Antolatzaileek azaldu dutenez, “Santutxun toki ezberdinetan jasotzeko aukera eskaini dugu aurten, Karmelo ikastolan, Txurdinagako AEKn zein Santutxuko Garoa txokoan”. Garoa txokoan banaketa egiten dutenekin batu gara eta aurtengo oliba olio kanpainaren nondik-norakoak azaldu dizkigute. Oso pozik agertu dira antolatzaileak aurten banaketa egiteko jende gehiago animatu delako; iaz toki bakarra zegoen banaketa egiteko Santutxun eta aurten beste toki batzuetan egin da, beraz, pertsona gehiago inplikatu da lanean.
Bilbon, guztira, hiru tokitan banatu da, ikastolez eta AEK euskaltegiaz gain.
Oliba olio kantitateari dagokionez, aurten Santutxun olio ekologikoko 65 botila edo garrafa eta oliba olio konbentzionaleko 184 garrafa banatu dira. Hain zuzen, 1.245 litro olio (Euskal Herrian 75.000 litro baino gehiago). Iaztik hona asko igo da olio eskatzaileen kopurua, eta jendearen harrerari dagokionez, oso pozik daude produktuekin. Olio ekologikoa gehien bat gazteek erosten dutela esan digute, “beharbada produktu ekologikoei buruz kontzientzia handiagoa izan dezaketelako”.
Errigora proiektua Nafarroako Erriberan hasi zen proiektua da, bertako produktuak eta elikadura burujabetza Euskal Herri osoan sustatzeaz gain, euskara babesteko kanpaina ere bada. Errigoran parte hartzen duten ekoizleek eskuratzen duten irabaziaren zati bat Nafarroako hegoaldean euskara bultzatzera bideratzen baitute. Santutxun hirugarren Errigorako kanpaina dute aurtengoa. Oliba olioaren kanpaina amaitu berritan, maiatzerako kontseben kanpaina antolatzea dute buruan. Aipatutakoez gain, urtero gabonen aurretik udazkeneko uztaren kanpaina egiten dute gabonetako otzarak prestatzen.
Kontserba kanpaina maiatzaren 12tik 24ra
Kontserba kanpaina heltzear da eta orburuak, piperrak, zainzuriak, potxak zein menestra eros daitezke prezio onean. Maiatzaren 12tik 24ra izango da, hain zuzen, kontserba loteen kanpainan parte hartzeko epea. “Euskal Herriko produktuak ezagutzeko aukera ezinhobea da, zuzenean ekoizleei erositakoak eta, bide batez, euren lana modu duin batean tratatua izateko aukera eskaintzen dugu”, diote Santutxuko Errigorakoek. Bitartekariak ekidin nahi dituzte salmenta hauen bitartez, zuzenean ekoizleengandik kontsumitzaileengana produktuak eramanez.
“Elikadura subiranotasunarekin ere badu zerikusirik, izan ere, bertako produktuekin lanean ari diren baserritar eta ekoizleentzat irteera interesgarria da, hainbat genero saltzen baita”. Olioari dagokionez, badaude ekoizle handiak direnak, “denok ezagutzen ditugunak”. Errigorakoak, aldiz, ekoizle txikiak dira, “inoiz ere ezingo luketenak ekoizle handiekin lehiatu”.
Lehen kanpainatik daude Errigora eta euskara loturik. Hasieratik eman zaio euskarari garrantzia handia eta produktuen etiketa guztiak, esaterako, euskaraz idatzita daude. Hala, hizkuntzaren normalizazioan “lan handia egiten ari dira” inguru erdaldun batean.
Elikagaien eskaera internetez egiteko zein aurrez aurre eskabide orria beteta egiteko aukera dago; eta bertan aukeratzen da noiz jaso nahi den materiala. Taldekoek argitu digute gehien bat ahoz-aho zabaltzen dituztela kanpainen datak eta “jendeak, oro har, badaki non jaso behar dituen produktuak.” Santutxun oliba olioa jasotzeko, adibidez, martxoaren 14an finkatu zuten data. “Urtero jende ezberdina biltzen da proiektuan, gero eta jende gehiagok hartzen du parte, hala ere, badago despistatzen dena eta olioagatik galdetzen duena kanpaina amaitu denean”, gehitu dute.
Urteroko auzolana
Errigoraren oinarrian auzolana dago. Euskal Herri osoko boluntarioen taldelana, besteak beste, santutxuarrena. “Gabonetako kanpainarekin batera euskarari laguntzeko asteburuko auzolana egiten dugu urtean behin. Bi urtez Nafarroan egin izan dugu auzolana. Iaz, adibidez, Ablitas herrian. Oso giro ona sortzen da eta elkar ezagutzeko aukera polita da”, aitortu dute Mahatserrikoek.