Tipi-tapa ikastetxera oinez

bertonaldizkaria 2016ko urt. 14a, 08:00

Umeak taldean, guraso gabe, etxetik ikastetxera oinez joatea du xede Tipi-tapa programak. Karmelo Ikastolako eta Luis Briñas eskolako guraso elkarteek diru-laguntza bana jaso dute Santutxun programa garatzeko.

Duela hiru ikasturte hasi ziren Karmelo Ikastolako Kaixo guraso elkarteko kideak Tipi-tapa programari buruz hausnartzen. Patri elkarteko kidearen hitzetan, “oso interesgarria” delako euren seme-alabak ikastetxera oinez taldean, guraso gabe, joatea. Izan ere, bi onura nagusi eskaintzen ditu Tipi-tapak. Batetik, Santutxu bezalako oihanean, herritarrontzako espazioak berreskuratzeko saio ezin hobea da”. Aurreko hamarkadetan motordun ibilgailuetara egokitu bada hiria, Europa mailako joera berriaren arabera, “desikasten eta oinezkoentzako guneak berreskuratzen hasi behar dugu”. Bestetik, umeen “autonomia sustatzeko tresna polita da”. 

Lehen unetik, Kaixo elkarteko gurasoek “auzo mailako” proiektu bezala ulertu dute Tipi-tapa. Haurrentzat ez ezik auzoarentzat “kristoren onurak” ekar ditzakeelako. Horregatik jarri ziren harremanetan Briñaseko eta Mina del Morro eskolako ordezkariekin. Berehala jabetu ziren, laguntza gehiago behar zutela. “Ikusi genuen zerbait iraunkorra egiteko, mapa hartzea, umeak ikastola eta eskolara nondik doazen aztertzea eta ibilbidea trazatzea aukera bat zela. Baina guk lan hori auzotarren parte-hartzearekin sustatu nahi genuen. Hau da, esparruak sortzea eskola bideak denon artean eraikitzeko”. Eskola bideak helburutzat hartuta, proiektu integralagoa osatzeko Urtxintxa Eskolara jo zuten gurasoek. Urtxintxakoei “oso interesgarria” iruditu zitzaien Santutxun Tipi-tapa bezalako proiektua lantzeko proposamena. 

Aurrerago konturatu ziren “ganorazko” proposamen bat lantzeko izango zuten arazo handiena finantziazioa izango zela. Guraso elkarteek aurrekontu txikiak dituzte eta ezin diote “horrelako proiektu bati aurre egin”. 

Horregatik piztu zitzaien itxaropena Bilboko Udalak deitu zienean 2013/14 ikasturte amaieran. “Txostena aurkeztu genien”, gogoan du Patrik. “Baliabide teknikoak baietz, emateko aukera zutela, baina dirurik ezin zigutela eman erantzun ziguten”. Itxaropena zapuztu zien erantzunak. “6.000 euroko aurrekontua zen, txikikeria bat Udalarentzat”, eta proiektuak beharrezko zuen bultzada. 

Tipi-tapako paper guztiak gordeta egon ziren 2015/16 ikasturtean Bizkaiko Gurasoen Elkartea (BIGE) Kaixoko gurasoekin harremanetan jarri zen arte Osasun Saileko diru-laguntza batzuen berri emateko. Eusko Jaurlaritzak beren-beregi ‘Eskola bideak’ antolatzeko egitasmoak sustatzeko laguntzak, hain zuzen ere. Karmelon lanaren zati handi bat eginda zuten, “alde filosofikoa eta burukratikoa”. Hortaz, “berriro elkartu ginen” bai Briñas eta Mina del Morrokoekin. Eta aurrerago elkartzekoak dira Bilboko Udalarekin, “hainbat gauza aldatzeko”, eta auzoko eragileekin: merkatariekin, tabernariekin, familia elkartearekin, jubilatu elkartearekin…

Proiektuaren birmoldaketa

Osasun Sailak eskatutako eskatutako laguntzaren herena eman die Karmelo Ikastolako gurasoei. Besteak beste, asko izan direlako eskatzaileak. Bai guraso elkarteak bai kooperatibak. 90.000 euroren bueltan banatu dira ezarritako baldintzak bete dituzten eskatzaileen artean, eta horregatik jaso dute espero baino gutxiago. Briñasek ere jaso du laguntza, ez ordea Mina del Morrok. 

Laguntzaren herenarekin Kaixo elkarteak hasierako zirriborroa birmoldatu behar du. “Behar dugunaren erdia baino gutxiago dugunez, birmoldaketan ari gara”, azaldu du Patrik. 2015/16 ikasturte bukaerarako, ekainerako, aurkeztu beharko dute Tipi-taparen memoria eta eskola bidearen proiektu pilotua. “Zer egin, nola egin eta epeak birplanteatzea” dute erronka une honetan, proiektua “guk nahi dugun moduan aurrera ateratzeko”. 

“Ahalegin bikoitza baino gehiago” egin behar dutenez, zenbait zalantza sortu zaizkie. Lana fasetan banatzea izan daiteke irtenbidea. “Lehen fase batean parte-hartze dinamikak sor ditzakegu eta eskola bide bat edo batzuk diseina ditzakegu. Aurrerago proiektua finkatzeko eta auzora zabaltzeko”. 

Ez da ikasturte bakarrera mugatuko den proiektua Tipi-tapa. Ez baita azkar sortu eta ezartzen den plana. Gurasoek badakite eta Eusko Jaurlaritzak ere badaki hori. Horregatik hurrengo ikasturtean Tipi-Tapa ekimenera aurrekontu handiagoa bideratzeko prest agertu da Lakua. “Eurek ere –Jaurlaritzagatik- inbertsio modura ikusten dute”, Patriren aburuz. “Ezin da ikasturte bat, bi edo hirutan soilik gauzatu”. 

Eusko Jaurlaritzaren babes ekonomikotik haratago, Bilboko Udalaren “benetako inplikazioa” eta auzoko elkarteekin eta merkatariekin batera osatutako “harreman sarea” jotzen dituzte Kaixoko gurasoek beharrekotzat Tipi-taparen aurrerabidean.

Han-hemenka

Abusu auzoan martxan da Tipi-tapa proiektuaren antzekoa. Abusu Sarean auzo mailako proiektu zabalagoaren baitan, eskola bideak existitzen dira. Udalaren laguntzari esker, diagnostikoa egin zuten lehenik, eta horren haritik etorri ziren eskola bideak Abusun. 

Etxebarrin gurasoen ekimenez sortu dira eskola bideak. 

Nerbioi Ibazabal eskualdean ere badira eskola bideak gauzatu dituzten udalerriak. Horietan, erakunde ofizialak dira proiektuaren kudeatzaileak. Arrankudiagan, Galdakaon eta Basaurin emaitza desberdinak izan dituzte eskola bideek. “Batzutan emaitza onak izan dira eta beste batzutan ez oso onak”, Patriren esanetan. Argi dago, “Europan oso errotuta dagoena gurera heldu besterik ez dela egin”.

 

kaixogurasoelkartea.blogspot.com.es