2018an, Santutxuko Familia Elkarteak 50 urte beteko ditu.
1968an jaio zen elkartea, frankismoaren urte gogorrean. Lokalik gabe, lehen bilerak Juan de la Cosa kaleko Jai Alai tabernan egin ziren. Elkartea sortzea zen garai hartan zegoen aukera bakarrenetakoa bildu ahal izateko, elizatik kanpo, noski. Urte askotan elkarteko bazkideak familiak izan dira, eta ez norbanakoak. Legeak egun ez du horrelakorik onartzen, norbanakoek izan behar dute bazkide. Elkartearen izena ez dugu aldatu hasierako ideiari eusteko. Izatez, auzotarren elkarte arrunta gara.
Zer gertatu zen 1969an Santutxun familien elkartea sortzeko?
60ko hamarkadaren amaieran ‘zer gertatzen da gure auzoan?’ galdera zabaltzeari ekin zion elkarteak. Santutxu hilez hil aldatzen zen, ortu eta baserriak zeuden lekuan auzuneak sortzen ziren. Jende berri ugari iritsi zen. Auzokideek era guztietako azpiegiturak falta zituzten. Beharrizanen oso atzetik zeuden azpiegiturak eta, ez soilik Santutxun, Bilbo osoan auzo elkarteak sortu ziren.
Azpiegituren gabezia zegoen orduan. Orain, berriz, askok diote ‘zein polito dagoen auzoa’. Mutur batetik bestera egin du Santutxuk?
50 urtetan 0tik 100era aldatzea sekulakoa litzateke. Analisia alderantziz egiten dut nik. Egungo Santutxu alderatzen baduzu nire txikitako Santutxurekin, ordukoa nahiago dut. Espazio gehiago zegoen, eta jende askoz gutxiago bizi zen. 70eko hamarkadako kaosarekin alderatzen badut, ‘zein ondo dagoen egungo auzoa’, diot. Baina gauza bat argi dut, gaur egun ibilgailuek lehentasuna dutela auzotarren aurretik eta komertzialak lehentasuna duela sozialarekin aurretik. Horrelako egoera ez dugu gustuko ez nik ez elkarteak. Beste era batera egingo genuke. Ez dugu kudeaketarako aukerarik izan, eta ez dugu kudeatu ezer. Eta gaur egun hiri-pakete bikaina daukagu, eta jarri diote koloretako papera eta lazo eder bat.
Behar beste bitarteko bideratu du Udalak Santutxun?
Udalak eta udal erakundeek gastatu duten dirua auzoka sailkatuz gero biztanleen arabera, proportzionalki, diru hori era justu batean banatu den aztertzeko, harrituta geratuko litzateke edonor. Egin duten inbertsioari esker nahi zuten horretan bihurtu dute Bilbo, erakusleiho polita eta, hiritarrak ito gabe, industrian desagertutako lanpostuei irtenbidea emateko hiria. Eta auzoetan bizi garenoi egokitu zaigu zati txikiena.
Bai Aresok bai Aburtok auzoei lehentasuna emango dietela esan dute.
Azken urteotan musika ezberdina entzuten dugu, ‘auzoak itxuratu behar dira’ dioena. Barrutietan parte-hartzeaz mintzo dira, baina ez dute erabakitzeko eskubidea aitortzen. Ekarpenak egiteko eta kontsultak egiteko taldeak sortu dira. Emateko bai, baina jasotzeko ez. Atsekabea eta une txarrak baino ez jasotzeko. Izan ere, guk urteetan udal ordezkariei proposatu dizkiegun ideiak ukatuak izan dira; zorotzat hartu gaituzte. Eta 10, 15 urteren ostean, aurreiritzi gabe Udalean sartu den tekniko batek dio ‘hemen hau egin daiteke’. Alegia, guk aurretiaz proposatutako gauza bera. Basarrateko landan pasatu da hori.
Basarrate plaza eraberritzeko beharra familia elkartearen aspaldiko eskaera da.
Dirua gastatu genuen Basarraterako proiektu bat egiten. Lucarini arkitektoak sekulako lana egin zuen. Aurretiaz kontsulta egin genuen auzoan, beharrizanak aztertzeko. 'Plaza harresia' deitzen diogu Basarrateri, ez-sartzera gonbidatzen duelako. Garai batean Bilbon antzeko beste 14 bat plaza egin ziren. Lucariniren proposamena zen harresi itxura ematen dioten hormak kentzea, espaloiak zabaltzeko eta kaleetako bat oinezkoentzat egitea plaza etxebizitzetaraino iristeko. Plazari aisia, kultura eta erabilpen soziala ematea zen helburua, eserita egoteko lekua izateaz haratago. Karmelo plazaren alternatiba izatea, bestelako gune bat. Guzti hori aurkeztu zen barrutian. Egindako lana eskertu ziguten, eta karpeta itxi zuten.
Zein unetan dago proiektu hori?
Egun, Basarrateren eraberritzea beharrezkoa da, eskaera badagoelako. Izan ere, zahartuta dago, besteak beste, metroko obrak kaltetu zuelako. Ekarpenak egiteko epea zabaldu du Udalak. Guk orduan egin genuen proposamena, Santutxuko Jai Batzordea buru dela, barrutiko kontseiluko bileretan parte hartzen duten elkarteei aurkeztu diegu. Elkarteen %90i zoragarria iruditu zaie. Kioskoa da proiektua geldiarazi duen osagaia. Auzoko elkarteen gehiengoarentzat Basarraten kiosko bat izatea funtsezkoa da antzezlanak, kantaldiak edota bestelako edozein jarduera egiteko. Udaletik, berriz, gatazka gune bat dela pentsatzen dute bateren batek lo egiteko edo txisa egiteko erabil dezakeelako. Zentzugabekeriak dira, Bilbon kioskodun plazak badirenean. Ez dakigu zer gertatuko den. Teorikoki, plazaren eraberritzerako aurrekontua onartu dute, eta 2017an hasi beharko lukete obrek. Azkenaldian zabaldu den informazioaren arabera, ez dago ezer lanak aurten hasiko direla pentsaraztera naramanik.
Eta gainerako Santutxu? Zelan ikusten duzu?
‘Jendea nola poztu’ pentsatzen aritu da Udala. Erabaki du umeei jolasteko lekua emanez eta umeekin egoteko espazioak sortuz poztuko duela. Eta ahal den neurrian, tabernaz ondo inguratutako espazioak izan daitezela. Gune horiek ume eta gurasoentzako aisiarako dira. Ematen du eredu horrek auzotar asko asetu dituela. Beste batzuk, berriz, pentsatzen dugu auzoan aprobetxa zitekeen espazio apurra galdu dela. Ondo hausnartutako eta ondo exekutatutako lana egin du Udalak, gainera. Irensteko marketing nahikoarekin. Esandako guzti honekin Santutxu lehen baino okerrago dagoela esan nahi dut? Ez, itxura hobea du, baina ez dira sakoneko gaiak landu. Hor daude gazteak espazio gabe, hor dago autoen nagusitasuna eta gehiegizko TAO-OTA…
TAO-OTAren ezarpenak ez du konpondu aparkatzeko arazoa?
Gehiegizkoa da TAO, oso garestia da. TAO ordaintzeak ez dizu lekua izatea bermatzen, beraz zaharrak berri. 19:00etatik aurrera auzora iritsiz gero zortzi milioi buelta eman behar dituzu aparkatzeko. Asteburutan, sarritan, jendeak ez du kotxea mugitzen jakin badakielako itzultzean ez duela lekurik aurkituko. Dirua biltzeko elementua da egun TAO, oso interesgarria da Udalarentzat. Zein irtenbide dugun guk? Ez dugu, bestela ez ginateke hemen egongo. Baina argi dugu TAOren zabalpenak Santutxun oso modu nabarian dirua biltzeko ondorioa duela. Udalak erabaki dezake, 'ezin dut arazoa konpondu, baina ez ditut auzotarrak odolustuko', eta hori oso ekuazio nabarmena da.
Karmelo ikastola zaharreko Santa Martako lokalean eta Santutxuko Merkatuko beheko solairuko lokalean Udalak udaltegi berria paratu du. Zer deritzozu?
Ez doa inor ere bertara. Kudeaketa desastrea da. Euskeria abesbatzeko kide naiz eta gure koroak Garaizarko Mahatsorriak taldearekin batera lokalak erabiltzeko baimena eskatu genuen. Esan ziguten erabilpen hori ez zegoela aurreikusita. Presioari esker lortu genuen baimena. Gela txiki batean sartzen da Euskeria. Ez dago entseatzeko espazio duinik. Urtebetean ziurtatu ahal izan dugu goiz eta arratsaldez ia beti gelak hutsik daudela. Lekua bikaina bada ere, jendea uxatu dute auzoaren erdigunean mila zereginetarako erabil daitekeen espazioa izanik. Bedelak eurak dira espazioaren kudeatzaileak, harrigarria da. Zuzendaria ez dago bertan, eta bedelei uzten dizkie zeregin guztiak.
Zer deritzozu Menendez y Pelayo kaleko Karmelo ikastola zaharreko lokaletan abian jarri duten KRML Bizirik proiektuari?
Gauza askoren erreferentzia gune da. Bai umeentzat, bai gazteentzat, bai helduentzat gune irekia da. Ideia oso polita da, jende oso desberdina elkartzeko gaitasuna duelako. Lan zaila eta konplexua dutela uste dut. Bizkaian badira autogestioaren adibideak, esaterako, Gernikako Astra. Autogestioa nolabait denek egiten dutena da. Bilboko Udalak, adibidez, hirugarren adinekoen zentroetan autogestioa sustatzen du, eta beste kolektibo batzuei ukatu egiten die. Autogestioa, finean, espazio baten erabilerarako arauak adostea, ezartzea eta bizitza ematea baino ez da. Ez du mami gehiagorik. Ez bada, 'hor egiten dituzten gauzak ez ditut gustuko'. Nire ustez, oso aberasgarria izango da auzorako aurrera egiten badu. Eta itxura badu, inplikatzen diren gazte eta helduak daudelako.
Auzotarren inplikazio eta konpromiso mailak behera egin du?
Bilakaera handia izan da. Oro har behera egin du, eta ez bakarrik auzo elkarteen arloan. Egungo bizitza konplexua da. Soldata irabaztea oso desberdina da. Egunean zazpi orduko lanarekin ez da nahikoa, zailtasun asko baitago. Hori nahikoa den transmisio eta konpromiso falta argudiatzeko? Une zehatzetan jendearen erantzuna eta konpromisoa argiro azaltzen da. Jarraikortasuna falta da. Jendeak ardura eta kezka badu oraindik ere. Nabaria da hori, esaterako, errefuxiatuen gaiarekin. Baina Santutxun oraindik ez da errefuxiatuen eskubideen aldeko plataformarik eratu. Harritzen nau. Sei laguneko taldetik tiraka bi hilabetetan 200 lagun batzera ailega gaitezkeela ziur nago. Badelako kezka gaiarekin, baina ardurak hartzeko jauzia ematea falta da. KRML Biziriken dagoen kolektiboan jauzi hori eman dutela iruditzen zait.
Auzo elkartearen osasuna zein da?
1975ean auzo elkarte batek gazteen taldea zuen, kultura taldea, euskara taldea, anbulategia aldarrikatzeko taldea... Egun auzo batean anbulategiaren beharra badago anbulategia eskatzeko taldea sortzen da borroka horretarako beren-beregi. Ez dira auzoaren beharrizanak osotasuneak aintzat hartzen. Ez dago auzoko beharrizanen aldeko borroka bateratu bat. Agian, talde politikoek egun jokatzen duten zeregina ez zutelako lehen. Elkarteetan parte-hartzeak auzotarren esfortzua eskatzen du. Behin baino gehiagotan aipatu dut auzo elkarteen amaiera prestatu behar dugula eta auzoa bultzatzen duten bestelako zereginetan sakabanatu behar dugula kide arrunt gisa. Auzo elkarteetako kideok buruari hiru itzuli baino gehiago eman behar dizkiogu.
Zein lan egiten du egun Santutxuko Familia Elkarteak?
Arazo zehatz batzutarako erreferentzia gara. Oraindik badugu iritzi publikoan eragiteko gaitasuna. Esaterako, hedabideek deitu didate Ollerietako 'Pitxiak' direla eta galdezka. Aukera izan dut zarata mediatikoaren artean mezu desberdin bat zabaltzeko. Beste ikuspuntu bat emateko. Auzo horretan ez baita arraza dela eta gatazkarik izan totum revolutum hau sortu den arte. Bost lagun gara, eta gazteena ni naiz. Hori da errealitatea. Hortaz, gazte jendearentzat auzo elkartea ez da erakargarria. Nahiz une zehatzetan auzokide gazteek erantzuten duten, baina ez euren denbora elkartera bideratzeko. KRML Bizirikeko kolektiboak, ordea, lortu du gazteak erakartzea eta biltzea. Hor dago erreleboa. Auzoa bizirik egotea eta auzoan alternatibak egotea, hori da funtsezkoena.