Lehen bisita osasun-zentro berrian

uriola.eus 2016ko urt. 14a, 09:34

Osasun-zentroko inaugurazio ekitaldiko une bat

Astelehenean artatuko badituzte ere lehen erabiltzaileak, gaur, hilak 14, Aita Esteban Pernet kalean kokatuta dagoen Santutxuko osasun-zentro berriak ateak zabalduko ditu auzotarrek ezagut dezaten. 12.500 santutxuar baino gehiagori emango dio zerbitzua aurrerantzean. 

Joan den astelehenean inauguratu zuten Kameloko osasun-zentroa. Astelehenetik ostiralera emango du zerbitzua, 8:00etatik 20:00etara bitartean, eta 25 profesional arituko dira bertan lanean. Gaur, osteguna, urtarrilak 14, irekiko ditu ateak 11:00etatik 13:00etara, auzotarrek euren osasun-etxe berriari bisita egiteko aukera izan dezaten, bihar, ostirala, dokumentazioa eta ekipamendua jasoko ditu, eta astelehenean -urtarrilak 18- abiaraziko du publikoari arreta zerbitzua.

Gainera, epe laburrean, zerbitzu berri bat eskainiko du. Hain zuzen ere, emagin-kontsulta bat edukiko du, emakumeentzako arreta programa bat garatzeko.

Zentroak aurreko osasun-etxearen azalera bikoizten du; 900 m2 ditu; hiru solairutan banatuta dago, eta guztira, bi milioi eurotik gorako inbertsioa egin da bertan.

Denboraren joana, instalazioen higatze naturala eta laguntza forma berrien ezarpena direla eta, "beharrezkoa zen osasun-zentro zabalago eta modernoago bat ezartzea Santutxun", Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan. Lehendakariak iragarri duenez, 2016an Miribilla auzoan azpiegitura sanitario berri zabalduko da. 

Aspaldian espero zuten santutxuarrek osasun-zentro berria. Hainbat atzerapenen ondoren iritsi da azkenik. 

 

[2016-01-12] 12.500 santutxuarrek osasun-zentro berria dute