Adinekoentzako gimnasia klaseak joan den astean hasi ziren Santutxuko Udaltegi berrian. Auzoko adinekoak izan dira lehen erabiltzaileak eta horietako batzuk gaurko inaugurazioa baliatu dute Aburto alkateari euren kexa agertzeko. Gimnasia egiteko gela "txikiegia" dela esan diote. 30 lagunentzat toki nahiko ez dagoela, eta gelak "ondo aireztatzeko arazoak" dituela gaineratu diote. Sara da erabiltzaile horietako bat, eta Txurdinagako udaltegitik Santutxuko udaltegirako aldaketak umorea "ozpindu" dio. Espazioa galdu dute erabiltzaileek, eta leku txikira mugatu dituzte. Aburto alkateak, inaugurazio ekitaldian hitza hartu duenean, kexaren berri jaso duela, eta irtenbideren bat aurkitzen ahaleginduko dela esan du.
Bada auzotarrek identifikatu duten beste beharrizan bat. Udaltegi berriak ez du udal bulego zerbitzurik emango izapideetarako. Horiek eskatu edota bideratzeko, orain arte bezala, Txurdinagara joan beharko dute santutxutarrek.
Oro har pozik hartu dute udaltegia bisitatu duten auzotarrek. Populazio handiko auzoa izanik, Santutxu, auzotar askorentzat -adinekoentzat eta mugikortasun arazoak dituztenentzat batik bat- Txurdinagako kiroldegiaren ondoko 4. barrutiko udaltegia, aldapa handi baten behe aldean kokatua, urrun samar dagoelako. Hortaz, Remigio Gandasegi kalean, 'Santa Martako eskailerak' izenarekin jendartean ezagun diren eskaileren erdialdean kokatutako udaltegia hurbildu egin da santutxutar askoren etxeetara.
Auzotarren etxea
Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, bere taldeko kideekin batera, Santutxuko Udaltegia inauguratu du gaur goizean eta berak azaldu duenez “auzo honetako herritarrek desio izan dute eta askotan eskatu dute, eta gaur errealitatea da: hau zuen etxea da”.
Egitura berri honekin, dagoeneko Bilbok badu 25 udaltegiren sarea. Udaltegiok 8 barrutietan daude eta udal tramiteak zein kultura eta gizarte mailako jarduerak, tailerrak, ikastaroak eta abar egiteko aukera ematen dute.
Alkateak adierazi du guztiak direla ezberdinak eta herritarrentzakoak; “batzuk handiagoak, beste batzuk txikiagoak, batzuk eraikin enblematikoetan daude hala nola Deustuko Bidarte edo Zazpi Kaleetako La Bolsa; hala ere, Santutxuko udaltegia, dagoen lekuan dagoelako, auzoko erdigune eta eragile berria izango da”.
Eraberritze-lanetan urtebete eman ondoren, 1964an Santutxuko guraso-talde baten eskutik sortutako Karmelo Ikastolako ikasgelak zeuden lekuan daude lokal berriak. Gainera, merkatuaren zati bat ere hartzen du. Saltoki batzuk jardueretarako espazio bihurtu dira.
Guztira, udaltegiak 800 metro karratu ditu, bi mailatan banatuta eta lokal hauekin: gimnasioa, ekitaldietarako aretoa, erakusketa-gela, ikasketa-gela, eta Wi-Fi gunea, udal tailerrak, Bilbao-Click bulego elektronikoa udal tramiteak egiteko…
Azpiegituraren beste ezaugarri bat, alkateak aurreratu duenez, udaltegia "etxebizitzen eraikinean egotea da" eta "oso erraz iritsi daitekeela hara Bilboko zein-nahi bazterretatik, Metrotik bertatik bertara dago eta".
820.000 euroko inbertsio izan du obrak, eta "iraunkortasunaren eta eragingarritasun energetiko irizpideak kontutan hartuta egin da". Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako '2014ko Bilbao Enplegu Planeko' langileek hartu dute parte lanetan.
Egitaraua
Gizarte eta kultur ekipamendu hau abian jartzeko, Bilboko Udalak, Kultura Sailaren bidez, jarduera askotako programa zabala prestatu du, urriaren 14tik 23ra arte egiteko, herritarrei Santutxuko Udaltegi berria aurkezteko.
Zinea, magia, hitzaldiak, abesbatzen kontzertuak eta kaleko ikuskizunak daude programan. Urriaren 14an (eguaztena) hasiko da Santutxuko Udaltegiko areto nagusian. Patxo Telleriak eta Aitor Mazok 2009ean batera zuzendutako La máquina de pintar nubes filma proiektatuko da. Aitor Mazo orain gutxi hil zen. Jatorriz Santutxukoa zen eta auzoko jendeak asko maite zuen.
Abesbatzen kontzertu bi ere egongo dira, barrutiko abesbatza biek eskainita. Euskeria eta Jatorki arituko dira urriaren 15ean eta 22an, Santutxuko Udaltegiko areto nagusian. Arte eszenikoek ere izango dute haien lekua agertoki horretan. Horrela bada, Imanol Ituiño magoaren txanda izango da barikuan, urriak 16.
Programazioa urriaren 23an amaituko da. Saio bikoitza egongo da eta gaia auzoaren historia izango da. Alde batetik, Begoña, un pueblo de altura bideoa proiektatuko da eta, bestetik, EHUko Historia Garaikideko irakasle eta historialaria den Eduardo Alonso Oleak hitzaldi bat eskainiko du Santutxu herria izateari uzteko prozesuari buruz. Kontutan hartu behar da 1925era arte Begoñako Elizatekoa izan zela eta Bilboko auzo bihurtu zela.
19:30ean hasiko dira areto nagusian programatutako jarduera guztiak.
Karmelo plaza hurbil dagoenez gero, zapatuan, urriak 17, kaleko ikuskizun bat egongo da bertan. Ganso y Cia taldeak Walkman eskainiko du.
Udal tailerrak
Era berean, Santutxuko Udaltegi berrian zenbait udal tailer egongo dira, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko benetako berdintasunaren bidean aurrera egitea, adinekoen osasuna hobetzea eta artisautza, arte plastiko eta ikusteko arteen arloko alderdi batzuk garatzea ahalbidetuko dutenak. Hori Bilboko Udalak 2015-2016 ikasturterako prestatutako Udal Tailer eta Ikastaroen programazioan.
Adineko pertsonentzako ikastaroak
• Adineko pertsonen osasuna (martitzen eta eguenetan, ordubeteko lau saio, 09:00etatik 13:00etara; barikuetan, saio bi 09:00etatik 11:00etara).
Aisialdi eta kirol ikastaroak
• Areto dantzen hastapenak (astelehenetan, 10:30etik 12:00etara).
• Dantza tropikalek hastapenak (eguaztenetan, 10:30etik 12:00etara).
• Erlaxazioa (martitzen eta eguenetan, 17:00etatik 18:30era).
• Onik irauteko gimnasia (astelehen eta eguaztenetan, 09:30etik 10:30era).
• Yogaren hastapenak (martitzen eta eguenetan, 18:30etik 20:00etara).
Kultur tailerrak
• Bideo edizioa (eguenetan, 19:00etatik 21:00etara).
• Marrazketa eta pintura (martitzenetan, 19:30etik 21:30era).
• Sormena paperaz eta scrapbooking (eguaztenetan, 17:00etatik 19:00etara).
Gizonezkoen eta andrazkoen berdintasunerako tailerrak
• Autodefentsa feminista (eguaztenetan, 18:30etik 20:30era).
• Emakume artistak ikuspegi feministatik (astelehenetan, 19:00etatik 21:00etara).
• Munduko emakume idazleak ikuspegi feministatik (eguenetan, 18:00etatik 20:00etara).
Partaidetza hobetzeko aldaketak
Juan Mari Aburto gogora ekarri du Santutxuko Udaltegia zabaltzearekin herritarren eskariei erantzun zaiela. Horixe izango da –zehaztu du– Udalaren helburua; "herritarrengandik hurbil egotea, bertatik bertara, labur esanda entzute aktiboa. Zuei entzun eta jardun. Zuen premien neurrien. Eta gure ahalmenaren neurrian".
Ildo honetan, alkateak iragarri du bere taldeak 'Herritarren Partaidetzarako 2015-2019ko Estrategia' deritzona definitu duela Bilborako. “Bilboko Udaleko agintaldiaren lehenengo 100 egunetan gauzatu ditugun ekintzetako bat da”, esan du.
Horretarako, Udalak hiru helburu estrategiko dituen ibilbide-orria taxutu du:
1.- Informaziorako eta kontsultarako baliabideak eta prozedurak gehitzea.
2.- Gobernuaren ekintza legitimatzea eta hobetzea erabakiak hartzeko orduan.
3.- Gai publikoetan herritarren parte-hartzea areagotzea.
Estrategia horrek ekintza-ardatz bi ditu. Batetik, parte hartzeko dauden egiturei eustea eta eguneratzea, "prozesuak teknologia berrietara doituta". Bestetik, herritarren partaidetza zuzenekoagoa, gardenagoa eta eraginkorragoa sustatzea, "partaidetza bikaina lortze aldera".