Gabonak 2016

Basarraten agertuko dira urtero legez Olentzero eta Mari Domingi

bertonaldizkaria 2016ko abe. 19a, 13:04

Ohiturari eutsiz, Santutxuko ume, gazte eta nagusiei bisita egingo diete Olentzero eta Mari Domingik abenduaren 24ko arratsaldean.

Ez dute hutsik egingo. Urtero legez, Basarrate plazako hitzordura agertuko dira Olentzero eta Mari Domingi aurten ere. 17:00etan, hain zuzen ere. Umeen desio eta gurariak entzun eta gero, kalez kale ibiliko dira Santutxun zehar zaldi gainean auzotarrak agurtuz eta goxokiak banatuz. 

 

Panpin lehiaketa

Eskola eta dendarien arteko panpin lehiaketa antolatu dute aurten lehenengoz Santutxun.

Ikastetxe bakoitzak gehienez 4 panpin aurkeztu ahal izango ditu. Ez da nahitaezko baldintza izango bi pertsonaien (Olentzero eta Mari Domingi) panpinik egitea. Hala ere, aukera izanez gero biena egitera animatu ditu partaideak Santutxuko Jai Batzordeak. Panpinari testurik jarriz gero, euskara hutsez agertu beharko da. Abenduaren 16an, aurkeztu beharko dira lanak Santutxuko auzo etxean. Abenduaren 17tik 23ra Santutxuko auzo etxean egongo dira aurkeztutako panpin guztiak ikusgai. Nahi duenak, bozkatzeko aukera bertan izango du. Sari banaketa opor ostean egingo da urtarrilaren 13an izango da, panpinak erakusgai egongo diren auzoetxean bertan. Sari bakarra egongo da, panpin bozkatuenarentzat izango dena.

Komertzio bakoitzak erraz ikusten den leku batean jarriko du panpina; ez da zertan eskaparatean izan behar. Olentzero zein Mari Domingiren panpina egin daiteke, edo biak. Panpinaren tamaina aukerakoa izan daiteke, nahiz eta tamaina natural batekoa izatea gomendatu du jai batzordeak. Ez dira irudiak onartuko eta panpina mugi erreza izan behar da. Abenduaren 17tik 23ra Santutxuko auzo etxean parte hartu duen eskaparate bakoitzeko argazki bana egongo da, ikastetxeek aurkeztutako panpinekin batera. Bozkatzeko, lehiaketan parte hartu duten komertzioetan bozka-paperak egongo dira. Bozkatzaileak papera bete eta komertzioan bertan utzi beharko du. Sari banaketa opor ostean egingo da, panpinak erakusgai egongo diren auzoetxean bertan, eta panpin parte hartzaileak bertara eramango dira. Sari bakarra egongo da. Saria 100 eurotakoa izango da, Santutxuko komertzianteen elkarteko kide diren dendetan erabili ahalko dena.

facebook.com/sangutxu