Erakusketek, hitzaldiek, liburuen aurkezpenek eta espezializatutako azoka batek osatuko dute euskarazko komikia ardatz duen Parrapean komiki jaialdia.
Euskal komikian espezializatutako ekimen honen hirugarren edizioa Begoñako eta Santutxuko hainbat lekutan egingo da urriaren 29ra arte, "emakume egileen presentzia azpimarragarriarekin" eta "argitaratutako lan berrien aurkezpenarekin" Bilboko Udaleko Kultura Saileko ordezkarien esanetan.
Antton Olariaga
Olariaga izango da aurten jaialdiak omenduko duen egilea. Omenaldiaren barruan, Antton Olariaga: marra eta hitza erakusketa ikusi ahal izango dugu Begoñajo Udaltegian.
Antton Olariagari (Usurbil, 1946) Arte Ederretako ikasketak Valentzian eta Bilbon burutu ondoren, bere lehen kolaborazioak prentsan, Valentziako Las provincias egunkarian eta Cuadernos para el diálogo aldizkarian argitaratu zizkioten. Publizitate munduan zebilela, marrazki batzuk Zeruko Argia-ra bidaltzea otu zitzaion. Astekariak onartu eta ondorengo lana esklusiboki euskarazko prentsan garatuko du.
1972an Zeruko Argia-n hasi eta nortasun handiko estilo berritzailearekin, euskal umore grafikoaren historiari irauli bat eman zion.
Zeruko Argia-z aparte, Euskal Herriko egunkari eta aldizkari askotan kolaboratu du: Anaitasuna, Punto y Hora de Euskal Herria, Ere, Euskadi Sioux, Egin, El Diario Vasco, Egunkaria, Berria, Kalegats…
Diseinatzaile eta liburu ilustratzaile oparo eta puntakoa izan arren, komikigintzari egindako ekarpena ez da txikiago izan. Berezia marrazteko modu pertsonalagatik eta maisua ere, plantxak bere osotasunean baloratu eta konposatzerako orduan. Hitz jokoen erabiltzaile aparta eta hitzen asmatzailea ere bada.