Bi urtez hutsik egon eta gero, Karmelo ikastola zaharra bizitzaz betetzea erabaki zuten joan den azaroan zenbait auzokidek auzoan eta Bilbon zegoen "espazio faltari aurre egiteko" eta auzolanean eta auzotarrentzat eraikia izango zen "espazioa berreskuratzeko”.
2015eko azaroaren 14an ekin zioten lanari. Egun hartan egitarau zabala prestatu zuten eta hainbat izan ziren espazioa txukuntzera hurbildu ziren lagunak. Denborak aurrera egin ahala eta eraberritze-lanetan eta antolaketa modua eztabaidatzen denbora luzea eman eta gero, tailerrak eta kurtsoak abiatu zituzten. Egun aste osoan zehar adin guztiei zuzendutako eskaintzak daude: ludoteka, liburutegia, Gaztetxoen Asanblada, tai-chia, euskal dantza tailerra, dantza afrikarrena, antzerki klaseak, rokodromoa sortzeko proiektua...
Hori gutxi balitz, hurrengo kurtsora begira, tailer berrien proposamenak heldu zaizkie eta kontsumo talde bat sortzeko asmoa agertu dute. Jardueretan izan den parte-hartze handia dela eta, hainbat izango dira datorren kurtsora begira mantenduko diren egitasmoak eta sortuko dituzten berriak.
Larunbatean, kurtso amaierako jaia prestatu dute, azken hilabeteetan kurtso zein tailerretan ikasitakoa jendarteratzeko asmoz. Aurrera begira, KRML Bizirikeko asanbdalako kideek azaldu dutenez, "azken sei hilabeteek emandako indarraz eta esperientziaz" baliatuta "ilusioz" ekingo diote datorren kurtsoari.
Kurtso amaierako jaia - Egitaraua - Ekainak 18 larunbata
- 11:00. Ogia egiteko tailerra, euskal dantzak, euskara taldea eta Tai-Chi.
- 12:00. Txalaparta tailerra eta mural herrikoiak.
- 12:00. 1, 2, 3… festa.
- 13:00. Gaztetxoen jolasak.
- 14:30. Parrilada herrikoia.
- 16:00. Musika: Atazal taldea, Bizirik bertso eskola eta Dantza Latinoen taldearen eskutik.
- 18:00. Antzerki-foroa Bihotzerrerekin: Lo mio es normal… ¿y lo tuyo?
- 19:00. ‘Yo por mis amigas lo que sea’ monologoa.
- 20:00. Zarzaparra taldearen kontzertua.