Lipduba, flashmoba eta iaz ‘Bizikleta erronka’. Zalantzarik gabe erronkazaleak dira Santutxu eta Txurdinagako herritarrak. Aurten ere erronka handiarekin emango diote hasiera Euskararen Asteari. ‘Zapitik zapira euskarari tira’ ekimenarekin. 1.000 lagun inguru elkartu nahi dituzte okasioarako. Euro batean salgai egongo diren zapiak eskuratu eta elkarren zapia helduz kate luzea osatzea dute xede. Santutxu auzoko plaza nagusiak lotzeraino. Garabi, Basarrate, Bastida, Arsuaga eta Karmelo plazak, hain zuzen ere. Erronka “potentea” Euskararen Asteko antolatzaileen esanetan.
‘Zapitik zapira euskarari tira’ ekimenaren hitzordua gaur, hilak 11, izango da 18:45ean. Zapi-katea osatu ostean, 19:45ean, partaideak Karmelo plazan elkartuko dira, ekitaldi nagusian. Bertan irakurriko dute Euskararen Asteko mezua. Ondoren, musikariak, kale animazioa, salsa saioa eta Santutxu Kantari izango dira, besteak beste, auzoan zehar.
Martxoaren 12an, 50 urte euskara partekatzen erakusketa ikusteko aukera izango da Karmelo eta Iturriaga kaleen izkinan, 11:00etatik 13:30era. Santutxuko Euskal Eskola-AEKren erakusketa, hain zuzen ere. Urteetan izandako ibilbide metodologikoak (1966-2016), materiala, irakasle eta kideen azalpenak, bertsolariak... izango dira ikusgai eta entzungai.
Martxoaren 13an, Dantzari Eguna izango da.
Darabilbo egitasmoaren baitan, Koldo Urrutikoetxeak, Hektor Ortegak eta Alberto Ugartek Zabalbide kalean zehar auzoko historia zaharrak izango dituzte hizpide. Nolabaiteko antzinako Santutxuren berri emango duten ibilbide gidatuak izango dira. Solokoetxen hasita. Martxoaren 16an 19:00etan eta martxoaren 17an 10:00etan.
Kike Amonarriz soziolinguista eta umoristaren bisita ere izango da Euskararen Astean. Martxoaren 17an hitzaldia eskainiko du Amonarrizek Santutxuko udaltegian (Remigio Gandasegi 6) euskararen ajeen inguruan.
Ondo bukatzeko, martxoaren 19an, larunbata, Kuadrillen Eguna ospatuko da Santutxun.
Ikastetxeetan ere Euskararen Astea
Milaka ikasle elkar eraginean ibiliko dira jo eta ke martxoaren 15-18 bitartean esperientziak partekatzen, ‘Ikasleak artistak eta protagonistak’ lelopean. Kirol jardueretan, zunba tailerrean, dantzaldietan edota antzezlanetan bat egingo dute HH, LH eta DBHko ikasleek. Baita, enigma joko eta beste zenbait lehiaketa digitaletan.
Helburutzat dute euskalduntze prozesuan Santutxu eta Txurdinagako neska-mutilak euskal hiztun ahaldunak izatea.