Jexuxmari Zalakaini igandean egingo diote ongietorria Santutxun

uriola.eus 2015ko ira. 22a, 10:26

Jexuxmari Zalakain, 2005 (Argazkia: Iñigo Azkona, Argia)

18/98 auzian, Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik zortzi urteko kartzela zigorra betetzera kondenatu zuten Jexuxmari Zalakain irakasle eta kazetaria. Santutxun, ongietorria egingo diote igandean.

Dueñaseko (Palencia) espetxea utzi eta 68 urterekin itzuliko da etxera Jexuxmari Zalakain. Jaiotzez tolosarra den arren, urtetan bizi izan da Santutxu auzoan Zalakain. Hori dela eta, igandean, hilak 27, oraindik zehaztu gabeko leku eta orduan, harrera egingo diote auzotarrek 'Urratsez urrats, euskal preso eta iheslariak etxera! Santutxun bat gutxiago' lelopean.

1998ko uztailaren 15ean eman zuen Baltasar Garzonek, orduan Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile zenak, Egin egunkaria eta Egin irratia ixteko agindua, eta handik zazpi urtera hasi zen 18/98 makrosumarioaren kontrako epaiketa, 2005eko azaroan. 2009an emandako epaian, 38 lagun zigortu zituen Espainiako Auzitegi Gorenak. Tartean zen Zalakain.

Jose Luis Elkoro eta Jexuxmari Zalakainen askatasunaren ostean, Egin egunkariaren beste bi arduradunek jarraitzen dute oraindik orain espetxean, Jabier Salutregik eta Carlos Trenorrek. Baita makrosumario berean zigortutako Joxean Etxeberriak, Bixente Askasibarrek, Txema Matanzasek, Juan Mari Mendizabalek eta Elena Belokik ere.

 

Ibilbidea

Euskal herritar irakaslea, kazetaritzan doktorea, euskaltzalea, idazlea eta kazetaria da Jexuxmari Zalakain. Zinematografian diplomatua ere bada. Euskarazko prentsako bultzatzaile gisa eta kazetaritzako gaiak euskaraz ezagutarazteko testuak egiteko lanean nabarmendu da. Horren adibidea da 1992an defendatu zuen bere doktorego tesia, 'Euskal prentsa herri proiektua da' izenekoa. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak idatzitako 30 lan baino gehiago dira.

Egin egunkarian (1982-1986), Anaitasuna, Jakin, Argia, Misión Abierta (1978-1987), Herria 2000 Eliza eta Uztaro aldizkarietan parte hartu zuen. Udako Euskal Unibertsitateko Kazetaritzako sailburua izan zen hainbat urtetan, Euskaldunon Egunkaria egunkaria sortu zuen Egunkaria Sortzen ekimeneko sustatzailea ere bai.

Beste irakasle batzuekin batera, 1992-2007 bitartean EHUtik kaleratua izan zen, haren kontratazio-sistema ez onartzeagatik. Bizitako esperientzia Historia de una pancarta (Pankarta baten istorioa) liburuan jaso zuten.

18/98 auzian epaitu zuten Zalakain Egin egunkariko administrazio-kontseiluko kide izateagatik. Preso eman ditu zortzi urte.

2012an Barrura begiratzeko leihoak dokumentaleko bost preso protagonistetako bat izan zen.

 

Iturria: eu.wikipedia.org/wiki/Jexuxmari_Zalakain