Indartsu dator hirugarrenez 'Parrapean-Komiki Egunak' jaialdia

uriola.eus 2016ko urr. 19a, 08:30

Euskal komikian espezializatuta dagoen jaialdi honen hirugarren edizioa Begoñako eta Santutxuko hainbat lekutan egingo da hilabete honetako 19tik 29ra, zirkua eta Euskal Herriko eta Kataluniako folklorea ere jasoko dituzten jarduera ugariekin.

Udalak, euskaraz egindako komikiari buruzko 'Parrapean-Komiki Egunak' jaialdiaren hirugarren edizioa antolatu du. Asteazken honetatik hurrengo larunbatera, urriaren 29ra, Begoñako eta Santutxuko udaltegiek eta Karmelo plazak jarduera egitarau zabala jasoko dute –guztiak ere doakoak izango dira–, eta horien artean mahai-inguruak, tailer monografikoak, zine proiekzioak, argitaratu diren azken lanen aurkezpenak eta programazioari amaiera emateko, urriaren 29an Karmelo plaza hartuko duen euskarazko komikiaren hirugarren azoka egongo dira.

Programazioa aste honetan zabalduko da, hiru erakusketa inauguratuz. Bat, Cavall Fort eta Xabiroi aldizkariei buruzkoa –Santutxuko udaltegian–, beste bat, Irkus M Zeberio & Marlene Krausen lanen aukeraketarekin –Begoñako udaltegian– eta Begoñako liburutegian egongo den hirugarrenak, euskal komikiaren eta egunkarietako tira komikoaren barruan eta umeei, gazteei eta helduei zuzendutako literatura ilustratzaile gisa izan duen ibilbide luzea aintzatetsiz Parrapean 2016 saria jasoko duen Antton Olariaga marrazkilari eta ilustratzaile gipuzkoarraren ibilbidea erakutsiko du.

Antton Olariagak (Usurbil, 1946) lanbidean eman zituen lehenengo pausoak prentsan izan ziren. Valentziako Las Provincias egunkarian eta Ere, Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan aritu zen. Azken bi horietarako Kaleko, Hormasprayko eta Mozorrozko komikiak sortu zituen, eta horien bitartez modu kritikoan islatu zituen diktaduraren eta trantsizioaren gertakari soziopolitikoak. Egin egunkarian sortu zuen 'Zakilixut' pertsonaia haien ondorioa da. Horrez gain ibilbide luzea du liburu ilustratzaile gisa, edertasun plastikoa bilatzeaz gain, bere marrazkiei testua osatzeko beharrezkoak diren elementu guztiak ematen dizkion oso estilo pertsonalarekin.

Aste honetarako programazioaren barruan, Udalak antolatzen dituen zine jaialdietako – FANT eta Zinebi– azken edizioetan parte hartu duten animaziozko film laburren emanaldia ere jasotzen da. Horrez gain, ostiralean, arratsaldeko 18:30etik aurrera, Karmelo plazak Suhar Presten 'Paradoxa' zirku ikuskizuna jasoko du, eta larunbatean, goizeko lehen orduetatik aurrera, zenbait folklore ikuskizun, Gaztedi Dantzari Taldearen eskutik –bere fundazioaren 65. urteurrenean–, Zuberoako dantzen erakusketa Santutxuko plazetan, bertso-saioa Miren Amuriza, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paiarekin eta erromeria gidatua Zangorekin izango dira.

Datorren astean, urriaren 26an eta 27an, Begoñako liburutegiak, 'Danbalahara! Euskal onomatopeiekin lanean' izeneko komiki sorkuntza eta edizio tailerra jasoko du goizeko 10:00etatik 13:00etara, Irkus M Zeberio eta Marlene Kraus egileekin. Ekintza horri amaiera emateko, bisita gidatua egingo da bi egileen lan azpimarragarrienetako batzuk erakusten dituen 'Wanne – Eickel Martutene' erakusketatik.

 

'Cavall Fort-en' 50 urte

Ostiralean, urriaren 28an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Santutxuko Udaltegiak programazioaren ekitaldi nagusietakoa jasoko du, ibilbide luzeko bi aldizkariren inguruko mahai-ingurua: bat Euskal Herrikoa, 'Xabiroi', eta bestea Kataluniakoa, 'Cavall Fort'. Bigarrenak 50 urte bete eta mila zenbaki baino gehiago argitaratu ditu. Topaketa horretan Merçe Canela 'Cavall Fort' aldizkariaren zuzendaria eta bertako bi ilustratzailek, Cristina Losantosek eta Oriol Garcíak, hartuko dute parte. Dani Fano, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen 'Xabiroi' komikiaren koordinatzailea ere bertan egongo da.

'Parrapean – Komiki Egunak' jaialdiaren aurtengo edizioari larunbatean, urriaren 29an, emango zaio amaiera, goizeko 10:00etan Karmelo plazan ateak zabalduko dituen, euskarazko hirugarren komiki azokarekin. Ohiko etxatoez gain, umeentzako eta gazteentzako tailerrak, ipuin kontalariak eta argitaratu berri diren lan batzuen aurkezpenak izango dira. Azken horien artean Harkaitz Canoren testuak eta Iñaki Holgadoren marrazkiak dituen 'Museo Bilduma' komikia edo komiki historikoan espezializatuta dagoen eta Bilbon jendearen aurrean bere lana aurkeztuko duen Patrice Ordas marrazkilari frantsesaren 'S.O.S. Lituania' azpimarra daitezke.

Eguerdiko 12:00etan, euskaraz egindako komikiaren Parrapean 2016 lehiaketaren sariak banatuko dira Azokan, eta Antton Olariaga marrazkilariari ohorezko saria emango zaio. Antton Olariaga Asisko Urmenetarekin arituko da solasean jendearen aurrean. Jardunaldi osoa musikak eta folkloreak animatuko dute, eta gaztainak banatuko dira; izan ere, Kataluniako tradizio herrikoian, Domu Santu bezperan gaztaina erreak banatzen dituen gaztaina-saltzailearen irudia dago. Amaierako azken ekitaldia arratsaldeko 20:00etan izango da La Nube kafe-antzokian, Kataluniako eta Euskal Herriko marrazkilarien arteko norgehiagoka batez.

Informazio gehiago eta egitarau osoa hemen.