Euskal antzerki konpainien lana eta Interneten izan duten presentzia aztertu duzu zure doktorego tesian. Zelako esperientzia izan da?
Besteak beste, BERTON aldizkarian erredakzio lana utzi dut tesia bukatzeko. Denbora behar nuen, baina batez ere buruan lekua egin behar nion tesiari. Egunerokotasunak epe luzeko proiektuei denbora kentzen die. Bai tesina bai tesia zama itzela dira. Amaitu dut burugogorra naizelako oso, eta epea gainera zetorkidalako. Azken urtea indartsu heldu diot. Asteburuak liburutegian eman ditut lanean. Familiari eta lagunei esker atera dut denbora.
Zergatik bideratu duzu gaia euskal antzerkia ikertzera?
UNEDeko SELITEN ikerketa taldeko Jose Romera Castillo irakasleak proposatu zidan antzerkia eta teknologia berrien inguruan azterketa egiteko. Ez zegoen inor euskal antzerkiaren inguruan lanean. Berak hutsunea ikusten zuen hor. Tesia horretara bideratzea oso aberasgarria izan zitekeela esan zidan, eta animatu nintzen. Hutsunea betetzeko bidea hasi dut.
Zergatik ikertu duzu 2000-2009 epea?
Ikerketa epe hori aztertzeari ekin diogu ez bakarrik euskal antzerkiari dagokionean. Galiziako antzerkia ere epe horretan aztertu da. Hau da, badago Estatuko beste antzerki batzuekin epemuga hori sakonago ezagutzeko interesa. Orain arte hirietako karteldegiaren azterlan batzuk egin dira, ez hainbeste erkidegoetakoak. Egia da, epea luzatu ahala ikerketako materia ere zabaldu egiten dela. Nolabait, ikerketa mugatu beharra dago. Teknologia hain hedatuta ez zegoen tartea da 2000-2009 artekoa, eta guk tesia baliatu duguhamarkada horretako EAEko antzerki taldeen ekoizpenaren bilketa ere egiteko. Hori ere egin gabe zegoelako. Bigarren hamarkada ikertzea beste norbaiti egokituko zaio.
Zein iturri erabili duzu?
Arte eszenikoen dokumentazio zentroen direktorioak erabili ditut. Lau, hain zuzen. Centro de Documentacion Teatralena, Red Escenarena, Kultur Klikena eta Euskadiko Antzokien Sarearena. Horietan ageri diren antzerki taldeen informazioa bildu dut.
Zeintzuk dira ondorio nagusiak?
Presentzia profesionala duten taldeak baino askoz gehiago ageri dira. Hau da, profesional pilo bat erregistratuta daude EAEn. Badago antzerkian aritzeko gogo bat eta borondate handi bat, baina benetan profesional modura lan egitera heltzen direnak askoz ere gutxiago dira. Ikerketa honetan, talde amateurrak ere sartzen dira. Proportzioz oso gutxi dira, baina badaude. Gehiengo batek ez du bere burua definitzen, ez dira ez amateur, ez ESKENAren parte. Nire interpretazioaren arabera, jende asko dago antzerkiarekin bizi ez dena, nahiz eta antzerkiaz bizi ahal izateko nahia eta gogoa izan. Badago benetan antzoki ofizialetatik eta kaleko festibal ofizialetatik kanpo dagoen antzerkia, komunikabidetan agertzeko aukera ez duena.
Zein arlotan ageri da jende gehien?
Ugaritasun gehien antzezleen artean dago. Akoreen zerrenda oso, oso luzea da. Egile eta zuzendarien kasuan, zerrendak txikiagoak dira. Antzezleak oso identifikatuta daude taldearekin, baita egileak eta zuzendariak ere modu orokor baten. Egia da batzuk mugitu egiten direla eta kolaboratzen dutela beste talde batzuekin, hurbilekoekin. Maite Agirre, Galder Perez edota Fernando Bernuesek, esaterako.
Zelako antzezlan mota da nagusi?
Helduentzako antzelanak dira nagusi eta bigarren mailan familia osoari zuzendutakoak. Nabarmentzekoa da ekoizpenen oso portzentaje txikia, %2a soilik, zuzentzen dela gazteei. Lan gehienen atzean testua bat dago, eta %10ean mugitzen dira dantza, clowna, txotxongiloa edota zirkua.
Taularatzen diren antzezlan gehienen testuak taldeek sortuak dira.
Antzerkia idazten da, argitaratu aldiz oso gutxi, baina taularatzen dena ez da orokorrean beste batzuek idatzitako, taldeek sortu dutena baizik. Oso ikuskizun gutxi erregistratu ditut sorreran antzerki testu izan direnak. Gehiengoa sormen propioa da. Horregatik desberdindu behar dira antzerki literatura eta antzerkia.
Zein hizkuntzetan sortzen dute antzerki taldeek?
Antzezlanak batez ere gaztelaniaz egiten dira. Badago portzentaje altu bat elebiduna dena, bi bertsio egiten dira, eta euskarazko ekoizpena umeei zuzendua da. Talde handi batek egin ditzake bi bertsio, talde txiki batek ez. Euskarazko antzerkia umeei zuzendua dago gehien bat. Hizkuntzaren gaia hemendik kanpo asko gustatzen zaie; hizkuntzei buruz galdetzen didate gehien.
Profesionalak dira talde ezagunenak?
Bai, plaza eta antzoki gehien biltzen dituztenak dira. Gehienak ESKENAn daude sartuta. Eta talde profesional horiek dira Interneten presentzia osoena daukatenak. Logikoa da.
Zelako informazioa ematen dute web guneetan konpainiek?
Euren ibilbidearen inguruko informazio mota aztertu dut. Besteak beste, sorrerari erreparatu diot egun dauden antzerki talde asko 80ko hamarkadatik martxan daude, badira beste asko berriak ere. Kideen berri ematen duten jakin nahi nuen, oso gutxitan aipatzen den datua delako. 2000-2009ko ekoizpenak, datak, lekuak, antzelan motak, egiletza... aztertu ditut. Esaterako, 80ko hamarkadan sortutako taldeak oso kolektiboak dira sormenean, eta ez dira izen propioak nabarmentzen. Hori talde berriagoetan mantentzen den ikusi nahi nuen.
Eta?
Orokorren joera mantentzen da. Baina nire interpretazioa baino ez da. Taldeek euren web guneetan emandako informazioarekin fidatu naiz. Egiletza ez agertzea izan ahal da arrazoi desberdinengatik: datua jarri ez dutelako, interesgarria ez zaielako iruditu edo, benetan, sormen kolektiboko lanak direlako.
Irregulartasuna ere atzeman duzu?
Bai, web guneak nahiko irregularrak dira. Adibidez, ikuskizun baten inguruan datu pilo bat ematen dute eta beste kasu batzutan inor ere ez dute aipatzen, ezta egilea ere. Ezin dituzu datu guzti-guztiak aurkitu web gune bakarrean. Horrek interpretaziorako asko eman dezake, ikerketa gehiago eginez eta zuzenean taldeekin hitz eginez.
Web guneak dira nagusi?
Gehien bat ohiko web guneen bitartez zabaltzen dute informazioa taldeek. Sare sozialak berantirragoak direnez, 2015era arte luzatu dut ikerlana arlo horretan. Gipuzkoan, esaterako, Facebooken bakarrik funtzionatzen duten taldeen presentzia altuagoa da, portzentaje oso altua ez den arren.
Zein da arrazoia?
Facebookek kudeaketa erraza du, eta gainera ekonomikoa da. Talde txikienek Facebook aukeratzen dute gehien bat. Hala ere, muga handiak ere badauzka. Esaterako, informazioa hizkuntza desberdinetan ematea errepikakor egiten du Facebookek. Blogekin ere gertatzen da. Oso arraroa da blogetan albisteak itzultzea. Web guneek, aldiz, aukera gehiago ematen dute informazio bera hizkuntza desberdinetan eskaintzeko edota bestelako edukiak, argazkiak eta bideoak, sartzeko. Web guneak aberatsagoak dira.
Zein hizkuntzetan ematen dute informazioa Interneten?
Taldeen ia %100ak gaztelenia erabiltzen du Interneten eta beste askok bi hizkuntza, euskara eta gaztelania. Portzentajeak bat datoz tokian tokiko errealitate linguistikoarekin. Frantsesak eta ingelesak ere badute presentzia, eta nazioartean mugitzen diren taldeek lau hizkuntza erabiltzen dituzte.
Informazio lanketaren bilakaera zein izan da?
2015era hurbildu ahala igarri dut estetikoki asko aberastu direla. Oso garbiak dira web guneak, erosoak edukiak aurkitzeko. Bideo kanalei lekua egin diete. Igartzen da baita konpainia profesionalek, asko mugitzen direnek, Interneten benetako inbertsioa egin dutela.
Zein talderen web guneak deitu dizu arreta?
Web gune oso politak egiten ari dira talde asko. Markeliñerena, adibidez, oso gaur egungoa da. Pabellon6 ere, era apalagoan, lan ona egiten ari da. Teknologia berriekin egin behar den esfortzuaz jabetu da.
Taldeak ondare kulturala sortzen eta biltzen ari direla diozu.
Ondare asko artxiboetan izango dute taldeek gordeta. Hori ateratzea benetako lan handia da, eta horretarako ikertzaileak behar dira. Baina antzerkiaren inguruan ikerketa egiten oso jende gutxi ari da. Taldeek Interneten euren lan hori egiten duten bitartean ondare kulturala osatzen jarraitzen dute, eta horretaz jabetu behar dugu. Eskatu behar diegu taldeei ahalegina egin dezatela datuak modu osatuan emateko. Agian, bide hori erakundeek zabaldu beharko lukete, ondare hori mantendu eta gorde beharra dagoelako.
Zure tesia norentzat izan daiteke erabilgarria?
Lehen hamarkadan gertatu zena jakin nahi duenarentzat. Azpimarratu nahi dut, errealitatearen parte bat dela eta osatu behar dela. Antzerki taldeei buruz ez diot ezer eurek ez dakitena, baina ondo letorkie eurek gehiago lantzeko. Nolabait hausnarketarako balio du; teknologia berrien eta sare sozialen indarra baliatuta euren lana nola aberas daitekeen pentsatzeko. Nire idealetan dago, adibidez, publikoaren hurbiltasuna eta fideltasuna lortzea, publiko berriak lotzea eta, zergatik ez, sormenerako beste bide bat zabaltzea. Antzerkia oso bat-bateko esperientzia da. Baina zergatik ez luzatu? Antzelan batekin gozatzera hurbildu den pertsonak esperientzia hori luza dezake teknologia berrien bitartez. Esperientzia mota berriak bila daitezke.
Martxoan Estrasburgon aurkeztu duzu tesia XXI. Antzerkiaren Elkartearen bigarren bilkuran. Zelako harrera izan du?
Oso harrera ona. Benetako interesa dago ikertzaileen artean. Aitortu ziguten zein gutxi entzuten den eta zenbat gustatzen zaien Euskal Herrian egiten den antzerkia. Askok aipatu zuten 80ko hamarkadako euskal antzerkia erreferentzia izan zela Estatu mailan, eta horregatik interesgarria iruditzen zaie gaur egun gertatzen denarekin alderatzea. Fokoa gugan jarrita dute eta zer edo zer espero dute gugandik. Egia da, Euskal Herriko errealitatea bertan ere oso gutxi ezagutzen dugula. Araban, Nafarroan edota Iparraldean oso errealitate desberdinak daude. EAEko taldeen lan oso gutxi ikus ditzakegu gure auzoetan eta herrietan. Guk ez badugu ezagutzen gurea, pentsa gure mugetatik kanpo! Besteena ere ez dugu askoz gehiago ezagutzen. Madrileko ekoizpen handiak bai, baina Galiziako antzerkia, esaterako, ez zaigu iristen.
Estatuan bidea zabaltzea lortu dute batzuk.
Madrilen ezagunak dira euskal aktoreak antzerkira eta zinera heldu direlako, baina ez hainbeste Euskal Herrian gaur egun egiten den antzerkia.