Gaixo dauden presoen etxeratzea mozorrotuta eta kantuka eskatuko dute

uriola.eus 2016ko ots. 12a, 09:30

Santutxuko inauteriak asteburuan ospatuko direla eta, ostiral honetan, hilak 12, auzoko Sare dinamikako lantaldeak ez ohiko manifestazioa deitu du dispertsio politika salatu eta gaixo dauden presoen etxeratzea aldarrikatzeko. Ekimenaren ostean, lehengo otsailaren 4an aske geratu zen Aingeru Cardaño auzotarrari harrera egingo diote Santutxuko herriko tabernan. 

Auzoko inauterien atarian, mobilizazio zaratatsua egingo dute Santutxun "euskal preso politikoak gogoan eta beraien askatasuna eskatzeko". Mozorrotuta eta kantuka egingo dute ostiralean manifestazioa 20:00etan Egunkaria plazatik abiatuta. Zarata egiteko tresna eta gailuak eramateko dei egin diete auzotarrei. "Txistuak eta kazola zaharrak" eramateko.

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarrak egin du deialdia. "Inauteriak badatoz auzora baina oraindik presoak falta dira", dio Santutxuko Sarek okasiorako prestatu duen bertsoan. "Etor zaitez gurekin batera", esanez luzatu du gonbidapena jendartean.

 Manifestazioa bukatzean, harrera egingo diote lehengo otsailaren 4an aske geratutako Aingeru Cardaño santutxuarrari, kondena bere osotasunean bete ostean. 2015eko irailaren 1ean atxilotu zuten Cardaño. 2014ko azaroan hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten Aitor Fernandez Piol indautxuarrarekin batera, 2001ean kutxazain batzuen kontra egindako erasoagatik.