Anfitrioi eta gida lana egiten astebete eman dute Luis Briñas DBHko ikasle eta irakasleek. Ikastetxe osoa dago alemaniarren bisitaz jakitun eta ikastetxe osoa inplikatu da alemaniarrei behar bezalako arreta eskaintzeko. Angela zuzendariaren hitzetan, “pil-pilean” dago ikastetxea eta, alemaniarren bisitaldiak iraun bitartean, “nork bere potentziala atera du”.
Maialen, Sofia, Nora, Aitor, Iñaki, Iker eta Alessandra dira anfitrioietako batzuk. “Oso ondo pasatu dugu alemaniarrekin”, dio Sofiak, “oso esperientzia trinkoa izan da”. Izan ere, zazpi egunez 24 orduz elkarrekin egon dira etxean, eskolan, bidaian... Sofia apur bat penatuta dago. “Bihar, Alemaniara itzultzen direnean, negar piloa egingo dut”, aurreratu digu.
Lehen egunean Ikerrek ez zuen konfidantza nahikorik bere etxean astebetez lo egin duen Alemaniako ikaslearekin, eta biek isil-isilik egin zuten ikastetxetik Ikerren etxerako bidea. Bosgarren egunean, berriz, “isildu gabe” egin zuten bidea.
Ingelesez komunikatu dira santutxutarrak eta alemaniarrak. Batere arazo gabe. “Ingelesez ondo badakigulako”, diote Briñaseko DBHko ikasleek harro. Alemanierako zenbait hitz ikasteko aukera ere izan dute. Kartoffel (patata; “argazkiak egiterakoan esaten dute”), bis bald (laster arte), tschüss (agur) edota danke (eskerrik asko). Alemaniarrek, aldiz, euskarazko zenbait hitz ikasteko aukera ere izan dute. “Eskerrik asko” edota “agur”, esaterako.
Anfitrioi eta gida lana egitea “nekagarria” ere badela aitortu dute Briñaseko DBHko ikasleek. “Gurasoak” seme-alabekin bezala, “arduratuta” ibili ei dira bisitariekin. Zer egin, zer jan… pentsatzen eta erabakitzen. Zorionez, alemaniarrak esker onekoak dira eta “dena gustatu zaie eta dena ondo iruditu zaie”.
Bateko eta besteko ikasleak ondo konpondu diren arren, euren artean desberdintasunak badirela konturatu dira. Besteak beste, “umore oso desberdina” dutela. “Guk tontakeria asko esan eta egiten dugu, ironia ere erabiltzen dugu, eta haiek ez dute gure umorea ulertu”. Horrek ez du esan nahi alemaniarrek umorerik ez dutenik. “Badute, bai, txantxaka eta adarra jotzen aritu direlako, baina beste era batera”.
Alemaniarrak Santutxun
Gustuko dute kalean jendea ikustea Nina, Julia, Daniel, Manuel eta Saschak. “Berandu arte” kalean jendea ikustea, berandu arte kalean egotea. Alemanian ez da arrunta. Saschak pertsona “irekiak” ezagutu ditu Bilbon, “jatorrak”. Daniel ados dago, eta alemaniarrak izaeraz “serioagoak eta zorrotzagoak” direla nabarmendu du.
Santutxu, Bilbo, Gernika, Bermeo, Mundaka, Gaztelugatxe eta Donostian ibili dira, besteak beste, Mannheim hiriko 14 ikasleak. “Edonondik begiratuta” ikusten diren mendiek deitu dute Manuelen arreta. Bilboko jolas guneek Sascharena. Izan ere, Mannheimen hiriko parke publikoetan dauden ziburu eta jolas guneak “eskasak dira”. Parke pribatuetan soilik daude jolas gune “dibertigarriak”. Bada, Bilbokoak dibertsio kalitate handikoak iruditu zaizkie, eta pozarren ibili dira jolasean.
Jateko kontuetan, patata tortilla eta urdaiazpikoarekin gozatu dute. Baita gominola eta bestelako litxarreriekin. Alemanian ez dauden gozokiak aurkitu dituzte Bilboko dendetan, eta gainerako salgaiak bezala, “Alemanian baino merkeago”. Jabetu dira, bai, prezioak “ez direla hain garestiak” hemen. Mannheimen hirian, adibidez, autobus bidaia batek 2,40 euro balio du. Egin kontu.
Santutxutarrak Alemanian
Apirilaren 25ean abiatuko dira Briñas ikastetxeko ikasleak Mannheimen hirira. Hegazkinez egingo dute bidaia eta, gehienak irrikaz badaude ere, Iñaki arduratuta dago hegazkinean inoiz ibili ez arren, “fobia diolako hegaz egiteari”. Ondo dakite Iñakik eta gainerakoek apartamentuetan beharrean etxeetan bizi direla alemaniar lagunak eta bizikletan joaten direla institutura. Goizeko 6:00etan esnatu beharko dute, “baina astebeteko kontua bakarrik izango denez”, ez zaie gehiegi axola.