Lau urteko ibilbidearen ostean, hasierako sei kideek gogor eutsi diote harremanari. Etxahun Arregi (ahotsa eta gitarra), Jon Tolosa, Tolo (gitarra eta koroak), Asier MM (bajoa), Irati Arregi (Ahotsa), Txosk (teklatuak) eta Axieritok (bateria). “Hasierako kide berberak gara” diote. “Nahiz eta gero eta tramankulu gehiago erabiltzen ditugun zuzenekoetarako, sei pertsona jarraitzen dugu izaten”.
Zazkelek berrikuntza handia du esku artean. Disko bat, berria, lehenengoa. ‘Zazkel’ izenekoa, disko homonimoa. Andoaingo Garate estudioetan grabatua aurtengo Aste Santu ostean Kaki Arkarazorekin. “Hori zen taldearen helburu nagusietako bat eta momentu ona dela ikusi dugunean estudioan sartu gara”. Kaki Arkarazo bezalako teknikari eta ekoizle batekin lanean aritzea “oso esperientzia ona” izan da. “Musikariaren potentziala ondo baino hobeto aprobetxatzen du, eta konponketak egiterako orduan ere etekin handia ateratzen dio abestiari”, Etxahunen hitzetan.
Diskoaren grabaketara iristeko dirua aurreztu du taldeak. Hasieran diru bilketa kolektiboa egitea pentsatu zuten kideek, baina azkenean euren poltsikotik jarri dituzte sosak: “Eta merezi izan du, zalantzarik gabe”.
Estreinaldiko diskoa “anitza” dela diote bereizgarritasun gisa. Hainbat erritmo desberdinekoa, eta entzuleak abesti guztietan izango du “abesteko parada”. Horrezaz gain, abestiak entzuteko “errazak” dira. Hori da taldeak “bilatzen” duena. “Gure ekarpena, gaur egun hemen gutxi sustatzen diren musika estiloak jotzen, abestietan sintetizadoreak sartzen eta abestietako letretan mezu berriak sartzen egin nahi dugu. Adibidez, disko eta afrobeat erritmoak gogorarazten dituzten abestiak entzun daitezke maketan. Gainera, sintetizadoreak aukera anitzak ematen dizkigu eta bateria, baxu eta kitarrek lortzen ez dituzten gauzak lor ditzake”.
Oso pozik daude zazkeldarrak lortutakoarekin. “Dena atera da uste bezala, abestiek guk nahi genuen soinu kalitatea dute. Gauzak ondo atera zaizkizula ikusteak poz handia ematen du”.
Hamar abestiko diskoa taldearen kontzertuetan eskura daiteke. Oraingoz 500 kopia egin dituzte. Beste 500 kopia egin behar izatea “seinale ona” izango litzateke, baina ez du uste Etxahunek horrelakorik gertauko denik “gaur egun diskoen salmenta oso urria baita”.
Diskoaren aurkezpena “etxean” egingo dute, Meñakabarrenan San Juan egunean, eta “nahi duena gonbidatuta dago”.
Zazkelen hurrengo helburua, kontzertuetan “plazak betetzea da”. Horretarako ahalik eta kontzertu gehien ematen eta disko guztiak saltzen saiatuko dira, “ahal izatekotan”.
Aski da! Musikariok ez dugu doan jotzen!
Musikarien lanak “meritua” duela uste dute Zazkeleko taldekideek, eta ondorioz “ordaintzea merezi duela”. Argiro zuzendu dira musikazaleengana doan ez dutela joko jakinaraziz: “Ez pentsa zuen herriko festetan, zuen lagunen urtebetetzeetan eta zuen aretoetan zentimorik kobratu gabe joko dugunik”.
Izan ere, entseatzen, errepidean eta materialetan “denbora eta dirua” inbertitzen dute “beste edozein langilek bezala”. 20, 50 edota 150 eurotan emanaldi bat eskaintzea, “doan eskaintzea da”. Diru hori, sarri, gastuak ordaintzeko ere ez da aski izaten. “Beraz ezer ez ordaintzekotan, dirua guk jartzen dugu zuen emanalditarako”, diote egoera irauli asmoz.
Gainerako musikariei ere “duintasunez” jokatzeko eskatzen diete. Musikaria izatea “lan bat” delako, eta “gure lanak balio bat duelako”.