Haurtzaroko piramideak

Aiora Kintana 2015ko abe. 15a, 09:00

Argazkiak: Saioa Olmo eta Consonni

Artxandako jolas parkeak haurtzarora narama. Txikitako oroitzapen gozoetara, amaren etxean gordeta dauden paperezko argazki albumetara. Bertan ikusi ditzaket noria, barrakak, talka egiten zuten autoak eta eskalestria. Lehen aldiz gidatu nuen automobila bost edo sei urte nituela, pistaren aldamenetako gurpilek nire gidatzeko trakeskeria sufritzen zuten bitartean.

Goizean goiz abiatzen ginen familia eta lagunekin autobusez Bilbotik Artxandara, eta autobusa beti jendez lepo izaten zen. Urteko egunik ezberdin eta dibertigarriena zen guretzat, eta ondo aprobetxatzen genuen. Goizean, igerilekura eta arratsaldean atrakzioez disfrutatzera. Zootik ere bueltatxo bat egitea nahitaezkoa zen, bertako hartza eta beste piztiak gertutik ikusteko.

Arratsaldean, ispilu magikoak, etxe sorgindua eta barrakak ez ziren falta, eta norian bueltatxoa. Tripazorriak asetzeko etxetik eramandako tortilazko ogitartekoa eta kantinplora generamatzan motxilan, parkeko tabernetan debekaturik baikenuen ezer kontsumitzea (garestiegiak ziren patatak akaso).

Urteak pasa ahala Artxandako mendi puntan dauden piramideen zatiek nostalgia eta dekadentzia ekarri dizkidate gogora. Baita parke zaharra bisitatzeko gogoa ere. Hala, 2007an, Consonni arte ekoiztetxeak eta Saioa Olmo artistak elkarrekin eginiko ‘Vuelven las atracciones/ Atrakzioak bueltan’ arte proiektuari esker, berriz Artxandara bueltatu nintzen. Proiektu hark lekuaren berrirakurketa bat egiteko aukera eman zigun niri eta bertaratu ziren beste 500 laguni ere. Gidari lanetan aritu nintzen ekimen hartan, eta bisitariei atrakzioak eta instalazioak erakutsi eta berrinterpretatzeko zeregina izan nuen. Helburua, denboraren poderioz atrakzioek izan duten bilakaeraz era irudimentsuan gogoeta egitea izan zen, besteak beste. Oroitzapen eta ideia asko irten ziren bisitarien ahotik Artxandako jolas parkearen berrerabilpenaren inguruan.

Gogoeta haiei muzin eginez, antza denez hartu dute zenbaitek erabakia. Agur Artxandako piramideei eta agur gure haurtzaroari.