"Guztiontzako espazioak behar ditugu" esanez hasi dute auzotarrek zabaldu duten mezua. Espazioak behar dituzte, "sortzeko, jolasteko, ikasteko, bizitzeko eta gure hiriari bizia emateko". Espazio horiek "orain eta hemen" eraiki behar direla diote, adin ezberdinetarako, funtzio ezberdinetarako, "guztion topagunea izango dena". Modua ere zehaztu dute: "Behetik eta modu horizontalean".
Orain dela hilabete batzuetatik hona, pertsona talde bat zentzu horretan ari da lanean. Gainera, "horretarako aproposa izan daitekeen espazio bat" topatu dute. Lehen pauso bezala "egun bat antolatuko dugu", aurreratu dute, azaroaren 14an, hainbat ekintza eta eztabaidarekin. Goizetik iluntzera arte adin guztietako jendearentzako programa bat prestatu dute, aisialdi, kirol eta kultur ekintzez betea, tailer, ikuskizun eta esperientzien bidez.
Bi helburu dituzte: batetik, ekintzen eta tailerren bidez espazioa berreskuratzea, eta, bestetik, nola eta zertarako erabili oraindik orain erabilpenik ez duten espazioak aztertzea.
Dei egin dute azaroaren 14an goizeko 10:00etan Santutxuko Karmelo plazatik hasita, "inongo konplexurik gabe parte hartzera, gozatzera eta ekarpenak egitera". Izan ere, "bihozkada bat dugu... auzoa(k) bizirik mantenduko d(it)ugu".
krml.bizirik@gmail.com