Zelan sortu zaizu zure proiektu propioa lantzeko aukera?
EDO! argitaletxetik Mikel Ayerbe etorri zitzaidan proposamenarekin. Orain sei-zazpi urte ezagutu ginenean ere galdetu zidan ea nire lan propioa noizko. Artean ez nuen beharrizan hori sentitzen; orain, aldiz, baietz erabaki dut, badudalako zer kontatua.
Besteen ideiak ilustratzetik, ideiak norberak sortzera alde handia dago. Pausoa ematea kosta egiten da?
Bai. Azken baten lan bikoitza da. Idazle batek testua ematen dizunean, lan erdia eginda dago. Abiapuntua badago. Orain, ehuneko ehuna nire esku egon da: istorioa zein marrazkia. Batetik besterako pauso hori ematea kosta egiten da. Liburu hau egin ostean gehiago baloratzen dut norbaitek bere istorioak ilustratzeko eskainitako aukera, horrek duen balioagatik. Ez lanaren zati bat eginda dagoelako, baizik bere mundua ilustratzeko aukera eskaintzen dizulako; hori ohore bat da.
Zein da liburuaren hari narratiboa?
Prozesu luzea izan da eta hainbat zirriborro fase egon dira. Ez da enbor baten inguruan eraikitako adar multzoa. Adar edo irudi solte batzuk egon dira, euren artean loturarik ez zutenak. Aspalditik neukan ideia horiek kontatzeko gogoa, eta memoria ariketa bat egin dut. Irudiak elkarrekin lotu eta berri batzuk sortu ditut. Lau-bost irudik sortu dute gainerako guztia.
Zerk lotzen ditu irudiak?
Norbere barrura egindako bidaia da. Norbere gorputz barruan, organorik organora eta goitik behera egiten den bidaia dago ideia denak lotzen. Bidean, protagonista neskato izatetik emakume izatera pasatzen da. Bizitzari lotutako bidaia bat dago eta nahiko autobiografikoa da; izan ere, memoriara egindako bidaia ere bada.
Beraz, bidaia mota bi daude. Gorputzean zeharrekoak bizitzarena islatzen du.
Liburuan zati bi daude: neskatoaren kanpoko mundua eta gorputz barnekoa. Barrukoa organo batetik bestera —bihotza, birikak, begiak…— doa. Irudi bakoitza organo bati lotuta. Horrela, irudi edo eszena bakoitzak bere istorio propioa du: organoa agertzen da, pertsonaia agertzen da, nire iraganera egindako bidaiako oroitzapenak agertzen dira… Ekintza bat dago irudi bakoitzean.
Zuk esana da: “Min asko ematen didaten sentimendu batzuk irudikatu ditut, frustrazioa sortu izan didatenak”.
Bai, beti esaten dute nire irudiei buruz borobilak eta goxoak direla. Lan honi buruz ere antzeko gauzak esan dizkidate, baina baita, edukiari erreparatuz gero, ez dela horrelakoa ere; barruan dagoena gogorra dela. Egia esan, asmo horrekin egin ditut. Niri min ematen didaten eszena batzuk ere marraztu ditut. Katarsi moduko bat izan da. Atzera begiratu, eta gordinean kontatu dut gogoa izan dudana. Autozentsuratu gabe.
Barrua husteko modu bat izan da? Lortu duzu?
Hasieran uste nuen hutsik geratuko nintzela, baina indarra hartzeko modu bat izan da. Bota beharrekoa bota dut, eta sortutako irudiak etorriko diren beste batzuen hazia direla sentitzen dut oraintxe bertan. Eta banabil irudi batzuk lantzen. Atera beharrekoa atera dut, hustu naiz, baina nire burua ikusteko balio izan dit, eta aurrera jarraitzeko indarra ere eman dit.