42 urteko ibilia hainbat ekintzarekin ospatuko du Santutxuko Mendizale Taldeak

uriola.eus 2015ko urr. 20a, 09:00

Juanra Madariaga poeta eta mendizale bilbotarrak eSPedizioa: Mendi ororen pisua liburuko hainbat kapitulu errezitatuko ditu gaur Himalaiako musikak eta irudiek lagunduta. Ostegunean, Iker Arroitajauregi auzoko eskalatzaileak 'Harri aroa' proiekzioa eskainiko du. Ekitaldiei igandean amaiera emango diote Santutxuko VI. Mendi Martxarekin.

Shisha Pangma mendira egindako espedizioan Juanra Madariagak Unai Elorriagaren SPrako Tranbia liburua eraman zuen bidelagun. Mendizale eta idazleak espedizioak sortzen zizkion beldurrak, altueran irakurtzearen plazera, lilura zen hura merkataritza produktu bilakatzearen aurreko ardura, bakardadetik eta natura basatitik sortzen den poesia eta, azken finean, Madariagak tontorrerako bidean egin zuen barne bidea konpartitu zituen Lucasekin, Unai Elorriagaren liburuaren protagonistarekin. Literaturan eta ingurune hartan finkatutako harreman hartatik sortu da lan berri hau, eSPedizioa: Mendi ororen pisua.

Mendizale orok tontorrarekin egiten du amets, eta beharbada horrela egingo dugu amets: George Malloryk The Voyage Out, Virginia Woolfek idatzitako liburua eraman zuen Everestera 1924an; Fritz Luchsinger alemanak, 1983an Shisha Pangma mendian hil zenean, Rainer Maria Rilkeren lana zeraman; James Mallahan idazlearen Postariak bi aldiz deitzen du beti liburua Stuart Alexander Lowerekin zegoen elur-jauzi batek irentsi zuenean. Juanra Madariagak, bere aldetik, Unai Elorriagaren SPrako tranbia lana eraman zuen Shisha Pangma mendiaren tontorrera, eta bertan irakurri zuen azken kapitulua.

Ekitaldi horretan liburuaren zenbait testu irakurriko dira, hainbat espedizio egin eta gero mendizaleak ondo ezagutzen dituen Himalaia mendikateko musikak eta irudiek lagunduta.

Hitzordua: urriak 20 asteartea, 19:30ean, Santutuko Udaltegi berrian (Remigio Gandasegi kalean).

 

'Harri aroa'

Besteak beste, Europan eta Afrikan ibili da eskalatzen Iker Arroitajauregi santutxutarra. Bere esperientziak bildu ditu 'Harri aroa' izeneko ikus-entzunezko lanean. Ostegunean, hilak 22, ikusteko aukera izango da.

HOYAMOROS 2013 from Iker Arroitajauregi on Vimeo.

Hitzordua: urriak 22 osteguna, 19:30ean, Karmelo elizako lokalean (Landaburu baserriaren kalean).

 

Santutxuko VI. Mendi Martxa

Santutxu Mendizale Taldearen 42. urteurreneko jardueren artean, aurten berriz ere mendi martxa antolatu du taldeak. Parte-hartze sistema desberdina izango da urriaren 25ean: ez da bikoteka izena eman beharko eta ez da denbora marka kontuan hartuko.

Izena emateko postua 9:00etan zabalduko dute, eta irteera segituan egin ahal izango dute partaideek. "Presa barik irten eta presa barik joan", diote Santutxu Mendizale Taldeko kideek. Eta "euro bat ekarri poltsikoan". Horixe izango da izen-emateak balio duena. Partehartzaileen artean perretxiko saski bat zozketatuko dute martxaren amaieran.

Ibilbidea ere apur bat aldatu dute, Arnotegira barik, Malmasinera igotzeko. "Egon ziur aurten ere norbait galduko dela", aurreratu dute taldekideek.

Bataz beste, lau ordu inguruko txangoa da, goiz pasa egiteko. 16 kilometro inguru izango dira. Kontrol postuetan zeozer jateko parada izango dute partaideek, beraz, etxetik ez da ezer eraman beharko.

Izena aurretiaz eman edo informazio gehiago nahi izanez gero hurbildu Santutxu Mendizale Taldearen bulegora (astelehen eta ostegunero, 19:30) edo bidali mezua:
stx.mendimartxa@gmail.com

Web gunean informazio osatua aurki daiteke: www.santutxukomendimartxa.blogspot.com