“Hezkuntza Saila 3. mailako azterketari garrantzia kentzen ahalegindu da plantoa desaktibatzeko”

uriola.eus 2016ko api. 18a, 16:59

Sergio Zamakona eta Olatz Egiguren, Briñas eskolako eta Karmelo ikastolako gurasoak

2014/15 ikasturtetik elkarlanean dabiltza Briñas eskolako LOMCE eta HEZIBERRIren kontrako lantaldea eta Karmelo ikastolako Guk Geurea LOMCEri Ez lantaldea. Sergio Zamakona eta Olatz Egiguren lantaldeetako kideen arabera, Espainiako Parlamentuak LOMCE ezartzeko egutegia gelditu duen arren, Hezkuntza Sailak aurrera darrai HEZIBERRIrekin eta 3. mailako azterketarekin.

Aurtengo ikasturte hasieran Lehen Hezkuntzako 3. mailako eta 6. mailako ikasleek diagnostikorako azterketak egin beharko zituztela zioen Hezkuntza Sailaren zirkular bat jaso zuten ikastetxeek. Urtarrilean jakinarazi zieten zuzendariei  6. mailako azterketa ez zela 2015/16 ikasturtean egingo, oraindik orain prestatzen ari zirelako, eta 3. mailako azterketak aldaketak izango zituela.

 

Zergatik zaudete LHko 3. mailako azterketaren aurka?

Froga diagnostikoa dela diote, baina zeinek dio beharrezkoa dela 3.mailan froga diagnostiko bat gure ikastetxe guztiek zikloka funtzionatzen dutenean? Zertara dator? Dator LOMCEri erantzutera. LOMCEk esaten du 3. eta 6. mailan azterketak egin behar direla. Eta HEZIBERRIk egiten duena da hori bete Madrileko lege organikoak hori agintzen diolako. Hori da guk egiten dugun salaketa. Haiek esaten dute, ‘ez, ez, ez, ez du LOMCErekin zerikusirik’. Baina ez dago beste arrazoirik hori egiteko.

Iaz ez genekien 3. mailako azterketak zein ikastetxetan egingo ziren. Jaurlaritzak esanez gero azterketak egin behar zituela, ikastetxea behartuta zegoen horretara. LOMCEren pilotaje bezala beharrean, HEZIBERRIren barneko froga diagnostiko bezala aurkeztu zuen Hezkuntza Sailak azterketa. EAEn dena aurkeztu dute HEZIBERRI bezala.

Hezkuntza Sailak ez du argitu 2015/16 ikasturte honetan LHko 3. mailako azterketaren derrigortasuna.

Urtarrilean ikastetxeetako zuzendariak bilerara deitu zituen Hezkuntza Sailak. Bilera hartan airean geratu zen azterketaren derrigortasuna. Zuzendari askok ulertu zuten han esan zitzaiela ikastetxeen esku geratuko zela azterketa egin edo ez egin. Izatez, gure zuzendaritzek horrela interpretatu zuten. Maiatzeko bigarren astean hasi eta maiatzaren 26rako amaitu nahi ditu 3. mailako azterketak Hezkuntza Sailak. Aukera bada guk ez dugu egingo. Gure ikastetxeek ez dute egingo horrela erabaki dutelako.

Zurrumurru asko dabil Hezkuntza Sailak ez duelako idatziz ezer jarri?

Inon ez du idatzi Hezkuntza Sailak ikastetxe bakoitzaren esku dagoela azterketaren azken erabakia, egin edo ez. Zuzendaritza batzuk deitu dute Hezkuntza Sailera, eta esan diete derrigorrezkoa dutela azterketa egitea. Horregatik zurrumurru asko dabil.

Briñas eskolak uko egin dio jada 3. mailako azterketari. Jaso dezake Hezkuntza Sailaren aginduren bat?

Lantaldean aztertu ondoren gaia Klaustrora eta Eskola Kontseilura eraman genuen. Ikastetxe bezala 3. mailako azterketa horren kontra gaudela adierazi dugu. Gure ezezkoa Berritzegunera eta Hezkuntza Sailera heldu da. Karmelon ere bide bera egingo dugu. Briñas aurerratu denez gerta daiteke Hezkuntza Sailak esatea ‘nola ez duzuela egingo?’. ‘Egin behar duzue’, esatea. Oraindik ez dugu Hezkuntza Saileko erantzunik jaso. Protesta gisa, ostiralero hasi gara, elkarretaratzeak egiten eskola aurrean.

Zein desberdintasun dago aurreko ikasturtearekin alderatuta?

Aldaketak izan dira. 3. mailako azterketa ondorio akademikorik ez duen borondatezko froga diagnostiko bezala aurkeztu dute. Ikastetxe bakoitzak azterketarako eguna aukeratu ahalko du aurten. Ikastete bakoitzak erabaki ahalko du azterketa eredua egin edo moldatu. Tokian tokiko irakasleek egingo dute aztreketa eta eurek zuzenduko dute. Emaitzak modu orokorrean egingo dira publiko ikastetxeen izenak aipatu gabe Hezkuntza Saila aldaketa hauekin 3. mailako azterketari garrantzia kentzen ahalegindu da plantoaren aldeko mugimendua desaktibatzeko asmoz. Iaz kristoren indarra hartu zuen plantoak, eta aurten mantenduz gero argi zuen Hezkuntza Sailak ez zela azterketarik egingo. Iaz informazioa ukatu zigun azken unera arte, eta aurten informazioa desitxuratzen saiatu da.

Ikastetxeak derrigortuak badira?

Familiek hartuko dute lekukoa. Ikastxeentzat derrigortasun hori ez badago ikastetxe bezala egingo diogu aurre, era batera edo bestera. Gurasook inork ezin gaitu behartu, Gure seme-alabak ez baditugu eramaten azterketa egitera ezin gaituzte zigortu. Umeentzat ez dago inolako ondoriorik. Iaz ez zegoen eta aurten ere ez dago.

Bilbon zer giro dago?

Atxurin, Iruartetan, San Inazion, Mujikan, Deustun, Gabriel Arestin... badabiltza taldeak mobilizatzen. Saiakera pare bat egin ditugu elkarren berri izateko; iaz bi eta aurten bat. Hor ikusten da bakoiztak zein dinamika duen. Badago gogoa eta asmoa. Agian, aktiboenak gu izango gara.

Hilabete eskasen faltan zer gerta daiteke?

Plantoaren zurrunbilo guztia azken hilabetean eman zen aurreko ikasturtean. 3. mailako azterketa zein ikastxeetan egin zitekeen zabaltzen hasi eta berehala. Nafarroan hasi eta bolbora bezala piztu zen giroa. Ikastxete batzuk inolako dinamika gabe egun batetik bestera aktibatu ziren eta plantatu ziren; ez zituzten umeak ikastxeetara bidali azterketa egunean. Bizkaian leku askotan. Aurtengoan ere, lehenengoak hartzen duenean abiadura 'derrigortuta gaude eta guk ez dugu egingo' mezua zabalduko da.

Ikastetxe bezala edo, azkenean ikastetxeak derrigortuak badira, familia bezala erantzun zabala ematea espero dugu, iazkoa dinamikaren kapitala jasota eta aurtengo ikasturte hasieratik daramagun dinamika kontutan hartuta. Hala ere ikastetxe askotan egin egingo da azterkea, adibidez ikastetxe kontzertatuetan. Erlijioso gehienek, ados dauden heinean, egingo dute. Sare publikoan eta ikastoletan plantoaren aldeko dinamika gehiago egon da.

Eta azterketak egin ostean?

Ikastetxe publikoak eta kontzertatuak erdi eta erdi gara. Kontzertatu erlijiosoak azterketa egiten badute, datuek erakutsiko dute azterketa ikastetxe ‘askok egin dutela’.

LHko 3. mailako azterketaren aurkako ekimen berezia antolatu duzue maiatzaren 6an Santutxun. Zergatik?

Bi ikastetxetan lanean ari gara 3. mailako azterketen aurrean planto egiteko. Iaz prentsaurrekoa eman genuen gure ukoa publikoki adierazteko. Aurten nola auzoratu eta indartu pentsatzen ibili gara, baina ez plantoaren ikuspuntutik soilik. Ezezkoari buelta eman nahi diogu, positiborantz jo. 'LOMCEri ez', 'HEZIBERRIri ez' eta 'froga guzti horei ez' esaten jarraituko dugu. Baita 'gure hezkuntza sistema propiari bai' eta 'euskal hezkuntza publikoari bai'. Ildo horretan sakondu nahi dugu, gure errealitatetik eta beharretatik. Maiatzaren 6ko ekimenak hortik izango du asko.

Zer egingo duzue zehazki?

Ostiral arratsaldez auzoan, Santutxun, elkartuko gara. Jai giroko ekitaldia prestatzen ari gara Ximelgorrirekin. Umeentzat eta naguesientzat eskaintza. Auzoko taldeei zabalduko diegu deiadia. Ekarri nahi ditugu ikastetxeak eta beste eragile batzuk. Esaterako, Karmelo Bizirikeko asanblada, Cantharellus mikologia taldea edota Santutxu Kantari. Salaketarako tartea ere egongo da. Egun horretan esan nahi duguna da hezkuntza ez dela bakarrik ikastetxeen eta ikastetxeetako partaideen kontu bat, herritarrena ere badela. Une honetan aldarrikapenen protagonista hezkuntza komunitatea gara, baina pentsatzen dugu bat egin beharko lukeela gizarteak ere. Horren adierazle izan nahi du egun horrek.

Sorpresaren bat ere egongo da?

Bai, baina ezin dugu sorpresarik aurreratu.