"LOMCE eta Heziberriren kontra eta hezkuntza sistema propioaren alde" kalejira egingo dute arratsaldean Santutxun

uriola.eus 2015ko urr. 16a, 08:56

Urrian hainbat mobilizazio antolatu dira Hezkuntza Plataformen Topaguneak deituta ikastetxe, auzo eta herrietan "LOMCE eta Heziberriren kontra eta hezkuntza sistema propioaren alde". Gaur, urriak 16, Santutxun kalejira eginez egingo dute auzotarrek protesta.

Santutxuko Karmelo Ikastolatik irtengo da kalejira 16:45ean. 'Inposaketarik ez! Guk, orain, hemen gure hezkuntza eraiki' goiburupean, auzoko kale nagusiak zeharkatu ostean, Ricardo Bastida plazan izango du amaiera martxak 17:00etan. Ibilbidean Karmelo Ikastolako ume, guraso eta langileek Briñas eskolan egingo dute geldialdia bertako kideekin bat egiteko.

Kalejira alaia izango da, "musikarekin" animatuko dute protestaldia Karmelo Ikastolako eta Briñas Eskolako LOMCEren aurkako batzordeetako lagunek adierazi dutenez.

Kalejira amaierako ekitaldian, Hezkuntza Plataformen Topaguneak datorren azaroaren bukaeran egingo duen mobilizazio egun nazionala iragarriko du. Mobilizazioak Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteizen izango dira.

 

Mosaikoa

Atzo, osteguna, hilak 15, Karmelo Ikastolako patioan "Hezkuntza sistema propioa" aldarrikatzeko mosaikoa osatu zuten 17:00etan.

@Hezk_Topagunea

#HezkuntzaEraiki

hezkuntzaplataformentopagunea.blogspot.com.es

kaixogurasoelkartea.blogspot.com.es