Zergatik hautatu dituzue pregoilari gisa Karmelo Ikastola eta Zuri Baltza xake elkartea?
Biek 50. urteurrena dutelako aurten. Batetik, garrantzitsua da Karmelo Ikastolak urte guzti hauetan auzoan euskararen alde egin duen lana eta, bestetik, 1965ean sortu zen Zuri Baltza xake elkarteak txikia izan arren, ez du hutsik egiten Santutxuko jaietan. Beti egon dira elkartekideak xake partidak antolatzen, klasikoak dira.
Jaietako kartelean Sangutxu ageri da erdi-erdian eta handi-handi.
Jon Carroren disenuak irabazi du kartelen txapelketa. Santutxuko jaietan aspaldi irabazitako garaikur batean inspiratu da kartela egiterakoan.
Sangutxuk esan digu sorpresaren bat izango da lehen igandean, uztailaren 12an.
Bai, lehen aldiz irtengo dira kalez kale Santutxuko joaldunak. Taldea osatu dute hainbat lagunek, eta eurak arduratuko dira lehen gauaren ostean santutxutarrak esnatzeaz.
Lehiaketa gastronomikoak egunero izango dira. Zer eskaintzen dute?
Bai gazteek bai nagusiek telebistako sukaldari famatuek egiten dutena praktikara eramateko aukera eskaintzen dute. Egunero egongo da saio gastronomikoren bat, lehen egunean esaterako, marmitako eta bakailaoa, eta lehen igandean paella. 300 lagunentzako paella egiten ikasteko aukera izango dute auzotarrek, baita dastatzekoa ere. Tortilla, pasta, sangria edota sukalkia prestatzen errazak dira. Gazteak animatzea dugu xede. Eguneko ekintzak indartzen ahalegintzen gara jaiak gaueko eskaintzara solik ez mugatzeko.
Aurtengo berrikuntzetako bat da musika maratoia.
Astearteko musika lokal taldeen kontzertuak maratoi eta txapelketa bihurtu ditugu aldi berean. Hamar taldeetatik batek irabazi eta sari bezala izango du bigarren larunbatean Basarraten kontzertu osoa ematea eta 500 euro poltsikoratzea. Epaimahaia Las Tea Partyko kideek eta Ska-Pko Garikoitz Badiolak osatuko dute. Aukeraketa hiru aldeko sisteman oinarrituko da; epaimahaia, jai batzordea eta bozka herritarra.
Zeintzuk dira aurtengo kontzertuak?
Lowe, Fan&Go, Habana 537, Mikel Uraken, Einbigu -bigarren berragerpena-, Kolpatu -Kortatu gogoan-, Estricalla eta Las Tea Party, besteak beste.
Eskupilota txapelketak 10. urteurrena beteko du. Zein sekretu du?
Karmelo Ikastolako frontoian adostutako egun eta orduan bikoteak osatzen ditugu, ume, gazte, andre eta gizon nahastuz. Hiru tantura jokatzen dira partiduak. Ondo pasatzea da garrantzitsuena, arratsaldea elkarrekin ematea, eta horrela ulertzen dugu denok.
Denbora luzez jai batzordetik gogor borrokatu duzuen Basarrateko erreforma onartu berri da. Zein garrantzia uste duzue duela Basarratek auzoan?
Bastante haserre gaude Basarrate plazaren erreformaren gainean Udalak izan duen jokaerarekin. Itxurak egin ditu: parte-hartze prozesu fantastiko batean nahastu gaitu auzoko elkarte asko, eta azkenean gurekin kontatu gabe hartu ditu erabaki gehienak. Basarrate plaza auzoko elkargune bikaina izateko aukera galduko dela iruditzen zaigu.
Oroitzapen berezirik badu jai batzordeak?
Aurten bereziki jai batzordeko kide den eta Basauriko kartzelan preso dagoen Xabat Moran izango dugu gogoan. Kartzelan jai alternatiboak muntatzera animatuko den itxaropena dugu.
asapala.org/mahatsorriak/sangutxu
www.facebook.com/sangutxu.santutxukojaiak
[2015-06-30] Santutxuko jaietako pregoia Karmelo Ikastola eta Zuri Baltzakoen esku