Adin ezbardinetako 15 umegaz, andereño bategaz eta zenbait guraso eta laguntzailegaz ekin jakon ikasturteari, Karmeloko fraideek itzitako txoko batean. Hasikera horiek ez ziren batere samurrak izan. Polizien eta ikuskatzaileen bisitak mehatxu ziran, eta txokoa bolada batez ixtea lortu eben. Halandabe, gurasoak ez ziran kikildu; 1976rako 660 ume ebiltzan ikastolan. Ume txikiak Santa Martan eta OHO-EGBkoak Iturriaga zeharkalean eta Anselmo Ginean. Ume nagusi guztiak batzeko beharraz konturatuta, Menendez y Pelayoko lokal batzuk begiz jo eta urte gitxira, 1978ko jorrailaren 9an, hain zuzen bere, ikastola barria zabaldu eben. Geroxeago etorri ziran beste kontu batzuk: zatiketa, publifikazioa eta ikastola berria, besteak beste.
Bi urte dira, jada, ikastola hutsik dagoala, umeen algarak entzuten ez dirala. Ikastola zaharra zaharkituz doa, endekatuz, hondatuz... Eta halako batean, ekimen zoragarria jarri da abian; auzolanean sortu zan egia bilakatutako amets hura berreskuratzeko asmoz abian jarri bere. Karmelo Ikastolako eraikin zaharreko jolastokian hainbat ekimen antolatu zituen Krml bizirik plataformak. Auzoan eta Bilbon dagoen espazio autogestionatuaren faltari aurre egitea da plataformaren helburua.
Suziria bota duzue, dagoeneko. Biba zuek!!!