Ikus-entzunezko komunikazioa “bokaziozko karrera” da Garazirentzat. “Asko mugitu behar duzu eta mugitzea oso gustuko izan behar duzu, eta nik oso gustuko dut. Pozik bizi naiz horrela”. Leku askotan bukatu du argazkiak ateratzen: telesail baten, bideoklipetan… “Asmatu eta huts egin dut. Baina asko ikasten da erratu egiten zarenean ere”, dio.
Hasiera batean, bideoak grabatzeko erabiltzen zuen kamera Garazi Ramosek, baina apurka-apurka lagunei argazkiak ataratzen eta kamera edozein lekutara eramaten hasi zen. “Santutxuko jai egunetan ere erabiltzen hasi nintzen, auzoan gertatzen zena kontatzeko. Bloga dudanez, garazzo.com, nire istorioak argazkiekin laguntzen ditut; beti pentsatu izan dut irudiek hitzak janzten dituztela. Eta niri asko gustatzen zait idaztea”. BAO aldizkarian idazteko aukera eman zioten, kontakizun lehiaketa bat irabazi ondoren, eta bertan jarraitzen du. “Testuak idaztea eta argazkiak ateratzea da gehien betetzen nauena”.