Arkaitz Agirregabiria presoa Fresnesera eraman dute eta bertan behera utzi dute Pariserako martxa

bertonaldizkaria 2017ko ots. 22a, 08:45

Pariseko Villepinteneko kartzelatik Fresnesera lekualdatu zuten atzo Santutxuko presoa. 95 egun zeramatza zigor ziegan Agirregabiriak, besteak beste, ziega konpartitzeko "inposaketari" uko egiteagatik. Asteburuan Bilbotik Parisera egitekoa zen martxa bertan behera utzi dute. 

Etxerat elkarteak atzo eman zuen Arkaitz Agirregabiria euskal presoaren lekualdaketaren berri. Ohar labur batean jakanirazi du elkarteak Villepinteko espetxetik Fresnesera eraman dutela.

Gaur, Etxerat elkarteko ordezkariek URIOLAri adierazi diotenez, "ez dago argi behin betiko" Fresnesen geratuko den edo beste espetxe batera aldatuko duten. Bilbotik Villepintera zein Fresnesera distantzia "antzekoa" dela nabarmendu dute. Bere etxetik 880 kilometro ingurura dago Fresnes. 

 

Martxa bertan behera

Ostiralean Parisera martxa egitekoak ziren Agirregabiria babesteko eta Villepinteko zuzendaritzari presio egiteko Alde Zaharreko eta Santutxuko hainbat auzotar. Autobus bidaia bertan behera utzi dute presoaren lekualdaketagatik. 

Arkaitz Agirregabiria eta Igor Uriarte euskal presoak azaroaren 18an sartu zituzten Villepinteko zigor ziegan (mitard). Uriarte duela zazpi egun aldatu zuten Chateaurouxko kartzelara. Agirregabiria eta Uriartek uko egin zioten txaboloa konpartitzeko zuzendaritzaren "inposaketari". Espetxe barruan bizi baldintza duinak izateko "ezinbestekoa zaigu ziega indibiduala izatea", zioten.

 

[2017-02-21] Arkaitz Agirregabiria presoa babesteko Parisera martxa egingo dute