Solteren 'Eraldatutako mundua' ikus-entzunezko bihurtu du Larraitz Zuazok

uriola.eus 2017ko ots. 15a, 08:15

Ikusentzunezko lan ezberdin bat jorratzeko animazio grafikoaren teknika bereziak erabili dituzte Santutxuko Solte musika taldeak eta Larraitz Zuazo (Begira Bideoak) artistak. 

Solte taldeak 'IXA' azken diskoaren (Taupaka elkartea, 2016) Eraldatutako mundua abestiarekin bideoklip berritzailea prestatu du. Horretarako, Larraitz Zuazoren gidaritzapean (begirabideoak.eus) "izugarrizko edizio lanari" aurre egin diote, taldekideek adierazi dutenez, irudiak banan-banan jorratuz eta ikusentzunezko formatuaren aldeko apustua eginez. 

Bideoklipean, Solteren abestiaren erritmo biziarekin batera, ezohikoa den animazio grafikoa gauzatu dute. Era honetan, abiadura azkarrean igarotzen den hiru minutu eta erdiko pieza artistiko hau di-da baten dasta daiteke. Erritmo biziak, irudi abstraktuekin uztartuz. 

Animazioak ematen dion bereizgarritasunagatik eta, "zergatik ez, adierazten duen zoramen puntuagatik, lortutako emaitza deigarria, bitxia eta ikusgarria da".

 

IXA diskoa

2016ko udan Solte Santutxuko boskoteak 'IXA' lan berria kaleratu zuen. Bederatzi kantuz osatutako diskoan hardcorea rock eta metalarekin nahasten dira, aurreko proiektuetan bezala (Distantzia nahikoa! eta EroAlea). 

Euskarazko bederatzi kantu hauetan taldekideen bizipenak kontatu eta gizartearen injustiziak salatzen dira; azken finean, bizi duten errealitatearen islada dira. 'IXA' lan honek, gorputzean sartzen ditu gitarra riff-ak, bateria kolpe zuzenak, amorruz astindutako baxua eta ahots indartsua biltzen ditu, kanta sendoak. Estilo desberdinak nahasten ditu taldeak, baita kanta bakar baten baitan ere, baina era berean, badituzte denek ezaugarri komunak. Zuzenekoetan izerdia lehen minututik botatzen duen talde horietakoa da Solte, eta gogo, indar zein ilusio hori da estudiora eraman dutena.