Adur Larrea, marrazkilaria: “Grafikoki oso Bilbo polita zen 60ko hamarkadakoa”

bertonaldizkaria 2015ko aza. 11a, 12:09

Argazkiak: Iñigo Azkona

Erronka izan da Adur Larrea ilustratzaile mahatsorriarentzat Gabriel Arestiren biografia eleberri grafiko bihurtzea. Urtebeteko lana. Dokumentazio lan nekeza. Arestiren familiak eta lagunek material asko eta kontu ugari partekatu dituzte Larrearekin Gabriel pertsona, Gabriel humanoa zelakoa zen azaltzeko. Gabriel ezezagunena jendarteratzeko.

Gabriel Aresti, BioGrafikoa eleberri grafikoaren (Erroa argitaletxea, 2015) egilea zara. Nondik nora sortu da proiektua?

Gabriel Aresti kultura elkarteak komikia egiteko ideia zerabilen buelta-bueltaka Aresti akademikoa baino, Aresti gizona, langilea, herritarra ezagutzera emateko. Aresti ezezagunena, bere obra oso aztertua eta irakurria izan baita, baina ez bere bizitza. Komikiak per se ezaugarri didaktikoak dauzka. Gainera, proiektuak badu plus bat, euskara ikasleak motibatzeko balio dezake. Gabriel Aresti frankismoan sortu zen, Bilbo erdaldun batean, familia erdaldun batean, eta euskara ikasi zuen eta XX. mendeko euskal idazle handienetakoa izatera heldu zen. Ikuspuntu horretatik motiba daitezke egungo euskara ikasleak.

Nori zuzendutako lana da?

Euskarazko komiki irakurleak talde txikia osatzen dute, kopuru aldetik, baina irakurle fidelak dira. Gustatu edo ez beste kontu bat da, baina jakin-minagatik hurbiduko dira liburura, eta Bilboko paisaiak eta Bilboko jendeak erakar dezake ohiko  literaturzalea ere. 

Komikia ala eleberri grafikoa da?

Edo komiki grafikoa edo tebeo grafikoa. Ematen zaion izenak ez du aparteko garrantziarik.

Zeintzuk izan dira Arestiren bizitza komikira eramateko zailtasunak?

Dokumentazio lana izan da hasieratik zailtasun nagusia bai gidoia egiteko bai marrazteko. XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadak sasoi oso bereziak izan ziren Euskal Herrian, sasoi polemikoak. Aresti bera oso pertsona polemikoa zen. Orain onartuak diren iritzi batzuk orduan ez ziren hain onartuak, eta Aresti eztabaida artean ibili zen sarri. Eztabaida horiek liburuan ezin nituen gaur eguneko ikuspuntuarekin tratatu, eta horiekin jolasean ibili naiz gaurko jendeari ulertarazteko modua aurkitzen.

Dokumentazio lan handia egin duzu.

Agian ez du ematen, baina, bai, bada lana. Hainbeste iturritatik jasotakoaren sintesia da liburua, eta atal batzutan dokumentazio lana agerikoagoa izango da eta beste atal batzutan ez hainbeste irakurlearen begietara. 90 orritan Arestiren biografia laburbiltzea sintesi lan gogorra izan da. Pertsona eta gertaera asko liburutik kanpo geratu dira, Arestiren lagun ugari adibidez, baina aukeratu beharra izan dut. Anekdota batzuk hautatu ditu narrazioren oinarritzat. Ildo bat aukeratu eta hortik jo dut; Arestiren bizitzako pasarte garrantzisuak harilkatzen saiatu naiz behintzat.

Zelako Aresti ezagutu duzu?

Argazkietan Arestik pertsona handia ematen zuen, elegantea, serio planta zuena. Baina familiarekin eta lagunekin hitz egin ondotik eta bere gutunak irakurri ondotik, oso pertsona maitagarria eta irekia aurkitu dut pertsonal mailan. Bere buruari etengabe galderak egiten ari zena. Itxuraz arrunta eta grisa zen gizonak barruan unibertso handia zuen, mami asko bere baitan.

Bilbo asko ageri da Arestiren biografian. Zure gaztetasunagatik ezagutu ez duzun Bilbo, gainera.

Bilbografia ere bada liburua. Erronka izan da niretzat. Bilbo hura gustuko dut, Bilbo dinamikoa, zikina fisikoki eta kutsatua, baina bizia; itsasontziak errekan, zubiak zabaldu eta itxi... grafikoki oso Bilbo polita zen hura. Bizitzeko ez hainbeste, ziurrenik.

Zelan margotu duzu?

Zuria, beltza eta marroi kolorea erabili ditut nagusiki Gabrielen bizitza laburra baina oparoa margotzeko, jaio zenetik, 1933tik, hil zen arte, 1975era.

90 orriko eleberri grafikoan euskara eta gaztelania erabili dituzu. Zergatik?

Euskara eta gaztelania uztartzen ditu komikiak Arestiren Bilbo era naturalenean eta leialenean islatzeko. Pasarte batzuk kontatzeko, esaterako, Guardia Zibilarekin izandako gorabeherak edota lagunekin izandako elkarrizketak, ezinbestekoa iruditu zait erdera erabiltzea. Gainera, garrantzitsua zen bi hizkuntzen talka ere adieraztea.

Jaso duzu Arestiren familiaren oniritzia?

Biografia bat egitea lan zaila da. Gengis Kan edo Adrianoren ondorengoak ez daude bizirik baina Arestirenak, bai, eta familiaren filtroa pasatu beharra dago. Aldi berean horrek proiektua erakargarriago egiten du. Gutxi ezagutzen nuen Aresti eta erronka polita izan da niretzat. Senideak partaide izan dira proiektuan. Argazki, gutun eta kontu asko elkar banatu ditugu. Gustura agertu dira lanarekin, hori esan zidan Andere Arestik, eta ni pozik familiaren oniritziarekin. Euren filtroa pasata pozik nago.

Zuk egin duzun bezalako komiki formatuko biografiak ohikoak dira literaturan?

Euskal literaturan ez. Komiki historikoak badira, esaterako, Arturo Campionen lan batzuk komikira eraman zituen duela 20 urte Asisko Urmenetak eta Mikel Mardonesek Mogelen Peru Abarka. Beste literatura batzutan ohikoagoak dira.

Parrapean-Komiki Egunak jaialdiaren baitan aurkeztu duzu komikia. Zer deritzozu aurten Santutxun bigarrenez antolatu den jaialdiari?

Oso polita da. Oraindik ez diogu tamaina hartu, horretan bada lana egiteko, baina horrelako jaialdi txikiak harribitxiak dira. Batzutan dena nahi dugu handi izatea, eta ez dakigu txikiak izaten. Fazineen azoka, komiki zaharrak, erakusketak edota aurtengoak bezalako emakumea eta komikia aztertu eta eztabaidatzeko saioak balio handia dute. Horrelakorik ez dago beste inon.

Zer egingo duzu hurrengo?

Liburua azaroaren 19an aurkeztuko dugu eta gero azoketan egon beharra dugu, Getxon azaroaren 20tik 22ra eta Durangon abenduaren 4tik 8ra. Jarraituko dut betiko kolaborazioak egiten, baina maila apur bat jaitsiko dut. Beti suertatzen zaizkit lan desberdinak, beti engainatzen naute gauzak egiteko. Lasai biziko naiz apur batean, baina ziur naiz bi astetara ni neu proiektu suizidaren baten eroriko naizela.

Marrazkiekin egiten duzu lan daltonikoa izanik.

Daltonikoa izan arren Arte Ederretan lizentziatzea lortu nuen eta geroztik aldizkari, egunkari zein liburuentzako lanean dabilen marrazkilaria naiz. Era beran, ikusentzunezko proiektuetarako animazioak eta grafismoak egiten ditut.

Ziburun bizi zara egun.

Internet dagoen tokitik lan egitea daukat.