Dena prest Santutxun jaiei hasiera emateko

uriola.eus 2016ko uzt. 8a, 08:26

Argazkia: Garazi Ramos

Bihartik, uztailaren 9tik 17ra ospatuko dituzte aurten Santutxuko jaiak "auzokide, elkarte, dendari, tabernari askoren ahaleginari eta babesari esker".

“Auzotar guztientzako jarduerak” programatzea eta Basarrate plaza “herritarren elkargunea eta herri kulturaren arnasgunea” izatea dira Santuxuko jai batzordearen aurtengo erronkak. Horretarako, egitarauarekin “asmatzen” ahalegindu da batzordea. Bederatzi gau eta egun jarduera “zalapartariekin” betetzen, bederatzi gau eta egun “bizi nahiari eskaintzen”.

 

Pregoi eta txupin partekatua

Azken urteetan auzoko taldeei egokitu zaie Santutxuko jaietako pregoia irakurri eta txupina botatzeko ohorea. Aurtengoan 50 urte bete dituen AEK euskaltegiari eta 65. urteurrena bete duen Gaztedi Dantzari Taldeari egokitu zaie. Biek ala biek partekatuko dute zeregin hori Basarrateko oholtzan larunbatean.

 

Lehia gastronomikoak

Gazte zein helduak, kuadrilla txikiak zein handiak elkartu ohi dira Santutxuko gastronomia lehiaketetan nor bere dohainak erakustera eta prestatutako jaki goxoak konpartitzera. Geroz eta parte-hartze handiagoa eta arrakasta gehiago dute lehia gastronomikoek. Aukera ugari dagoelako, agian. Lehen eguneko bakailao txapelketa (58. edizioa) eta marmitako txapelketaz (12. edizioa) gain, pasta txapelketa (uztailak 11), paella eta sangria txapelketa (uztailak 12), tortilla eta postre txapelketa (uztailak 13) eta sukalki txapelketa (16. edizioa; uztailak 16). Jan-edanik ez da falta Santutxun. 

 

Kontzertuak

Basarrate plazako eszenatokian ohi bezala talde ugariren zuzenekoekin gozatzeko aukera izango da. Era guztietako musika taldeak hurbilduko dira. Feel Acoustic eta Lehian (uztailak 9), Palmeras orkestra (uztailak 10), Uluka taldea (uztailak 13), Habana 537 (uztailak 14), Los Amigos del Swing (uztailak 15), rock maratoiko irabazle Priscila Band eta Hijos de tu Iglesia (uztailak 15), eta bukatzeko Patrol Destroyers eta Marianitoz Blai (uztailak 16) eta Jokaldi berbena (uztailak 17).

 

Kartela, aukeraketa zaila

“Lan zaila izan da” kartelen lehiaketara aurkeztutako lanen artean bakarra aukeratzea. Azkenik, epaimahaiak Solokoetxeko Alfon Baguenaren diseinua hautatu du aurtengo jaien irudi bezala. Alfonek jaien hasierako ekitaldian jasoko du 100 euroko saria.

 

Aplikazioa

Android motako telefono mugikorra dutenek Santutxuko jaietarako beren-beregi sortutako aplikazioa instala dezakete. Aplikazioak jaietako egitaraua egunez egun eta jardueraz jarduera kontsultatzeko aukera ematen du. Epe laburrean iOS plataforman ere aplikazioa erabilgarri izatea espero du jai batzordeak.

 

 

@Sangutxu

facebook.com/sangutxu.santutxukojaiak

euskaldunona.com/santutxukojaiak.html

issuu.com/sangutxu/docs/16liburuxka104