Azaroaren 18tik zigortuta (mitard) dago Arkaitz Agirregabiria presoa bere ziega konpartitzeko aginduari uko egiteagatik. Agirregabiriaren esanetan, espetxe barruan bizi baldintza duinak izateko "ezinbestekoa zaigu ziega indibiduala izatea".
Villepinteneko kartzelako zuzendaritzari "presio egiteko" eta "bere egoera larria konpontzeko" Parisera martxa antolatu dute Alde Zaharreko eta Santutxuko auzotarrek. Ostiralean 20:30ean irtengo da autobusa Ritxi plazatik hurrengo egunean, hilak 25, Parisen kontzentrazioa egiteko eguerditik 14:00etara. 17:00etan Bilborako bidea hartuko dute.
Autobusean izena emateko aukera dago Santutxuko eta Alde Zaharreko Herriko tabernetan.
Baldintzen okertzea
Duela urtebete, Villepintera zuzendaritza talde berria heldu zenean hasi ziren "erasoak" Arkaitz Agirregabiria eta Igor Uriarte euskal presoek jakinarazi dutenez. "Espetxe honetatik igarotako hainbat kideren borrokaren ondorioz lortutako bizi eta bisita baldintzak bertan behera uzten saiatu zen" zuzendaritza talde berria. Orduan, borrokaldia hasi zuten espetxean, besteak beste, txapeo, blokeo eta mitard-aldiekin, eta Euskal Herritik egindako gutun bidalketa masiboarekin. Horrela, presoen eskubideen murrizketa "zuzendaritzak nahi zuena baino txikiagoa izatea lortu genuen, eta horren ondorioz, bisita baldintza duinak mantendu genituen".
Harrezkero presoen egunerokotasunean "tantaka etorri dira eskubide murrizketak". Dutxa medikalaren "baliogabetzea", patioko eta kirol orduen murrizketa, modulu barneko telefono kabina erabiltzeko zailtasun "izugarri eta konstanteak", gutunen atzerapen "injustifikatua", kantina zerbitzu "oso eskasa"... eta guzti honi "azken erasoa" gehitu behar zaio: ziega konpartitzeko "inposaketa". Neurriak Villepinten espetxeratuta dauden bi euskal presoei eragin die zuzenean. Gainontzekoek zeharka jasotzen dute gainpopulazioaren eragina eta momentuz euren ziega indibiduala mantentzeko arazorik ez dute izan.