Udazken Jai betea

bertonaldizkaria 2016ko aza. 15a, 09:23

Argazkiak: Gaztedi DT / Cantharellus ME / Santutxu MT / Fernando 2016 / Zango taldea

Udazken Jaia antolatu dute urriaren 21etik 23ra Gaztedi Dantzari Taldeak, Santutxu Mendizale Taldeak eta Cantharellus Mikologia Elkarteak. Hiru egunez luzatu da “folklorea, gastronomia, kirola eta natura” lotu dituen jaialdia.

Karmelo plaza izan du Udazken Jaiak topagune. Zehatzago, Karmelo plazan kokatutako “karpa erraldoia”. Bertan burutu dira hiru talde antolatzaileek prestatutako jarduera gehienak. Eta izan da, bai, non aukeratu. 

Balorazioa “oso, oso baikorra” da. “Uste dugu urtero errepikatu beharreko bilkura dela”, diote Gaztedi Dantzari Taldeko, Santutxu Mendizale Taldeko eta Cantharellus Mikologia Elkarteko kideek. Karmelo plazan asteburu osorako karpa jartzeak “asko errazten du” auzoko elkarteen lana. Datorren urtera begira, “auzoko elkarte gehiago erakartzea eta kultura programa osoagoa egitea” izango da erronka. “Auzo-indarra egitean sortzen den elkarlanetik”.

www.gaztedi.net

 

65. urteurreneko Euskal Jaia

Gaztedi Dantzari Taldeak aurten bete duen 65. urteurrena ospatzeko Euskal Jaia antolatu du. Urriaren 21ean arratsaldez Gaztediko musikariek eta musikari ohiek bat egin zuten. Auzoari dei egin zioten Gaztedi Kantari kalejiran parte hartzeko, eta “auzotarrek ohi bezala erantzun zuten”. Kalez kale eta giro politean ibili ziren kantuan.

Hurrengo egunean, dianarekin esnatu zuten auzoa. 11:30ean Zuberoatik beren-beregi etorritako dantzariek barrikadan erasoa jo zuten. Plazaz plaza erantzun zieten erasoei Santutxuko eragileek. Gaztedi izan zen erantzuten lehena, zelan eta Zuberoako dantzekin. Bigarren defensa Santutxuko AEK euskaltegiko kideek jo zuten, “klasea eman zuten”. Ondoren KRML Bizirik plataformako lagunek kantuka erantzun zuten eta gero Euskeria abesbatzekoek “pare bat pieza kantatuz”. Erraldoiak hurrengo eta azkenik Gaztediko hainbat belaunalditako ordezkariek; hauek ere Zuberoako dantzekin. 

Barrikadei amaiera ematean, bazkaltzeko elkartu ziren batzuk eta besteak, 250 lagun inguru, Karmeloko karpapean, “eguzkitik babesteko”. 

Miren Amuriza, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia bertsolariek eguneko protagonistak, Gaztediko dantzariak eta auzoko eragileak, izan zituzten euren bertsoen jomugan. “Feedback handia egon zen”, lekukoen esanetan. 

Zango taldeak erromeriarekin eman zion Euskal Jaiari amaiera. Batzuek, nahikoa ez, eta erromeria osteko poteorekin bukatu zuten eguna. 

 

VII. Santutxuko Mendi Martxa

Aurtengoan, 115 partaide izan dira mendi martxan. Urriaren 23an, goizean goiz lau tanta jausi arren, egunak aurrera egin ahala eguzkia irten zen; eguraldi oso ona. 16 kilometroko ibilbidean partaideren batek perretxikoak jasotzeko astia izan zuen. Cantharellus elkartekoei erakutsi zizkien bildutakoak, ea jangarriak ote ziren; baina zorte txarra! 

Ordubietan helmuga kontrola itxi zuten Santutxu Mendizale Taldeko kideek. Hiru lagun falta ziren. “Orduz geroztik ez dugu haien berririk, baina prentsa serioak ez du suzedidorik argitaratu, beraz lasai gaude”, jakinarazi dute antolakuntzatik. 

Partaideen artean eginiko oparien zozketan, Portugaleteko Idoia Barruetak eskuratu zuen perretxiko otzara eta mendi martxako denbora erregularrena egin zuen lagunak (3 ordu 40 minutu pasatxo), Santutxuko Arantza Ortizek, 100 euroko txartela Landaburu Kirolak dendan gastatzeko.

santutxumt.blogspot.com.es

santutxukomendimartxa.blogspot.com.es

 

XVIII. Mikologia Erakusketa

Larunbatean Cantharellus Mikologia Elkarteko kideek mendirantz jo zuten hurrengo egunean, urriak 23, urteroko erakusketan ikusgai jartzeko perretxikoak biltzera. “Ez zen bilketarako egun ona izan”, elkartekideen arabera, urriaren amaiera izanik ere, oso lehor baitago mendia”. Hala ere, 200 bat perretxiko mota jaso zituzten. 

Biharamunean, Cantharelluseko kideak prest zeuden kutxetan txukun jarrita perretxiko-bilduma aurkezteko. Asko izan ziren elkartekideek argitu zituzten auzotarren zalantza eta galderak. 

Karmelo plazan erakusketaren ondoan atondutako sukaldean jo eta ke aritu ziren txanpinoiak saltsan eta perretxiko hanburgesatxoak prestatzen nahiz eta haizeak sua behin eta berriro amatatu eta argazki erakusketako argazkiek hegaz egin. Kostata, baina elkartekideek lortu zuten perretxikoekin osatutako “zapore ederreko platerak” gastronomia lehiaketara aurkeztea. 

Ume eta gazteek euren txoko propioa izan zuten Karmeloko karpan. Plastilinarekin perretxikoak egin zituzten eta irudi lehiaketarako irudiak margotu zituzten.

Laguntzaile izan zituztenei eskerrak emanez eta oparia banatuz, perretxikoak biltzeko saskia, bukatutzat eman zuten XVIII. Mikologia Erakusketa. Cantharelluseko kideak buruan dute jada hurrengo urtekoa. Elkarlanez eta auzo-indarrez betetzeko hurrengo udazkena.

www.cantharellus.net