“Oso larria bada torturekin gertatu dena, are larriagoa da torturei amaiera emateko gai ez izatea eta gertatua ez argitzea”

bertonaldizkaria 2016ko uzt. 15a, 08:45

Argazkiak: Iñigo Azkona

Eusko Jaurlaritzak eskatuta osatu du Paco Etxeberria forentseak zuzentzen duen taldeak euskal herritarren 4.000 tortura salaketa inguru jasotzen dituen txostena. Txostena aurkeztu eta astebetera agerraldia egin dute hainbat hiritarrek “1970etik gaur arte, ehundaka bilbotar izan gara torturatuak” adieraziz. “Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak edota Ertzaintzak torturatu gaitu” esan dute ozen. Horietako bi dira Arantza Garbayo eta Oskar Perez mahatsorriak.

Torturatuak izan diren 4.000 euskal herritarren lekukotzak jasotzen dituen ikerlanaren txostena aurkeztu ostean, zergatik erabaki duzue torturatuak izan zareten bilbotarrek agerraldi publikoa egitea?

Oskar Perez: Gatazkaren biktimekin lanean ari da Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia. Eusko Jaurlaritzak bere burua zuritu nahi du torturari buruzko txostenarekin, izan ere beti agertzen da biktima batzuen ondoan, beste biktima batzuk bigarren edo hirugarren mailakotzat hartzen dituen bitartean. Baina oraingo honetan, torturatuekin, hain argia izanik, txostena osatzeko agindu dio Paco Etxeberriari, eta Etxeberria bezalako ikerlari entzutetsu baten lanaren aurka ezin du egin. 4.000 kasuren berri jaso du, astakeria da hori. Kontua da, txosten horren argitalpenak ez duela izan beste Estatu batean izango lukeen oihartzunik.

Zergatik ez?

Arantza Garbayo: Erakundeetako arduradun zirenek bazekitelako torturen berri, onartzen zituztelako era aktiboan edo pasiboan. Kasu batzutan torturak egiten utziz eta beste kasu batzutan, Eusko Jaurlaritzaren kasuan bezala, Barne Sailaren bitartez, aginduak emanez. Polizia guztien torturen salaketak jaso dira, Ertzaintzarenak tartean. Ertzaintzaren atzean, azken ordezkari nagusi bezala, Eusko Jaurlaritza dago; eta hori EAJ da.

Herritarren artean desberdintasuna egiten duzue.

Arantza Garbayo: Gizartearen zati bat sentiberagoa izan da gaiarekin. Gurea herri txikia izanik, tortura jasan duen pertsonaren bat izan dute askok hurbilean, lehen pertsonan bizi izan duena eta kontaketa zuzena egin duena. Baina gizartearen beste zati batek torturen berri bazekien arren, begiak itxita izan ditu. Tortura onartzea ardura soziala baita, eta ardurak erreakzioa dakar, eta erreakzioak ezarritako botereari aurre egitea, eta horrek hainbat kostu ditu. Lasai bizitzea erabaki du jende horrek. Espainiako Estatuan, beste horrebeste gertatu da, baina dimentsio handiagoan.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du 2003an hasi zela Ertzaintza Tratu Txarren Prebentziorako Protokoloa ezartzen atxilotuen lege-bermea indartzeko. Zuek datu horri ñabardura egin diozue.

Oskar Perez: 2003ko ekainean Bilbon sarekada izan zen sei gazteren aurka, tartean geunden Santutxuko Aingeru Cardaño eta biok. Entzutegi Nazionalaren aginduz atxilotu gintuen Ertzaintzak. Arkauten esan ziguten torturen aurkako protokoloa ezarriko zigutela. Baina ez genuen aldaketarik nabaritu. Bost egun eman genituen musika topera jarrita 24 orduz, Gasteizeko justizia jauregitik forentsea zetorrenean baino ez zuten amatatzen. Ez ziguten uzten ez jesartzen ez etzaten, eta ariketa fisikoak egitera behartu gintuzten fisikoki eta psikologikoki lehertu arte. Nik aurre egin nien, eta ondorioz desberdin tratatu ninduten. Besteak gazteagoak ziren. Errekaldeko Unai Mallabiak ezin izan zuen deklaratu, ospitalera eraman zutelako, eta besteek euren burua erruduntzat jo zuten komisaldegian egindako aitorpenean. Entzutegi Nazionalean, epailarean aurrean, ez zuten aitorpena berretsi. Hala ere, espetxeratu zituzten.

Tortura salatu zenuten arren ez zen zabaldu berria.

Oskar Perez: Bertan behera geratu zen gure salaketa. Komunikabideen makina handiak tapatu zuen dena. Orduan Santutxuko Julio Ibarra ETBn lanean zegoen. Berarekin hitz egin nuen, eta esan zidan ez ziotela uzten horren berri ematen.

4.000 lekukotza jaso diren arren, torturatuak milaka izan daitezkeela diozue.

Arantza Garbayo: Indar nahikoa izan ez duen jendea dago , hilik dagoena, kartzelan…  Ni neu zalantzan egon naiz. Militante moduan daukadan ardurak eta gure herriak duen justizia beharrizanak bultzatu nau salaketa egitera. Pentsatze hutsak zurrunbiloa eragin zidan. Duela 20 urte nik neuk aurkitu nuen modua bizitako torturei aurre egiteko, baina gaur egun aldiz torturetan pentsatzeak ahuldu egiten nau. Bizirauteko grinari esker lortzen da gertatua atzean uztea.

Edozein demokrazian hautsak harrotuko lituzke torturen txostenak. Zergatik Espainian ez?

Arantza Garbayo: Sistematikoki urteetan torturatu ahal izateko aparatu guztien parte-hartzea beharrezkoa da. Justizia aparatuarena, aparatu politikoarena eta mediatikoarena. AEB, Israelen, Iraken… tortura sistematikoki ezarri da, eta handik edo hemendik zabaldu da torturen berria. Filtrazio edo zirrikituren batetik ailegatu dira irudiak edota lekukotzak. Hemen ere egunen baten irtengo da funtsa duen zerbait, kalbario hori pasa dugun pertsonen lekukotzatik aparte edota anekdota bezala bateko edo besteko Polizia zigortu duen ebazpenaz aparte. Nik argi dut material asko egon behar dela eskandalagarria izan daitekeena. Harritzen nau AEBetako armada boteretsuenean filtrazioak egotea eta hemen urteetan ezer ez zabaltzea.

Oskar Perez: Frantzian, Ingalaterran egunkari bateko zuzendaria torturatuko balute mundu mailako eskandalua litzateke. Hemen berriz gertatu da, eta ez du ondoriorik izan; beste kasu bat izan da. Bere lankideek ere babes txikia eman zioten. Pentsa zein babes gabe dagoen edozein gazte.

Isilerazi den praktika izan da.

Arantza Garbayo: Atxilotu nindutenean Guardia Zibilak ofizioko abokatua aurkeztu zidan. Abokatuari esan nion aitorpena egiteko prest nengoela tortura sesioekin jarraitzeko mehatxua egin zidatelako ez banuen eurek nahi zutena deklaratzen. Abokatuak ez zuen ezer egin, nik esandakoa ere ez zuen idatzi. Epaileari ere esan nion torturatua izan nintzela. Jainkoarekin bat bidali ninduen.

Zeintzuk dira torturaren helburuak?

Oskar Perez: Torturak hainbat helburu ditu. Informazioa ateratzea, kideak salatzea, pertsona eta militante gisa akabatzea, eta beldurra zabaltzea gainerako herritar eta militanteen artean, Estatuaren botereei aurre eginez horixe bera jasoko dutela jakin dezaten.

Ezkerreko independentismoaren aurkako praktika izan dela diozue. Zergatik?

Arantza Garbayo: 90eko hamarkadara arte borroka armatuaren aldeko hautua egin zuen jendea izan zen torturen jomuga batik bat. Urteekin konturatu dira arriskua Estatuaren egonkortasuna zalantzan jartzen duen edonorengandik datorrela, eta beste hainbat esparrutako herritarrak ere arriskutsuak izan daitezkeela. Hori apurtu beharra zeukaten eta beldurra zabaldu beharra zeukaten gazteek presio hori senti zezaten. Disidentzia politikoa satanizatu dute komunikabideen bitartez. Deshumanizatu dute, okerra baino okerragoa dela esanez. Taktika bat da hori, gerretan erabiltzen dena. Etsaia deshumanizatzen da, eta orduan denak balio du etsai horren aurka, tortura barne. Gizarteak ere horrela dela onartzen du.

Badago torturarako prestatzerik?

Arantza Garbayo: Militanteok barneratuta genuen atxilotuak izan gintezkeela eta torturatuak izan gintezkeela; mentalki prestatuta geunden horretarako. Norbere konpromisoaren zati bat ordainarazi egiten dizute. Hemen gertatu diren gauzak kanpotik ikusiko bagenitu eskandalagarria irudituko litzaiguke.

Oskar Perez: Nire militantzia politikoagatik bost aldiz agindu du Entzutegi Nazionalak nire atxiloketa. Bost aldiz egon naiz inkomunikatuta, eta lau aldiz behin behinean preso. Inoiz ez naute epaitu; auzi guztiak artxibatu dizkidate. Ez dut inorekin parekatu nahi, baina ni Estatuaren beste biktima bat naiz. Ni Estatuko funtzionarioek torturatu naute. Nik neuk ordaindu diet nire torturatzaileei.

Torturaren desagerpenena lortzeko hainbat neurri exijitu dituzue. Zeintzuk?

Arantza Garbayo: Inkomunikazio aldiaren amaiera, Entzutegi Nazionalaren desegitea, eta torturapean egindako aitortzetan oinarrrituta dauden sumarioak bertan behera uztea. Abokatuek eskatu dute jada sumario horien berrikuspena.

Zein itxaropen duzue?

Arantza Garbayo: Itxaropena gizarte mailan egiten den presioak sortuko du. Orain arte egin dena eta izan diren lorpen txikiak presioaren bitartez iritsi dira. Gizartearen presiorik ez badago, Administrazioen kargu dauden arduradunek erantzukizunez jokatzen ez badute eta inguruan daudenek ‘aurrera egin behar dugu eta gertatua argitu behar dugu’ aitortzen ez badute ez da ezer ere lortuko.

Oskar Perez: Nik ez dut itxaropenik. Guzti hau Eusko Jaurlaritzaren aurpegi garbiketa dela iruditzen zait.

Zein erantzun jaso nahi duzue?

Oskar Perez: Ez gabiltza zigor bila, gertatuaren aitortza baino ez dugu nahi.

Arantza Garbayo: Gerra zikina eta tortura erabili duten estamentu guztien aitortza politiko eta publikoa eskatzen dugu.

Berandu letorke?

Oskar Perez: Indibidualki bai, herri bezala ez.

Arantza Garbayo: Garaiz gabiltza irakurketa justuago bat egiteko, eta gertatu dena eta gertatzen ari dena saihesteko modua litzateke. Izan ere, oraindik orain gure herrikideak kartzeletan tortura egoeran daude, isolamenduan, bakartuta. Eta ez guk diogulako, nazioarteko eragileek horrela esan dutelako baizik.

Zer da larriena?

Arantza Garbayo: Oso larria bada torturekin gertatu dena, are larriagoa da torturei amaiera emateko gai ez izatea eta gertatua ez argitzea; horretan denok dugu erantzukizuna.

Zortzigarrenez zigortu du Europak Espainia tortura kasu bat behar bezala ez ikertzeagatik.

Oskar Perez: Oso kasu gutxi iritsi dira Europara, kasu piloa daudenean eta hildakoak ere egon direnean. Ez zaie interesatzen Espainia zigortzea. Amorrua ematen dit esatea une honetan torturaren aurka gehien egiten ari dena Eusko Jaurlaritza dela.

Aurrerantzean, zer?

Arantza Garbayo: Ez dut uste Eusko Jaurlaritzak txostenarekin ezer egingo duenik edo Ertzaintzaren aurkako 300 torturen salaketan bere papera aitortuko duenik; ez, ez du egingo. Txosten hori duela 10 urte egitea posible zen, baina ez zaio interesatu. Orain egin du, gatazkaren zati batek utzi diolako borroka armatuari.

Zertarako balioko du torturen txostenak?

Hor zehar eramateko. Bere garrantzia eta bermea du eta, agian, orain ez baina bihar balioko du. Dauden lorpenak erabili behar dira. Probatu beharra dago.