'Bisaiak: jauziaren aurpegiak'

Erabiltzailearen aurpegia KARMELA 2016ko mar. 9a, 09:47

Arratsalderako planik ez? Gaur, arratsaldeko 19.00etan KRMLn Bisaiak: jauziaren aurpegiak. Sarrera librea! Animatu!

Bisaiak elkarteak euskal gatazka politikoaren memoria kolektiboari ekarpen xume bat egin nahi dio. Ekarpena errealitate bilakatzeko asmoz, pasa den ekainean hiru multimedia artikulu publikatu genituen Jauzia Proiektua izenburupean. Helburu berari erantzunez, azaroaren 20an, Hazparneko euskal zinemaren festibalean (Zinegin-en), Bisaiak: Jauziaren aurpegiak dokumentala estreinatu genuen. 
 
Gure proiektuak nazionalitate frantsesa duten norbanako arruntak ditu oinarritzat, konpromiso maila eta arrazoi ezberdinak izanagatik, euskal gatazkan inplikatzea deliberatu zuten zazpi pertsona. Izan ere, 80-90. hamarkadetan, Euskal Herriko gatazkaren baitan, nazionalitate frantsesa zuten pertsona ugarik gatazkan parte-hartzea erabaki baitzuten. Guk zazpi kontakizun dakarzkizugu, euskal gatazkaren baitako biolentziak baldintzatutako zazpi ibilbide eta bizipen. 
 
Ekintzak eta hildakoak asteroko ogia ziren garai horretan, frantses hiritartasuna zuten gizabanako arrunt batzuek nazio askapenerako borrokan aktiboki parte hartzea erabaki zuten. Baina nor dira pertsona hauek? Zer da egin zutena? Zerk bultzatu zituen egindakoa egitera? Zergatik egin zuten jauzia? Proiektuan ikusgai den moduan, Estatu frantsesean oro har eta Ipar Euskal Herrian zehazki, pertsona ugari izan ziren, arrazoi ezberdinengatik, beren etxea, familia edota bizitza bera ematea erabaki zutenak Euskal Herriaren aldeko askapen borrokan. Pertsona horietariko batzuek etxean jaso zuten militantzia-kultura. Beste batzuek, haatik, ustekabean egin zuten topo Euskal Herriko gatazkarekin.
 
Lan honen bitartez, pertsona hauen ibilbidea erakusteaz gain, beren engaiamenduaren arrazoiak ezagutarazi nahi dizkizuegu. Honenbestez, pertsona batzuen isilpeko lanari ahotsa jartzea da gure helburua, erran ezin zena kontatuz eta ikusi ezin zena erakutsiz.