Kutxabankek izan duen aldaketa prozesua biltzen duen liburua

Arrate Diez 2016ko urt. 15a, 08:00

Ahoztar Zelaieta mahatsorriak Kutxabanken atzean dauden nondik norakoak aztertu ditu argitaratu berri duen Kutxabank: el saqueo de Euskal Herria liburuan (Gabe, 2015). 

Autoreak hitz gutxitan laburtu du egindako lana: “Ikerkuntza, datuen analisia eta erredakzioa egin ondoren iturrietara jo dokumentuak egiaztatzeko eta gurutzatzeko. Ikerkuntza lana baino helburua gehiago da prezisio lana, izan ere,  ikerkuntzarako denbora eta baliabide handiagoak behar dira”.

Liburua Gabe ikerkuntza-kazetaritza proiektuaren atal bat da, salaketa soziala egiteko parada eskainiko duen plataforma, hain justu. Mahatserrikoak aurretiaz Jóvenes burukides bizkainos eta La casta vasca argitaratu ditu, eta oraingoan ustelkeria politikotik ustelkeria ekonomikora egin du jauzi.

“Hamabi argazki egin ditut, Kutxabanken gauza asko gertatu direlako. Nik ez dut adituentzat idatzi, bildu egin dut zer esan duten, gurutzatu ditut informazioak atzeko interesik balego edo, eta zein harreman dagoen ere azaltzen saiatu naiz”, aipatu du Zelaietak. 

Iturri batzuk dokumentalak dira, buletin ofizialak eta merkantilak, esaterako. “Adituen laguntza izan dut, abokatuena eta aholkulariena. Jendeak orokorrean nahi du esatea etorkizunean zer gertatuko den, bai bertan zaudelako lanean, bai zure enpresako bezeroak direlako edota zure diru apurrak bertan daudelako… Batzuek zer gertatuko ote den nola azaltzen duten da nik kontatzen dudana, zein den augurioa; horretarako, teoria batzuk desmuntatzen saiatu naiz”.

Orain arte ustelkeria politikoaz aritu da Zelaieta eta oraingoan arlo ekonomikora jo  du. “Oraingoan, zoritxarrez, despedituko dituzten edo jadanik kaleratuta eta jubilatzera behartu duten pertsona kopuruaz aritu naiz, baina pertsona kopuru zehatza zein den ez dakigunean arduratzen nau datuak ematea, azken batean, Kutxabankeko langileak dira, eta ez bakarrik Kutxabankekoak baita altzairu-fabriketakoak, Fagorrekoak, kaleratutakoak... hainbat enpresa aipatzen dudanez, jendea ardura daiteke”, diosku pixka bat kezkatuta.  

Liburuan Kutxabankek izan duen aldaketa prozesua azaldu du. Kutxabankeko fusioa, fundarizazioa, bankarizazioa, kanpo kapitala hartu ala ez, gizarte ekintzarekin zer gertatuko den... kontu batzuei buruz autoreak bere ekarpena egin du, adibidez, Kutxabanken bidatz-orria nork erabakitzen duen. “Teoria batzuk daude: Europak erabakitzen duela, BBVAk Vocentoren bitartez edota Diario de Noticiasen bitartez EAJk. Enpresaburu asko daude salto egin dutenak BBVAtik Kutxabankera. Beste teoria bat litzateke BBVAk irentsi nahi duela Kutxabank”, argitu du Ahoztarrek.

Liburuan hainbat gai jorratu ditu autoreak. Berak dionez, “sare finantzarioak sare produktiboa mantentzen du, abalak emanez... Baina I+D+I kanpora joan da internazionalizazio prozesu baten bitartez; “batzuentzat deslokalizazioa dena eta beste batzuentzat estatu kolpea dena”.

Beste hainbat gaien artean Kutxabanken internazionalizazio prozesuaz ere aritu da Ahoztar, eta bere ustez, “ikerkuntzaren bitartez jakin da Kutxabank ez dela izan horren ezberdina beste kutxekin alderatuta, kanpora irten denean internazionalizazio prozesuan bere auziak izan baititu”.

Ahoztar pozik agertu da liburuak Durangoko Azokan izan duen harrerarekin. “Durangoko Azoka beti da niretzat termometroa, 1.000 ale atera ditugu eta 400 bat azokan bertan saldu genituen”, gehitu du. Bitxia da iazko azokan oraindik ere ‘Jovubien’ bigarren edizioa agortu izana, beraz, batzuetan jendeak liburua argitaratu eta epe ertainera erosten duela esan digu.

 

Gabe proiektua

Iritziak batzen eta plazaz plaza Gabe proiektua aurkezten ari dira egunotan. “Jendeak zein harrera eta ekarpen duen ikusi nahi dugu. Jendea entzun nahi dugu”, azaldu du Zelaietak. Produktua bera, aldizkari digitala, ikus-entzunezkoak, urtean liburu bat, monografikoak etabar luzez egongo da osatua Gabe.

Kooperatiba alternatiboekin ari dira lanean eta bideragarritasun plana ere aztertu dute. Ahoztarren esanetan, “lehia guztiz baztertzen dugu; ikerkuntza lanak egiten dira bai tokian tokiko medioetan zein, esaterako, Argia moduko aldizkarietan, beraz, ez dut uste gabeziarik dagoenik. Uste dugu ikerkuntza kazetaritzak eta joera berriak bat egin behar dutela eta Gabe bide bat izan daitekeela. Kooperazio lana da egin nahi duguna, hala, etorkizunean agertuko diren erraminta berriei atea zabalik utziko diegu”. Adibidez, Arte Ederretako fakultateak eta Zuzenbidekoak bat egin dezaketela proiektuan gaineratu du Zelaietak. “Ez gara Ardi Beltzako remakeaz ari, jaioberriak gara eta elebidunak, noski. Euskaldunzaharrei, euskaldunberriei eta euskalduntxarrei zuzenduta dago Gabe, baita urbanitei, Arabako euskaldun intelektualei… denek dute lekua: irrati libreetan aritzen den jendeak, elkarteetakoak, salaketa publikoa egin nahi dutenak…”