Migratzaile eta errefuxiatuek “ez dute ezer txarrik egin”. Horixe da Josune Urkijok, Mario Fernandezek eta Ongi Etorri Errefuxituak plataformako kideek behin eta berriro errepikatzen duten esaldietako bat. Errefuxiatuak gaizkile edota terrorista gisa irudikatu baitituzte komunikabideetan, eta mezu horiek gizartean, baita gurean ere, erraz zabaldu dira. “Beldurraren politikan” oinarrituta, komunikabide batzuen jarrera “guztiz xenofoboa” salatu du Josunek. Errefuxiatuek “zeozer txarra egin dutela” pentsarazteraino. Baina, “benetan, beraiek biktimak baino ez dira”, dio Josunek. “Haien etxetik irten behar izan duten pertsonak. Nahi dutena da bizi, aukera bat bizi duin bat aurrera emateko”.
Eta ez da Siriara mugatzen den gaztaka, “askoz zabalagoa” da. Siria, Afganistan, Sudan, Eritrea… “milioika pertsona daude beren etxetik kanpo munduan”. Errealitate horren lagin dira, Santutxun Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek hitzaldia eman duten egunean Libiako hondartza batean, Tunezeko mugatik gertu, agertutako 74 gorpuak. Hondoratutako itsasontzi bateko bidaiariak. Mafien biktimak.
Gordintasun horren aurrean kezkatuta ez dauden herritarrak uste baino gehiago dira. Askoren jarrera epelak eraman du Josune pentsatzera bera eta bere ingurukoak “burbuila batean” bizi direla. Horregatik dute xede gizartearen jarrera aldatzea, jendearen kontzientzia mugiaraztea eta gogoraraztea “gu ere izan ginela errefuxiatu. Ume eta heldu euskaldunek alde egin behar izan zutela halabeharrez. Ez dugu ahaztu behar zer izan ginen. Eta batek daki, edozein egunetan berriro izan gaitezke”.
“Zeozer” egiteko sentipenak bultzatu zituen duela urtebete Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma sortzera. Deialdi zabal bat egin zuten, eta jendea erakartzea lortu zuten. “Martxan hasi ginen”, gogoan dute plataformako kideek. Lehen ekintza iazko otsailaren 27an burutu zuten. Arriagatik Gobernu Zibilera eta handik Udaletxera manifestazioa egin zuten “errefuxiatuentzat harrera exijitzeko”. Handik gutxira, martxoan, hasi zen Europa mugak ixten.
Ordurako bai estatuan bai Europa mailan bazegoen errefuxiatuen giza eskubideen defentsa aldarrikatzen hasia zen mugimendua. Bilbon eta Bizkaian ere ekin zioten lanari. Batik bat kaleko mobilizazioari. Astelehenero Plaza Biribilean elkarretaratzeak egiteari eta une garrantzitsuetan manifestazioak antolatzeari, besteak beste, Turkiak eta EBk errefuxiatuen hitzarmena sinatu zutenean edota Tarajaleko trageadiaren urteurrenean. “Kalean egon gara, eta gutxienez orain jendeak badaki zer esan nahi duen kolore horiko banderolak ihesean doazen umeen irudiarekin”.
Ikastetxeetan ere egon dira tailerrak zuzentzen eta hitzaldiak eskaintzen. Umeei azaldu diete errefuxiatuak “gu bezalako pertsonak direla, baina zorte txarra izan dutela, eta alde egin behar izan dutela”.
Argazkiak erakutsi dizkiete umeek “lehengo eta oraingo errefuxiatuak” ikus ditzaten. Kolorea baino ez da aldatzen. Batzuk zuri-beltzeko argazkiak dira eta beste batzuk koloretakoak. Edukia “berdin-berdina” da. “Jendea maletekin alde egiten”.
Azalpenak eman arren, umeek ez dute egoera ulertzen. “Berehala konponbidea ematen dute. 'Etor daitezela gure etxera, etor daitezela gure eskolara', esaten dute”. Lekua egiteko prest daude. Baina posible ez dela erantzutean, “zergatik” galdetzen dute, eta gerrak “zergatik egiten diren” jakin nahi dute. “Azkenean, ondorioa betikoa da, dirua dago atzean. Batzuentzat negozioa da gerra”. Horrela, sinple konta daitekeela uste du Josunek.
Aldaketa
Lehen urte honetan jendearen kontzientzia “pixka bat mugiaraztea” lortu dute Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako lagunek. Jendea gaiarekin “kezkatuta” dago, eta hori diskurtso aldaketaren adierazle da. Gabonetan, esaterako, oihartzun mediatiko handia lortu zuen plataformak Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte zortzi errefuxiatu autokarabana batean Greziatik Euskal Herrira ekartzen ahalegindu zirenean. “Egunero telebistan egon ginen, eta mundu honetan telebistan agertzen ez dena ez da existitzen”. Mikel eta Begori ekintza “txarto” atera zitzaien arren, aldaketak eragin zituen. “Orduan mugitu zen Urkullu”. Lehendakaria Italiara joan zen pasabide ziurrak ezagutzera bertatik bertara. “Bai Eusko Jaurlaritzak bai Nafarroako Gobernuak komunikatuak publiko egin zituzten, baita Arartekoak ere”.
Erakundeekin lanean jarraitzeko asmoa du plataformak aurrerantzean ere. Administrazio txikiagoekin, udalekin, hain zuzen ere 'harrera hiri eta herri' izan daitezen. Iruñeko eta Gasteizeko Udalek egin duten moduan Bilbok ere pauso hori eman dezan. Hori dela eta, martxoan Amnistia Internacional erakundeak elkarretaratzea egingo du Udaletxean Aburtok zuzentzen duen udal gobernuari urrats sendoagoak eskatzeko. Plataformako lagunak ere bertan egongo dira egitasmoa babesten.
Bilboko Udala ez da guztiz geldi egon. Errefuxiatuak hartzeko kontaktuak eginez jardun zuen eta diru partida bat ere gorde zuen beren-beregi horretarako, baina plana bertan behera geratu zen “Rajoyk eta Europako agintariek mugak itxi eta kuotak ez betetzea erabaki zutenean”.
Grezia adibide, sarea beharrezkoa
Bada mugak itxi ez ditun herrialde bat: Grezia. Ondoan duen Mazedoniak itxi ditu, baina Greziak ez “daukan krisialdiarekin”. Hori dela eta, errefuxiatu asko eta asko bertan daude. Eredugarri dira Josunerentzat greziarrak erakutsi duten jarreragatik: “Jendea errefuxiatuekin dago, errefuxiatuei laguntzen; ateak zabaldu dizkiete”.
Greziako egoera eta greziarren lana ezagutzeko aukera izan zuten Bizkaiko plataformako kideek joan de udan estatuko eta Europa osoko beste plataformetako kideekin batera antolatutako karabanari esker. Sare bat osatzeraino. “Elkartu behar dugu eta bat eginik izango du zeozer aldatzeko aukera, banan-banan ez baitago zereginik”, dio Josunek.
Auzoak eta Gernika
Bizkaiko plataformaren baitan herriz herri eta auzoz auzo plataforma txikiagoak sortu dira. Bilbon, adibidez, Deustualdean, Iralan, Bilbo Zaharra-San Frantzisko aldean… Santutxun bilera eta hitzaldi bana antolatu dituzte, eta 15 bat lagun prest agertu dira lantaldea eratzeko. Castaños eta Uribarrin ere beste horrenbeste.
Izan ere, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren 2017ko erronka, Gernikako bonbardaketaren 80. urtemugan, “Gernika gehiagorik ez” mezua zabaltzea da. Kanpaina “potentea” izango dela adierazi dute, eta gauzatzeko “beharrezko da auzoetara eta herrietara heltzea, jendeagandik hurbil egotea”.
“Europako mugetan gertatzen ari den sarraskia” salatu eta “munduan 65 milioi pertsona baino gehiagok pairatzen duten gerra eta sufrimendu egoerari” irtenbide bat eskatzeko ekitaldia izango da apirilaren 29 eta 30ekoa.
Egun horietan, Gernikan, mobilizazio jendetsurako deia egin dute plataformatik. Euskal Herriko eta nazioarteko herritarrek “gerrarik ez” aldarrikatzeaz batera, babesa adieraziko diete migratzaile eta errefuxiatuei. “Gobernuen pasibotasunaren” aurkako jarrera agertu eta egungo egoerari “berehalako erantzun eraginkorrak” planteatu eta eskatuko dituzte.