Gogotsu daude Zazkel taldeko sei lagunak gaur, hilak 17, Kalderapeko kulturguneko oholtzara igotzeko (20:00) eta azaroaren 25an gauza bera egiteko Bilborocken. La Merced zaharrean "gure burua defendatuko dugu", diote taldekideek. Izan ere, Azkue Fundazioak antolatutako Banden Lehian parte hartuko dute epaimahaiak aukeratutako beste talde batzuekin batera, finalean, hain zuzen ere.
2012 inguruan sei lagun batu ziren Bilbon "behingoz buruan zuten ideia aurrera eramateko": gitarra, bateria, baxu, teklatu eta ahotsen bitartez "euskal musikari ekarpen berri bat egitea". 80ko hamarkadako talde euskaldun zein atzerritarren erritmoetan oinarrituta, Etxahun, Asier, Irati, Tolo, Axierito eta Txoskek "Euskal Pop Erradikala" aldarrikatzen dute, dantzarako eta abesteko aukera emanez. Pop eta disco musika lantzen dute, baina afrobeat eta funk bezalako estiloak ere kontuan hartzen dituzte euren konposizioetan.
2014 eta 2015 bitartean argitaratu zituzten beren lehen kantuak, entsegu lokalean bertan grabatutako maketa batean: 'Beta'. Urtebete geroago, 2016ko maiatzean, taldearen izen bereko diskoa kaleratu dute, Garate estudiotan grabatuta, Kaki Arkarazo teknikariarekin. Diskoaren aurre eta postprodukzioaz ere arduratu zen Arkarazo. Disko honetan Joanes Garmendiaren (Garilak 26) kolaborazioa izan zuen Zazkel taldeak, soloak eta akonpainamendu ezberdinak eginez Jalgi, Heroia eta Martxa elektriko abestietan.
zazkel.bandcamp.com/album/zazkel
[2016-11-02] Banden Lehiako finalista: Zazkel
[2016-10-25] Sutan, Zazkel, Hi Exekutibo eta Izeberg dira VIII. Banden Lehiako lau talde finalistak
[2016-06-14] Zazkelen estraineko lana
[2015-02-16] Zazkel taldea: “Euskal pop erradikala aldarrikatzen dugu armairurik gabe jaio garelako”