Espazio autokudeatu eta proiektu hezitzaileetatik ikasiz

uriola.eus 2015ko aza. 13a, 10:45

Santutxu auzoaren bihotza taupaka jarri nahi du lagun talde batek eta horretarako larunbatean, hilak 14, parte hartzera deitu ditu auzotarrak. "Inongo konplexurik gabe parte hartzera, gozatzera eta ekarpenak egitera". Egitaraua ere eman dute ezagutzera. 

Azaroaren 14an goizeko 10:00etan Santutxuko Karmelo plazan adostu dute hitzordua. Gosaltzeko. Horixe egingo dute beste ezer baino lehen, Karmelo plazan gosaldu.

11:00etan tailerrak egingo dituzte, besteak beste, hiri-ortuak, graffitiak eta altzairu biziklatuak sortu eta egiteko tailerrak. Umeek ere izango dute aukera tailerretan parte hartzeko, "haurrak ere partaide" izango baitira, antolatzaileen esanetan. Tailerrekin batera, rap emanaldiak ere izango dira.

 

Herri hezitzaileen esperientzia 

12:30ean ekingo diote herri hezitzaileen esperientziak partekatzeari hitzaldi-asanblada baten bidez. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, David Fernandezek, Jone Etxebarriak eta Uxoa Domblasek. Lehen biek oro har Kataluniako eta zehatzago Can Batlóko esperientzien berri emango dute. Uxoa Domblasek, berriz, Etxabakoitzeko Jazar proiektua azalduko du. 

15:00etan herri bazkaria antolatu dute. Paella prestatuko dute bazkaltzeko. Nagusiak 5 euroren truk bazkaldu ahal izango dute eta umeek 3 euroren truk. 

17:00etan Mikel Martinez aktoreak monologoa eskainiko du eta 17:30ean Gaztedik dantza saioa. 

Bukatzeko, 18:00etatik aurrera, musika emanaldiak izango dira. Oihanlariak! eta Tea Party taldeak arduratuko dira giroa dantzagarri egiteaz. 

 

"Bihozkada bat dugu... auzoa(k) bizirik mantenduko d(it)ugu"

"Guztiontzako espazioak behar ditugu" esanez hasi dute auzotarrek zabaldu duten mezua. Espazioak behar dituzte, "sortzeko, jolasteko, ikasteko, bizitzeko eta gure hiriari bizia emateko". Espazio horiek "orain eta hemen" eraiki behar direla diote, adin ezberdinetarako, funtzio ezberdinetarako, "guztion topagunea izango dena". Modua ere zehaztu dute: "Behetik eta modu horizontalean".

Orain dela hilabete batzuetatik hona, pertsona talde bat zentzu horretan ari da lanean. Gainera, "horretarako aproposa izan daitekeen espazio bat" topatu dute. Lehen pauso bezala "egun bat antolatuko dugu", aurreratu dute, azaroaren 14an, hainbat ekintza eta eztabaidarekin. Goizetik iluntzera arte adin guztietako jendearentzako programa bat prestatu dute, aisialdi, kirol eta kultur ekintzez betea, tailer, ikuskizun eta esperientzien bidez.

Bi helburu dituzte: batetik, ekintzen eta tailerren bidez espazioa berreskuratzea, eta, bestetik, nola eta zertarako erabili oraindik orain erabilpenik ez duten espazioak aztertzea.

Dei egin dute azaroaren 14an goizeko 10:00etan Santutxuko Karmelo plazatik hasita, "inongo konplexurik gabe parte hartzera, gozatzera eta ekarpenak egitera". Izan ere, "bihozkada bat dugu... auzoa(k) bizirik mantenduko d(it)ugu".

 

[2015-11-05] "Bihozkada bat dugu...auzoa(k) bizirik!"

krml.bizirik@gmail.com