Arazoa urrunetik dator, auzoa eraiki zenetik. Santutxu auzoa benetan gaztea da, 1960ko hamarkadan, Karmelo eliza eta lau baserriz osotutako landa zen. Orduan ekin zioten hormigoiaren festari, eta muga barik eraikitzen hasi ziren. Bizkortasun horrek arazo batzuk ekarri zituen, bai lurrak desjabetzerakoan, bai eskriturak egiterakoan ere.
Arazoek gaur egunera arte iraun dute, eta Udala auzoa berriztatzen hasi zenean konturatu ziren horretaz. Lehenengo eztabaida garrantzitsua kaleko baldosak berritu zituztenean hasi zen. Udalak marra hori bat margotu zuen bere mugak zeintzuk ziren finkatzeko, eta bere zatian zeuden baldosak aldatu zituen, kale erdia, hain zuzen ere. Gainerako baldosak auzotarren esku utzi zituen. Itxura ederrarekin utzi zuten kalea, marraren alde batera dena txukun-txukun, bestaldera, berriz, baldosa guztiak zahartuta eta erdi apurtuta.
Hori ikusita, auzotarrek protestei ekin zioten, eta beraien autoak kale erdian aparkatzea erabaki zuten, beraiena zen kale zatia moztuz. Udalarekin hainbat bilera izan zituzten konponbide bat adostu zuten arte. Haro plaza eta gelditzen zen kale zatia berriztatzeko akordio batera heldu ziren. Haro plaza auzotarrena zen, baina Udalari eman zioten jabetza. Horren truke, Udalak plazaren lan guztiak ordaindu zituen, eta kaleko baldosen %70.
Azkenean, Haro plazako azpiko tarteari konponbidea eman zioten, eta hor agertu zen kaleko buruhauste nagusia, goiko plaza, inork ezagutzen ez duen Santa Klara plaza. Bi atari daude bertan, 7 eta 9 zenbakiak, baina plazaren jabeak, horiez gain, bestaldeko atariak 1, 3 eta 5 zenbakiak eta Enrique Ibarretako atariak dira. Beraz, ekonomia dagoen bezala egonda, auzotarren bilerak telebistan ikusteko modukoak izan ziren.
Haro plazan gertatutakoa ispilutzat zeukaten, baina ez zuten konponbide hura jarraitzeko inolako asmorik. Plaza pribatua izateko nahia zuten auzotarrek, bere abantailak dituelako, eta Udalak kale bat ireki nahi zuelako plaza bien tartean. Hori omen zen Udalaren interesetako bat. Beraz, obraren kostu osoa auzotarrek bere gain hartu zuten. Horretara iristeko beharrezko zen atari guztien adostasuna lortzea berebiziko lana izan zen.
Izan ere, sei atarietatik bik bakarrik erabiltzen dute plaza, eta beste atarietako bizilagun askok ez dute lur eremu hori sekula zapaltzen. Nahiz eta plazaren erabilpena eskasa izan, detaile txikienak ere eztabaidak sortu ditu, mugikortasun arazoa dutenentzako bi metro koadroko aldapatxoa jartzeak barne. Plazan egin diren esku-hartze guztiak bizilagun denen artean adostu behar izan dituzte atari denen baimena eskuratzeko.
Gauzak horrela, aurrera jarraitzea ezinezkoa zirudien. Baina, obra egitea ezinbestekoa zen, lurrazpiko hodiak aldatu behar zirelako, eta lanak hasita, plaza guztia aldatzea ezinbestekoa zen. Proiektua aurrera eramateko, lehenengo atari denek onartu behar izan zuten obraren kostua, eta nola ordaindu beharko zen. Lan makala, giroa eta patrikak nola zeuden ikusita.
Dirua auzoan inbertitzea erabaki zuten, beraz, arkitektoa izan ezik, beste lantalde guztiak Santutxukoak izatea erabaki zuten. Arkikekto desberdinen proiektuak ikusi zituzten, eta azkenean, bozkatu eta gero, itsasontzi itxura zuen plaza aukeratu zuten. Planoetan izan zitekeen, baina obra amaitzear zegoenean, auzotarrek ez zuten ontziaren arrastorik plazan antzematen.
Plaza amaitzear zegoela ere, gatazkak eta auzotarren arteko desakordioak egunorokoak izan dira, eta euro bakarra jokoan zegoenean, matrakaka hasi dira berriz ere. Esaterako, zuhaitzak eta orbela jartzea edo dena hormigoiz estaltzea erabakitzeko orduan. Landareen prezioa urtero hiru eurokoa zen, etxe bakoitzeko, eta argi eta garbi, eztabaida hormigoiak irabazi zuen. Baina, azken unean, plaza nola geldituko zen ikusita, erabakia aldatzea erabaki zuten.
Udalak, kale-argiak ordainduko zituela adostu zuten, baita egin ere. Eta orain, urte asko pasa eta gero, plaza bukatzear dago. Azkenengo ukituak gelditzen dira soilik, beraz, 2016. urtean, behingoz, Santa Klara kalea guztiz konponduta egongo da, aspaldiko partez.