'Ixa' diskoa kaleratu du Solte talde santutxuarrak

uriola.eus 2016ko eka. 27a, 09:41

KRML Biziriken aurkeztu zuten larunbatean Solte taldeko lagunek, haien hamargarren urteurrenarekin batera kaleratu duten 'Ixa' lana. Taldekideek jakitera eman zutenez, "izerdi, gogo eta mimoz egindako lana" da eta Euskal panorama kulturaleko zenbait pertsonen laguntza izan dute, tartean, Oihana Bartra, Ines Osinaga, Gorka Armendariz eta Aitor DJ Kanaky.

'Ixa' Santutxuko boskotearen lan berri honek bederatzi kantuk osatzen dute. Bertan, aurreko diskoetan bezala ('Distantzia Nahikoa!' eta 'EroAlea'), erritmo biziak topatuko ditugu, hardcorea beste estilo musikalekin (rock,metal…) nahastuaz eta errealitatea, bizipenak eta injustiziak salatzeko euskaraz abesturiko letrak.

Taldeko kideen esanetan, "gorputz barrura sartzen diren gitarra riff-ak, bateria kolpe zuzenak, amorruz astinduriko baxu hariak eta ahots indartsu zein berezkoak" biltzen ditu disko berriak. Kantu sendoak uzten ditu lan honek, musikalki amankomunekoak baina desberdinak haien artean. Abesti baten baitan ere, estilo musikal ezberdinen nahasketa topa ditzakegu diskoa entzuterakoan. Argi dute "zuzenekoetan izerdia lehen minututik botatzen duen talde" direla, eta "gogo, indar zein ilusio hori da" estudiora eraman dutena.

Azken lan honi 'Ixa' izena jartzea erabaki dutela azaldu zuten larunbatean, taldeak aurten hamar urte betetzen dituelako eta horregatik zenbaki hori adierazten duen hizkia, "X" delako alegia.
 
Euskal panorama kulturaleko zenbait pertsonen laguntza izan dute lan berria gauzatzeko. Alde batetik, Oihana Bartra bertsolaria Arratoiek katuak jan kantuaren hitzak idazteaz arduratu da. Bestetik, haien ahotsak prestatu dituzte Leihotikan taldeko Gorka Armendariz eta Goseko Ines Osinagak Amets karratuak eta Zurrunbilo triangeluarra kantuetan. Norte Apache taldeko Aitor, DJ Kanaky, estudiora hurbildu da baita ere bere platerekin Auto-Mute kantuan parte hartzeko.

Diskoaren diseinuaren egilea, Unai Bergara (lubakigrafik.com) izan da eta argazkietaz Kanttuenea Ekintzakeko lan taldea arduratu da. Diskoa autoekoiztua izan da eta Creative Commons lizentzia librearekin argitaratu dute Taupaka elkartearen zigilupean.

Solte taldearen ibilbidea: autoekoizpenean oinarritutako musika proiektua

Santutxutik datorren taldea dugu Solte. Bertan hasi ziren proiektu hau garatzen 2006. urtean. Aurten, 10. urteurrena ospatzen dute disko berria kaleratuz. Makinaria ez da geratu sortu zenetik eta lan berriak zein kontzertu andana eskaintzen jarraitzen du baita Euskal Herritik kanpo ere. Taldea "barruan zeramatena ateratzeko ideiarekin" jaio zen eta hori musikara trasladatzerakoan, pertsonalitatezko estilo batean isladatzen da. Hardcorea beste estiloekin (rock,metal,…) naturalki nahasterakoan, Haritz "Txipi" ahotsean, Aritza baterian, Jon "Tolo" gitarra eta koroetan, Aingeru Cardaño gitarran eta Oskar "Txitxo" baxuan eta koroetan, haiek entzun dezaketen estilo musikal ezberdinak antzeman daitezke.

Hasiera baten soilik kontzertuak eskaintzen hasi ziren inongo grabaketarik eskuartean izan gabe, eta publikoaren interesa zela eta, 2011.urtean lehen estudio-lan luzea grabatu eta kaleratzeko erabakia hartu zuten, hamabi kantuz osotutako 'Distantzia nahikoa!' diskoa kaleratuz MusikHerria diskoetxearekin. Bertan, zenbait musikariren kolaborazioa izan zuten. Besteak beste, J.Sang (Ekon/Governors), Jon eta DJ Alf (MAK), Iñaki (Nuuk-At) etab…

2012.eko uda amaituta, lan berezi edo diferente bat grabatzeko intentzioarekin sartu ziren estudiora. Lau kantu berri, bideoklip bat eta sorpesatxoren bat ezkutatzen zuen 'EroAlea' lana kaleratzeko Taupaka elkartearen zigilupean.

Oraingoan berriz, 2016.urtean eta taldeak hamar urte betetzen dituenean, 'Ixa' deituriko lan berria aurkezten dute. "Izerdi, gogo eta mimoz egindako lana". Bilboko The Rock Studios-en grabatu, nahastu eta masterizaturiko lana, Urtzi Arrieta eta Carlos Creator teknikarien eskutik.