Santutxu "erabakitzeko eskubideaz" inguratzeko prest

uriola.eus 2016ko mai. 20a, 09:10

Gure Esku Dago dinamikaren baitan dagoen Santutxuko taldeak ekimen berri bat antolatu du. Maiatzaren 22an, igandea, Santutxu auzoa "erabakitzeko eskubideaz" inguratzea, alegia.

Maiatzean eta ekainean hainbat ekimenen bitartez erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak aurrera egin nahi du Euskal Herrian. Gure Esku Dago dinamikak sustatuta, zenbait herritan bozketak egingo dituzte eta beste zenbaitetan erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak publiko egingo dituzte. Tartean, Santutxun. 

Gure Esku Dagoko lantaldeak 'Santutxuko adierazpena' izeneko dokumentua adostu du. Sei puntuko adierazpena. Bertan, Santutxuko bizilagunek "dagokigun eskubidearen gauzapena behar beharrezko konpromisotzat" hartzen dute. "Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, gure garaia da, herritarron garaia da", diote. "Ezinbestean" galdetu behar zaiela azpimarratzen dute: "Zuzenean galdetu behar zaigu gure etorkizunaz". Eta horretarako "itun handi" baten beharra nabarmentzen dute. Desberdinen arteko ituna. "Santutxuko auzoan 32.000 herritar bizi bagara, jaioterri desberdinak, pentsaera, kultura, sozial, politiko, ideologiko… eremuetan desberdinak. Baina guzti horren gainetik, egon badago lotzen gaituen lokarria, hau da, euskal herritarrak garela".                                                                                                    

Gizarteko "elementu erabakigarri eta parte-hartzailea" izateko prest dauden auzotarren konpromisoak biltzeari ekin dio Gure Esku Dagoko lantaldeak. Norbanakoen konpromisoak batzeari, hain zuzen ere. “Sinadura eta guzti eskatzen diegu”, dio Iñaki Legorburu taldekideak. 'Santutxuko adierazpena' sinatzeko aukera astelehenetan dago (20:30) Garoa Txokoan (Alicante 5) eta asteartetan Auzo Elkartean (19:30-20:30). Sinatzaileek maiatzaren 22an, larunbata, 11:30ean Ritxi plazan egoteko konpromisoa hartu dute. "Gure asmoa da konpromisoa hartzen duen lagun bakoitzari hizki bana ematea maiatzaren 22an, denok lerroan jarriz, hizkiz hizki Santutxuko adierazpeneko sei puntuak osatzeraino". 

Ekainaren 5ean, berriz, Bilbon itsasadarrean zehar erabakitzeko eskubidearen aldeko beste pauso bat ematea aurreikusita dute. 

gureeskusantutxu@gmail.com