Kartelak inprimatuta aurkeztu behar dira eta nahi izanez gero CDan ere bai.

- Kartelari atzekaldean izena jarri behar zaio (egilearen izenik ez) eta egilearen datuak gutunazalean gordeta joango dira (izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia).

- Irabazi duen kartelaren jabetza Jai Batzordearena izango da aurrerantzean.

- Gainerako kartelak Jai Batzordearen txosnan berreskura daitezke, jaietan zehar.

Musika Lokal Maratoia lehiaketa

Aurkeztutako taldeek musika maratoi bat osatuko dute uztailaren 14an; bakoitzak bere abesti onenak joz eta irabazleak, uztailaren 18an kontzertua eskainiko du.

Parte hartzeko, taldearen abestiak stx.jaiak@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dira ekainaren 10a baino lehen eta lehiaketaren oinarriak facebooken, twitterren edota posta elektronikoz eskatuta lor daitezke.