Mikel Uraken: “Ezin diot musikan pentsatzeari utzi”

bertonaldizkaria 2016ko urt. 14a, 07:00

Argazkiak: Iñigo Azkona

Durangoko Azokaren 50. edizioan goizeko 11:30ean abestu zuen Ahotsenean Mikel Uraken santutxuarrak. Eguraldiaren pareko harrera izan zuen, hotza. Musika Zuzenean kolektiboak jarritako standean ere parte hartu zuen. Bertan egon zen “ahal zen neurrian” bere azken diskoa, ‘Neguaren Ostean’, saltzen. Eskaintza oso zabala izanik, “entzutetsua ez bazara, ez da erraza, baina hor egon behar da”, dio.

Ondo saldu da zure azken lana?

Ez oso ondo. Ez naiz oso ezaguna. Agian, goizegi da. Ahal dudan guztia saltzen dut, gehien bat kontzertuetan. Durangoko Azokaren 50. edizioan ere egon naiz. Ahotsenean jotzeko aukera izan nuen 11:30ean. Harrera hotza izan nuen, eguraldiaren parekoa. Kontutan izan behar da musikari eta talde piloa dagoela Durangon. Musika Zuzenean kolektiboak jarritako standean parte hartu nuen. Musikarion artean ordaintzen dugu standa, eta han egon nintzen diskoak saltzen, ahal zen neurrian, eskaintza oso zabala baita. Entzutetsua ez bazara ez da erraza, baina hor egon behar da.

‘Neguaren Ostean’ biniloan soilik kaleratzeak izan du zerikusirik?

Bai, publiko zabalago batera heltzea zailagoa da biniloarekin. Grabaketa era analogikoan egin genuen eta horrela grabatuz gero hobe da formatu analogiko batean kaleratzea diskoa, benetako soinua nabaritzen delako, gordina eta zikin puntuarekin.

CDa hilda al dago?

Ez dut CD formatuan inbertitzeko asmorik. Digitalean entzun nahi baduzu disko bat Interneten entzun dezakezu, eta diskoa deskargatzeko aukera ere baduzu. Nire abestiek entzunaldiak deskargak baino gehiago izan dituzte. Hedabideetan niri buruzko albisteren bat argitaratzen denean igoera izaten da estatistiketan.

2015eko uztailean grabatu zenuen diskoa Garate estudioan. Zelako esperientzia izan zen?

Oso interesgarria eta polita; asko ikasi nuen. Kaki Arkarazorekin lan egiteko gogotsu nengoen. Eskarmentu handiko musikaria eta teknikaria da. Nire aita izan zitekeen. Garate paradisua da, mendi artean dago. Hiru egun eman genituen erabat isolatuta, eta bukatu arte ez ginen bertatik atera. Plangintza zorrotza izan genuen.

“Folk euskalduna ulertzeko beste era bat, folk euskaldun(berria)” egiten duzula diote adituek. Ados al zaude?

Nire bakarkako lehen diskoak folk amerikarretik gehiago zuen, armonikagatik, Bob Dylan eta Neil Youngen arteko kutsua zuen. Garai hartan ingelesa ikasten nuen, eta ingeleseko irakaslearekin batera egiten nituen kantuen hitzak. Ikasteko metodoa zen. Aurrerago albo batera utzi nuen, eta euskaraz kantatzen hasi nintzen duela urte pare bat. Niretzat inflexio-puntua izan zen, Mikel Laboa eta Anariren bertsioak abestu nituen aurreko diskoa. Konturatu nintzen askoz erosoago nengoela euskaraz abesten, eta esan nion nire buruari ‘zergatik ez ausartu euskaraz abesten’. Aitortzen dut, hasiera baten, ez dakit lotsagatik edo, ingelerea aukeratu nuela.

Zer ematen die euskarak zure abestiei?

Soinuari ukitu pertsonala ematen dio, askoz autentikoagoa da euskaraz kantatzea, eta horregatik hartu dut erabaki hori. Gainera, sortzaile batek bizi duen egoera sozialarekin konektatuta egon behar du. Beste ikuspuntun bat daukat, eta pixka bat damututa nago ingelesez abesteagatik bere garaian. Haiseratik egin behar nuen euskaraz. Egun, askoz lotutago sentitzen naiz auzoko eta herriko errealitatearekin eta eguneroko bizitzarekin.

Folk euskaldun(berria)rena etiketa da?

Hitz-jokoa da. Batetik, euskaldunberria naizelako, gaur egun ere AEKn jarraitzen dut euskara ikasten. Bestetik, musikak iraultza behar duela uste dudalako jarri didate berriaren etiketa. Euskal musikan patroi berberak errepikatzen ari gara urteak pasa arren. Originaltasun gutxi dago. Berritasun puntu bat badago, baina gutxiengoa da. Hemen tronpetak eta heavy metala nagusi dira, oraindik ere, eta bada garaia beste musika batzuk berreskuratzeko, folka adibidez.

Epe motzean ezagutzera emango den kolektibo berritzaile bateko kide zara. Baduzu ezer aurreratzerik?

Izena finkatu gabe dugu. Kolektiboaren asmoa folka berreskuratzea da, folk berri bat, musika berri bat egiteko edo musika giteko era berri bat sortzea. Kolektiboa Donostian sortua bada ere, Euskal Herri osora zabalduta dago. Kide gehienak gizpuzkoarrak dira. Martxan jarri gara abenduan, eta urtarrilean bigarren bilera izango dugu.

‘Neguaren Ostean’ diskoa “apostua ederra, ausarta eta hunkigarria” dela diote beste batzuk. Zuretzat ere apostua izan da?

Bai, erabatekoa. Nahiz eta egun edonork kalera dezakeen disko bat bere etxeko baliabideekin, ordenagailu batekin, eta nahiko kalitate onarekin, nire diskoa apostua da, ni bakarrik nagoelako. Nire poltsikotik atera dut inbertsio guztia, bai grabaketarako bai ekoizpenerako bai biniloetarako, eta biniloa askoz garestiagoa da. Gainera, nik ez dut zigilu baten babesa. Autoedizio hutsa izan da. Apostu arriskutsua, nolabait.

“Ederra eta hunkigarria” bezalako adjektiboak entzutean, zer sentitzen duzu?

Poza. Hori da nire asmoa, entzulea hunkitzea. Ni ere hunkitzen naiz abesten dudan bitartean. Ederra? Ez dakit. Disko melodikoa da, baita iluna ere. Iluna ere ederra izan daiteke.

“Talentua eta lanari eskainitako denbora nabarmenak diren disko zaindua” dela diote beste batzuk zure lanaz. Zenbat du ‘Neguaren Ostean’ diskoak zure denboratik?

Gaur egun ez naiz musikari profesionala. Ikaslea naiz, baina beste gauza batzutan nabilen arren, uneoro, nahi gabe, musikan pentsatzen ari naiz. Ikasten ari naizenean ere badut argitxo bat beti piztuta, ezin diot musikan pentsatzeari utzi. Esan dezaket, nire denbora osoa eskaintzen diodala.

Zergatik dira zure abestiak hain biluziak eta gardenak?

Diskoan ez dago gitarra eta ahotsa ez den beste tresnarik, erabat disko biluzia da. Egun Euskal Herri mailan ez dago horrelako disko askorik, gitarra eta ahots bakarra soilik duena. Apaingarri gehiago dauzkatenak badira, bakarlari asko, baina bestelako musika tresnak erabiltzen dituzte.

Mikel Vegarekin osatu dituzu diskoko hitzak. Zelan konpondu zarete?

Laguntza eskatu nion hitzak egiteko. Batzuk nire kontura egin nituen, beste batzuk egiteko askatasun osoa eman nion, eta beste batzuk bion artean egin ditugu. Hurrego diskorako nik bakarrik egingo ditut hitzak, horrela askoz pertsonalagoa izango da, erabat borobila.

Ekialdetik dator abestian ez duzu hitzik erabili.

Diskoa amaitzera doanean, azken segundoetan, nik asmatutako onomatopeiak erabiltzen ditut, Mikel Laboak ‘Lekeitio’ lanean egin zuen antzera. Laboari keinua egin nahi izan diot.

Nondik edaten du zure musikak?

Azkenaldian musika esperimentala entzuten dut. Aspertu naiz eskema tradizionalekin. Euskal Herrian bada Akauzaste izeneko taldea, eszena goitik behera apurtzen duena, oso underground. Swans, Sigur Rose, Devendra Banhart ere… entzuten ditut. Nire musikak badu apur bat euren eragina

Apurtzea da bidea?

Apurtu behar ditugu eskema tipiko guztiak, eta berpiztu behar dugu grin esperimentala. Bide berriak bilatu behar ditugu, bestela zimelduko gara. Euskal Herriko musikak iraultza behar du orain. Egungo errealiatate soziala ahaztu gabe. Sortzailea erabat lotuta egon behar da bere errealitate sozialera. Euskal Herriak badu xarma izugarria bere musika propioa egiteko. Lisabo da adibide onena. Egiten duen musika hemen jaioa, euskalduna dela nabari da, nahiz gitarra elektrikoak erabili. Mikel Laboa ere oso adibide ona da. Bertako sustraiak hartu eta areagotu zituen. Eredu hori jarraitu behar dugu musikari gazteok; hor dago gakoa, jarraitu beharreko lan ildoa.

Kantautore definizioarekin gustura sentitzen zara?

Batere. Nahiago dut musikari definizioa. Bakarlari bezala ere ez dut nire burua ikusten.

Azken hiru urtetan hiru lan kaleratu dituzu. 2013an ‘Folk songs for tormented souls’, 2014an ‘Omenaldi xumeak’ eta 2015eanNeguaren Ostean’. 2016an zer egingo duzu?

Atseden apur bat hartuko dut udara arte, eta udan abesti berriak konposatzen hasiko naiz. Bitartean, ahalik eta zuzeneko gehien eskainiko ditut.

Zein da kontzertuetarako zure leku gogokoena?

Tabernetan esango nizuke, baina denetik gertatu zait. Taberna batzutan kristoren harrea jaso dut eta beste batzutan jendea hizketan aurkitu dut. Lekua ez da garrantzitsuena, antolatzaileen eta publikoaren jarrera baizik.

Zelako jarrera dute euskal antolatzaileek eta publikoak zure musikarekin?

Kostatzen zaie nire proposamena onartzea. Ez dut uste hain arraroa denik, finean gitarra eta ahotsa baino ez da. Arrunta da. Batzuk diote oso esperimentala dela, arraroa dela. Ni saiatzen naiz ikuspegi berri bat ematen folkari, estribiloetatik ihesi, eta beharrezkoa bada zazpi minutuko abestia luzatzen. Mantrak dira batzuen ustez.

Musika komertzialetik at zaude?

Betiko taldeek oihartzun handia dute hedabideetan, baina bada beste eszena bat niretzat askoz interesgarriagoa dena eta hainbat oihartzun ez duena hedabideetan. Egurra eman behar dugu Bizardun eta Esne Beltzaren arteko ika-mikarekin. Musikari gehienok Bizardunen alde gaude, erabat, arrazoia daukatelako. Goian daudenek ospea dute, baina ospeak badu bere alde txarra, eta kritikatzen bazaituzte izorra zaitez. Talde batzuk hasiera-haiseratik goian daude, eta beste batzuk ez dugu inolako arretarik jasotzen komunikabideengandik. Baditugu kexatzeko arrazoiak.

Espazio alternatiborik badago undergroundean zabiltzatenentzat?

Musika Zuzenean, Badok.info, Naiz… hor egin diezazukete lekua. Hedabide generalistetan ez baduzu aitabitxirik, zigilurik edota managerrik oso zaila da iristea. Eskaintza oso handia da, edozein izan daiteke musikaria, baina profesional izan nahi dugunok askoz gutxiago gara. Lehia osasuntsua da.

Emango dizu musikak inoiz jaten?

Nahiko nuke, baina badaezpada beste gauza batzutan ari naiz.

 

mikel-uraken.bandcamp.com