Garai latzak izan arren, XX. mendeko 70eko hamarkadan elkarrekin aurrerapausoak ematen jakin zuten Aita Patxik, Akaiturriagak, Arrietak, Basterrak, Bilbaok eta abar luzeak. Gau Eskola bezala hasi zena, Euskal Eskola izan zen gero eta AEK euskaltegia ondoren, Santutxun 50 urte betetzeraino.
Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) lan eskerga egin du eta egiten du euskararen sustapenean eta zabalkundean. Azken Korrika, Bilbon amaiera arrakastatsua izan duen 19. Korrika, izan da horren lekuko. Izan ere, euskara ikasleei egin die omen, euskara plazara damatenei. Euskararen Egunean ere, abenduak 3, euskara ikasi, egin eta maitatzen duten horiei egin zaie gorazarre. Euskaldunberriei, alegia.
Euskararen eguna gaur da eta bihar eta etzi eta hurrengo guztiak ere. Aitortza merezi dute garai gogorretan euskara sustatzeko ahalegina egin zutenek eta gaur egun euskara ikasteko ahalegin betean ari direnek.
Urteurrena
AEKren 25. urteurrenean mahai baten inguruan elkartu ziren Txurdinagako kiroldegiko jatetxean Euskal Eskolatik pasatako lagun ugari. Ondo baino hobeto ospatu zuten mende laurdenean egindako lana. Mende erdia ospatzeko ere ez da bazkaririk faltako, oraindik orain, datarik zehaztuta ez badago ere.
Santutxuko Euskal Eskolaren 50 urteurrena antolatu eta kudeatzeko lantalde bat eratu dute hainbat pertsonak. Urte berriarekin bat emango dute egitaraua ezagutzera. Hasteko, logotipo bat eta irudi batzuk sortu dituzte eta Santutxuko AEKren Facebookeko orriaren bitartez zabaldu dituzte.